Argazkia

Talde-argazkia egin dugu adiskideok urruti bizi den aspaldiko lagun baten urtebetetzea dela eta, hari bidaltzeko. Kokatu gara modu txukun samar baten, denok argazkian kabitzeko moduan: elkarren ondoan jarri gara, bat aurreraxeago kokatu da, beste bat haren ondoan, eta konposizio logikoa dirudiena lortzea kosta zaigun arren, egin dugu, azkenik. Bat, bi edo hiru egin ditugu, aukeratu ahal izateko. Talde-argazki bat egin behar izan duen edonork ongi baino hobeto daki ezinezkoa dela denok gustura gelditzea. Urliak begiak itxi ditu, sendiak irribarre egin nahi zuen baina oso keinu arraroarekin irten da. Desastre hutsa denik ezin esan, baten batek ederki islatuta ikusten baitu bere burua. Talde-argazkiak kimera hutsak dira.

Halakoxeak dira, halaber, hauteskunde-emaitzak.

Ez naiz alderdiek egunotan egingo dituzten balorazioez ari, zaude lasai, irakurle. Talde-argazki horretan, ertzetako zatiei begiratu nahi diet, aginte-banaketarako aukerez baino, herri gisa gure buruaz erakutsi dugunari erreparatu nahi nioke nik.

Zein gara argazki horretan ageri garenak? Hauxe da nire buruari egite diodan lehen galdera. Zenbat albiste-ordu, iritzi-artikulu, kronika, propaganda-saio, eztabaida eta agerraldi izan dira azken bi aste hauetan? Kontaezinak. Zenbateko inbertsioa egin dugu, herri modura, joan den igandeko hitzorduan gutako bakoitzak bere esana izan zezan modu “heldu” batez, hau da, alderdi bakoitzak zer eskaintzen duen, zein herri-ikuspegi duen, zein aukera eskaintzen digun aztertuta, hausnartuta, botoa eman genezan? Alferrik izan da, neurri baten.

Herritarrok, oro har, atxikimendu txikia erakutsi dugu demokrazia partehartzaileak gure gain uzten duen ardura nagusiarekiko. Gure lana hautestontzietara joatea da, baina huts egin dugu. Abstentzioa altua izan da, kalapita izan gabe ere, maila esanguratsua izan du eta, kezkagarriagoa dena, ez nau harritzen. Politikaren kudeaketa profesionala erabat urrundu da pertsonen bizitzetatik eta ereindako uzta da jasotzen ari garena. Hamarretik ia lauri ez zaio interesgarri, komenigarri edo beharrezko iruditu bere botoarekin bere herria nolakoa izatea nahi duen adieraztea. Beste behin ere, abstentzioa gure gizartea zeharkatzen duten desberdintasunen isla izan da: gutxiago mobilizatu dira egoera sozio-ekonomiko larriena pairatzen dutenak eta gazteak: bere buruak botere eta herrigintzatik urrutiago ikusten dutenak. Desberdintasunak areagotzera egiten duen gizartea da gurea, eta sistema politikoak areagotu egiten ditu desberdintasunak. Talde-argazki horretan ez gaude guztiak, eta gero eta jende gehiagok aukeratu du bertan parte ez izatea. Talde-argazki hori pribilegiatuok ateratako selfie moduko bat ez ote den zalantza egiten dut.

Talde-argazkian, baina, oso zantzu positiboak ere ikusten ditut; askotariko jendea dago, kolore desberdinekoa, neurri desberdinekoa. Talde-argazkiak aniztasuna islatzen du eta hori, berez, ona da. Kolore bakarreko argazkiak, oro har, ñabardurarik gabeak dira, errealitatea ez bezalakoak, hain justu ere. Aniztasuna kudeatzea ez da erraza, baina herrigintza erraza zenik nork esan zuen? Aniztasunak proiektu eta amets desberdinak ditugula erakusten digu, eta ni neuk, behintzat, ez nuke iritzi bakarreko herri baten bizi nahiko. Talde-argazki anitz hori ez da igandean sortu, lehenagotik zetorren, baina orain agerira atera da, eta aukera ezin hobea dugu behingoz garai berrietarako behar ditugu eztabaidak mahai gainean jartzeko. Kapaz izango ote gara? Beharko.

Joan den igandeko argazkiak ez du errealitate berri bat sortu: lehendik zegoena, garena, islatu baino ez du egin. Egongo da posizio zentralean egotea merezi zuela uste izango duena, eta baita orain espazio handiagoa hartzea dagokiola eskatuko duena ere. Kosta egiten bada ere, beti lortzen da talde-argazki txukun samar bat. Hori da kontua, behar beste negoziatzea irudi horrek guztiok ahalik eta hobekien isla gaitzan. Eta guztioi interesatzen zaigu, irudi horrekin etorkizuna eraikitzen jarraitu behar dugulako.

Gaurko nabarmenduak
irakurrienaK