• IRITZIA
  • Aramaio, ustelkeria eta Rider Legea

Aramaio, ustelkeria eta Rider Legea

2026eko otsailaren 4a
elena laka

Goiena hedabidearen bitartez jakin dugu urtarrilean Aramaioko Udalak aurkako bi epai jaso dituela, bata euskara teknikariaren lanpostua esleitzeko prozeduraren inguruan, Administrazioarekiko auzien epaitegikoa, bigarrena kultur etxeko langileen inguruan, Lan epaitegiak emandakoa. Bietan epaitegiek arrazoia eman diete udalaren kontra epai bidera jo zuten herritarrei: lehenengoan, euskara teknikariaren plaza betetzeko izendapenaren aurka egin zuen hautaketa prozesuan parte hartu zuen pertsonari, epaitegiak ebazten duelako ez zizkiotela kontutan hartu baldintzak betetzen zituela eta informazio, publizitate eta gardentasunez ez zelako jokatu. Epaietako bigarrenak Aramaioko Udaleko langiletzat hartzen ditu hogei urtez inguru udalarentzat enpresa baten bitartez autonomo moduan lan egin zuten bi langileei.

 

Aramaio herri txikia da, 1.300 biztanle gutxi gorabehera, eta ohiz gutxi ateratzen da albisteetan. Horregatik iruditu zitzaidan harrigarria urtarrilaren bukaeran Aramaio berbagai izatea berriro hedabideetan. Iñaki Guridi kazetariak Euskadi Irratian Aitor Esteban jeltzaleari egindako elkarrizketan, politikariak Aramaioko Udalak ustelkeriagatiko bi kondena jaso berri zituela aipatu zuen. Pentsatzekoa da bi epai horietaz arituko zela.

Politikari edo funtzionarioen ustelkeria lege penalek zigortzen dituzten jarrera batzuei lotzen diogu: fondo publikoak bidegabe erabiltzea, eroskeria, influentzia trafikoa, gehiegikeria bere eginkizuna betetzerakoan, prebarikazioa. Guztietan salaketa penal bat dago tarteko, ikerketa bat, epaiketa bat eta epai bat, errugabe edo errudun deklaratzen duena eta zigorra ezar dezakeena: kartzela, isunak etab.

 

Orain arte behintzat ez da ustelkeriatzat hartu Administrazioan hain ohiko den honako jarduera hau: zerbitzu publiko bat emateko langileak kontratatu ordez, enpresa bat kontratatu (ziur asko udalaren beraren gomendioei jarraituta), Aramaioren kasuan, bi pertsona autonomok sortutako enpresa bat berariaz eta bakar-bakarrik zerbitzu hori emateko erabiltzen zena. Merke eta eroso Administrazioarentzat: lan harremanetik kanpo, fakturak ordaindu beste obligaziorik ez du hartzen.

Kasu horretan epaitegiak baloratu du autonomo horiek egiten zuten lanak menpeko lan harremanaren baldintza guztiak betetzen zituela:

  • Udalak jarritako ordutegia bete behar zuten
  • Lana egiteko materiala beti udalak ematen zuen
  • Enpresak hilero kopuru bereko faktura pasatzen zion udalari
  • Enpresak ez zeukan udalaz besteko beste bezerorik

Lan esparruko harremanaren ezaugarrien artean daude ajenitatea eta beste batekiko menpekotasuna, langilea enplegatzaileak egiten duen antolaketaren eta zuzendaritzaren menpe egotea eta langileak ez izatea lanaren edukia zehazteko gaitasunik, baizik eta gaitasun hori enplegatzailearen eskuetan egotea.

Alegia, besteak beste, eta parekotasuna topatze aldera, Aramaioko udalari, plataforma digital barik baina Rider Legeak erregulatu nahi izan zituen autonomo faltsuena gertatu zaio.

Bilaketa azkar bat eginda, azken 25 urteotan sei epai ateratzen dira EAEko Justizia Auzitegi Nagusian zeinetan EAEko udalen baten kontra ebatzi den, langile autonomo faltsuak lan harreman baten menpeko direla deklaratuz.

Administrazio batek autonomo faltsuak kontratatzeko praktika ustelkeria mota bat dela onartzen da orain ardura politikoak dituztenen aldetik.