Gure herrian dugun talentuaz hitz egiten dugu ahoa bete-bete eginda; hezkuntza kalitatea, punta-puntako profesionalak... guztian liderrak garela nabarmenduz aritzen gara uneoro. Eta neurri batean, ezin uka hori horrela dela, edota orain arte izan dela, behintzat. Arduratsutzat ere baneukan gure gizartea, taldearen gidari eta bidelagun izatea izan ohi baitute askok eta askok jomuga. Gizartea aldatzen doan heinean, ordea, enpresetako rolak ere bide beretik doaz.
Berekoiagoak, bakartiagoak, beldurtiagoak, diruzaleagoak, azalekoagoak... bai horixe, gure enpresetan ditugun partaide gero eta gehiagori jarri geniezaieke kalifikatzaile hauetakoren bat (edo batzuk). Belaunaldi berriak lantokira datoz, egitekoak bete, eta alde egiteko ordua heldu bezain pronto, agur. Lantokia diru-tokitzat soilik dute askok, eta ez harremanak saretzeko edota talde-lana sendotzeko txoko gisa.
Buruzagi izatea ez da gaur egungo gazteen ametsa. Lasaitasuna, bakea, kezkarik gabe bizitzea... edozein prezioren gainetik jartzen dute, eta horrela dio Bussines Insider aldizkariak argitaratutako ikerketa batek, hau da, 10etik 7k nahiago du dagoen maila profesional berean mantendu, eta ez du inongo desirarik kategoriaz igotzeko. Izan ere, datuak argiak dira: ardura edota zuzendaritza postuetan daudenen %75 estresatuta edota nekatuta bizi da.
Bizitza pertsonal eta profesionalaren arteko oreka, ardura hitzaren antonimo direla esan genezake; ardurak lotura du edozein ordutan prest egon beharrarekin, lanaldiak edonoiz luzatzeko erabilgarritasunarekin, eta gauero hainbat buruhauste izatearekin; ez, hori ez. Lana goizez baino ez, asteburuetan ezta pentsatu ere, eta soldata, ba, soldata kaxkarra bada sofatik altxatu ere ez.
Hori ez dator bat gaur egungo bizi-estiloarekin, edozein erantzukizunek ikaratzen baikaitu. Etxeko sukaldeko arrosa landarea zaintzeko gai ez bagara, nola eramango dugu aurrera enpresa oso bat? Gizarteak ardurak hartzeari beldurra dio, nagia, utzikeria, mesfidantza... arrazoiak dozenaka dira, baina, enpresen arazo iturri ere bada, gero eta gehiago kostatzen baita zuzendaritza postuak betetzea.
Egoerak eta bizi-estiloak agintzen du, eta nola ez, enpresei egokitzea dagokie. Lidergo postuak erakargarriak izan daitezen ezinbestekoa da arlo profesionala eta pertsonala uztartzea, lan zamak arindu eta buru-osasunari arreta handiagoa jartzea. Atzetik datozenek argi dute, bizitza ez da lana soilik, bizitzaz gozatzen dakite, bidaiatu nahi dute, etxekoekin egon, haurrak zaindu, familiaz gozatu, eta ez eguna bulego zuloan pasa. Zertarako izan dirua, ezin badugu pribilegioaz disfrutatu?
Gazteak ez ditu diruak soilik erakarriko, kalitatezko enpleguak baizik.