Joan den astelehenean, bideo-bilera egiten ari ginen EnpresaBIDEAko hiru lankide eta bat-batean, pantailak itzali egin ziren. Gure etxean segurtasun-argitxoa piztu zen sistema elektrikoaren hutsa adieraziz eta whatsapp taldera idatzi nuen Meñakan argirik gabe geundela esateko. Beste horrenbeste egin zuen Karolek Donostiatik eta berehala mezu berbera bidali zuen Maitek Deriotik eta handik gutxira, berdin Nikok Bilbotik. Harrituta geunden, baina mutu geratu ginen Garaziren mezua jaso genuenean esanez Lisboan ere pantailak eta argiak itzalita zeudela.
Ez dira beti sistema osoak erortzen direnak, sarri funtsezko pieza bat da huts egiten duena eta gainerakoa, ondorioak besterik ez dira. Apirilaren 28ko itzalaldiak ez zuen den-dena gelditu, baina denok gelditu behar izan genuen gure lehentasunen mapan sekula aipatzen ez dugun oinarrizko horrek huts egin zuelako. Bulegoak, etxeak, zerbitzariak… dena gelditu egin zen eta deserosotasun oso erreala izan zen, baita izua ere. Oraindik ez dakigu zehazki zerk huts egin zuen, baina ez zen sistema osoa kolapsatu zena, hala ematen bazuen ere. Nahikoa da oinarrian datzan pieza batek ez funtzionatzea, sistema eten egiteko.
Hurrengo egunean bezero batekin elkartu nintzen eta noski, hizpide izan genuen aurreko eguneko kalapita. Enpresako kontingentzia-planez hitz egin genuen, eta baita, arrisku-mapak urtean behin berritu egiten dituztela eta, hurrengoetarako argindarra etetea aurreikusi behar ote duten ere. Bezeroak esan zidan normalean teknologia-egokitzapena, konpetentziaren gaitasunak, merkatuen hegazkortasuna eta enparauak behatzen dituztela arriskuak aurreikusi ahal izateko, baina sekula ez dute azpiegitura fisikoa kuestionatu, eredu “digitala” baita berea. Itzalaldiak erakutsi digu oinarriek egiten dutela posible berrikuntza bera, eta oinarri horietako bat hausten denean —energia-zentro bat, sarearen pieza bat, mantentze-lan batean huts bat—, gainerako guztia atzetik erortzen dela, domino-pieza moduan. Ezin da berritu, ezin da hazkunde bila abiatu, oinarriak sendo finkatu gabe.
Ordenagailuek funtzionatzen jarraitu zuten, baina argindarrik gabe geundenez, alferrik zen beren konputazio-gaitasun liluragarri hura guzia. Munduko prestazio teknologikorik harrigarrienak dituen azken belaunaldiko eskuko telefonorik potenteenak ere isilik geratu ziren joan den astelehenean, ez Silicon Valleyko baizik eta Sollubeko antenetara ez zelako argindarra heltzen.
Joan den asteko itzalaldiak maiz enpresetan ikusten dugun gaitzaz gogoeta egiteko aukera eman zidan. Den-denak oso konplexua dela ematen du piezaz pieza desegin eta bere soiltasunean aztertzen dugun arte. Errealitatea biluztu egiten dugunean, hezurdura ikusten diogunean enpresari edo negozio-ereduari, orduan bai, antzeman dezakegu zer den kausa eta zer ondorio.
Segurutzat jotzen dugu ia beti seguru izaten duguna, salbuespenetan baino, egonkor mantentzen dena. Nola bizitzan hala enpresan, baina, oinarri-oinarrizko horrek noizbait huts egin lezakeela ez genuke ahaztu behar. "Funtsezkoa ikusiezina da begientzat" idatzi zuen Antoine de Saint-Exupéry-k Printze Txikia idazlanean, eta joan den asteko itzalaldiak oinarri-oinarrizkoaren garrantzia ikusteko balio izan du. Maiz, izan ere, argirik gabe ikusten da argien.