Apustua egin behar da

Joan den asteko titularren errepaso bizkorra eginda, hitz bera ageri da behin eta berriro: "apustua". Adibide pare bat jarraian.

Kosta egin da, baina iritsi da azkenik inor erabat asebete ez duen erabakia. Europar Batasunaren arabera, erronka klimatikoari aurre egiteko erregai fosilak baztertzearen aldeko apustua egin behar da. Alemaniak presio handia egin du azken unera arte, bertako autogintzaren kaltetan delakoan, baina azkenean nola edo hala lortu da konponbidea, trantsizioaren aldian sortuko den negozio-aukeraren peskizan. Horren haritik, gurean, Petronorreko iturriek berehala azpimarratu dute aspaldian erregai sintetikoen alde egin zuten apustua zuzena zela baieztatzen duela iragarpen horrek.

Kosta egin da, baina azkenean Donostian aurkeztu da mundu osoko seigarren ordenagailu kuantikoa, azpiegitura-lanak amaitutakoan bertan kokatuko dena. 120 milioi euroko inbertsioa egingo dute herri-erakundeek eta zenbait enpresa pribatuk, euskal quantum valley izango denaren ernamuina bertan gara dadin, horrek aparteko gaitasunak eskuratuko dizkigulakoan. Aurkezpenean behin eta berriro errepikatu zuten hauxe dela apustua egiteko unea, gero beranduegi izango delakoan.

Wikipedian horrela jasotzen da "apustua" hitza: "Joko mota bat da, non galtzaileek dirua edo aurretik erabakitako beste zerbait eman beharko dieten irabazleei". Gurean tradizio handia du apustuak, iturri berberaren arabera, XVI. mendekoak dira dokumentu-lekukorik zaharrenak. Hitzaren eremu semantikoa zabalduz, Harluxet Hiztegia jokotik aldendu egiten da eta ondokoa dakar: "Iritzi desberdineko alde bi edo gehiagoren arteko hitzarmena, arrazoia duenak aldez aurretik hitzartutako kopuru bat edo beste edozer bereganatzean datzana".

Iturrietara jo gabe ere, erraz ulertzen dugu zein den hitzetik hortzera darabilgun hitzaren esangura: ziurtzat ematerik ez dagoen zerbaiten alde posizioa hartzea, maiz logikaren kontra, beti arrisku handiak hartuta eta eskuarki lehendik finkaturiko bisio edo estrategia baten ondorio gisa.

Enpresa-erabaki guztiak ez dira apustuak. Zerbaiten inguruan erabateko ziurtasuna dagoenean pausoa egitea deliberatzen denean, inbertsioa, aldaketa edo dena delakoa egingo du enpresak, ez apustu bat. Sarrerak webgune bidez saltzea erabaki duen enpresak (bai, oraindik asko eta asko daude hor zalantza egiten) ez du apustua egiten. Beranduegi eta arnasa estututa hartzen diren erabakiak ez dira apustuak, alferrikako ariketak baizik, salbuespenak salbuespen, berandu abiatzen dena ez baita garaiz iristen.

Erabaki guztiak ez dira apustu, asko eta asko marketin-ariketa hutsak dira, edo gau bateko beroaldi moduko burutazioak, apetak. Aldez aurretik etorkizun-estimazioa egin ez bada, neurtu ez badira delako erabakiak eskatzen dituen egokitzapenak, egoki eta tentuz analizatu ez badira arrakastarako gakoak eta horiekiko aukerak, orduan, ez da apustu serioa. Ziurtatu ez bada erabaki horri eusteko behar diren baliabideak edo konpromisoak ez direla etengo berehalakoan eta gauzatzeko behar den denboran luzatu ahal izango dela, orduan, hori ez da apustua, arduragabekeria hutsa baizik. Bisio estrategikoa jokoan jarriz aurrekariak eta proiekzioak ongi neurtu gabe hartzen diren erabakiei ezin zaie apustu esan; kasurik onenean, ateraldi edo okurrentzia xelebreak izango dira, ia-ia beti oso garesti ordaintzen direnak, gainera (hitzaren adiera zehatzaz).

Apustuak ausardia eskatzen du, arriskuak dakartzalako berekin bat, apustua gaizki ere atera daitekeelako, definizioz. Ez dago beste biderik. Dakiguna egiten jarraitzeari kudeatzea esaten zaio, eta gaur egungo eraldaketaren ingurumarian ez du ematen nahikoa izango denik.

Gaurko nabarmenduak
irakurrienaK