Apurtuta

Bizitzan zehar, askotan aldatu naiz etxez, gutariko asko bezalaxe. Behin bakarrik, baina, etxe berri-berria estreinatu dut. Mihise zuri baten margotzen hastea bezalakoa da, den-dena estreinakoz erabiltzen hasten baitzara, izango denaren marrazkia zeuk egiten duzu eta. Etxetresna elektriko guztiek berritasunaren usain berezi hori zekarten, eta instalatzaile bakoitzak mahai gainean uzten zizkigun eskuliburuak irakurri behar izan genituen nola erabili ikasteko. Liburuki horiek gordetzeko esan ziguten guztiek, berme-kontua ez galtzeko. Hasiera berria izan zen: hozkailua, garbigailua, labea eta indukzio-plaka distiratsuekin batera ekin genion geuk ere bizitza berriari.

Bizitzan, baina, gutxi irauten du berriak, eta urte gutxi batzuen buruan, etxetresna elektriko berri zoragarri horiek guztiak, banan-banan, akidura-seinaleak ematen hasi ziren. Hozkailuak zauritutako animalia zirudien bere orroekin, labeari erre-usaina zerion etengabe eta garbigailua, batek daki zergatik, ura kanporatzen hasi zen barrura gorde beharrean. Urtebeteko aldean, etxeko elektratresna guztiak aldatu behar izan genituen, ordurako, itxuraz, apurtutakoa lehengoratzeko modurik ez zegoelako kasu ia guztietan. “Ez du konpontzeak merezi”, esan ziguten baten, bitan eta galdetzera joan ginen guztietan.

Bizitzan gauzak apurtu egiten dira, jakina, baina dena ia batera apurtzea ez da bizitzaren legea, neurri gabeko lukurreriarena baizik.

Europak zuzentarau berria zabaldu du, albait azkarren kide diren estatuek garatu beharrekoa. Horren arabera, etxeko elektratresnen iraunaldi mugatua konpontzeko eskubidea izango dugu herritarrok, ekoizleak behartuta egongo baitira, legez, berme-aldia gaindituta ere, irtenbide bat eskaintzeko etxetresna matxuratzen denean, ordezko piezak izateko eta produktua merkatuan eskuragarria egongo den katalogazio-aldia zabaltzeko. Hamar urteko epean gutxienez, apurtutakoa konpontzeko eskubidea bermatzea da honen helburua.

Informazio gehiago Etxetresna zirkularrak?

Zahartze programatua deitzen dugun hori mugatzeko ahalegin handia egin nahi du Europak, abusuzko praktika hori interes orokorraren kontrakoa baita. Europar Batasuneko herrialdeek 35 milioi tona hondakin inguru eta 261 tona CO2 sortzen dituzte urtean etxetresna elektrikoen zahartze programatuaren erruz, konpoketa txiki batez berriro martxan egon litezkeen aparatuak baztertzen diren aldiro kontsumoaren gurpila zoroa berriro martxan jartzea beste erremediorik ez baitago. Bada, horren aurrean, Batasuneko kontsumitzaileek hondatutako produktuak konpontzeko duten eskubidea bermatu nahi da, baliabideak xahutzea saihesteko, sistema ekonomiko zirkularragoa bultzatzeko eta dirua aurreztu ahal izateko. Izan ere, konpondu beharrean etxetresnak botatzearen kostua ia 12.000 milioi eurokoa da urtean. Konponketaren industria berria (etimologikoki kontraesan zoragarria bada ere) sustatuko da, eta Batzordearen kalkuluen arabera, 4.800 milioi euroko urteko inbertsioak egingo dira estatu kideek zuzentaraua aplikatzen dutenean.

Kontu zaharra da hau, 1924. urtekoa baita produktu baten iraunaldia mugatzeko ezagutzen den lehen erabaki ofiziala. Urte hartan munduko bonbilla-ekoizle nagusiak Genevan elkartu ziren, eta ordura arte 2.500 orduko iraupena izan zezaketen bonbillen diseinua aldatzea erabaki zuten gehienez 1.000 ordutara iristeko, horrek produktuaren beharra handitu, kontsumoa areagotu eta beraz, ekoizleen mozkinak handituko zituelako. Phoebus deitu zioten ekimenari.

Bizitzan gauza guztiek erabilera mugatua izan ohi dute, baina zinez bidegabea da denbora hori interes ekonomiko opakoen arabera mugatzea, interes horiek gutxi batzuei bakarrik egiten baitiete mesede eta guztioi egiten baitigute kalte.

Bizitzan dena hondatu daiteke, baina konpontzeko eskubidea aldarrikatu beharko genuke, honetan eta makina bat arlota. Bigarren aukerak ez dira opari bat, eskubide bat baizik.

Gaurko nabarmenduak
irakurrienaK