Duela hilabete batzuk, gure lantaldean adimen artifizialaren inguruko bilerak egiten hasi ginen. Denok genituen ideiak: tresna berriak, automatizazioak, testuen analisiak, prozesuak optimizatzeko aukerak... “Hau guztia gure lanerako iraultza bat izan liteke” azpimarratzen genuen, eta baita haietako ideia batzuk aplikatu ere. Ordea, benetako berrikuntza estrategiko posibleak ziren horiek —produktu eta zerbitzu berriak, gure softwarearen migrazioa, etab— zailagoak egin zaizkigu aurrera eramaten, akaso foku eta arreta berezia behar dutelako epe luzera.
Azken urteotan, berrikuntza bihurtu da gure guztion hiztegi korporatiboaren liturgia berria: “berritu ala hil”, “disrupzio”, “pibotatu”, “testatu”, “eskalagarri egin”… baina ba al dugu berrikuntza prozesuetan sakontzeko arreta eta pazientziarik? Erabakiak hartu eta martxan jartzeko gaitasun handia du gizakiak, irudimen handikoak izan gaitezke nahi dugunean eta momentuko bulkaden baitan egiten ditugu gauzak gehienetan. Halaber, ariketatxo bat egin nahi nuke: zenbat ideia pentsatu dituzu azken urtean? Ideia horietatik, zenbat jarri dituzu martxan? Eta martxan jarri dituzun horien artean, zenbatek diraute gaur egun?
Ideiak eta grina soberan ditugu. Fokua eta arreta, ez hainbeste.
Egunerokoan nabaria da. Proiektu berri eta ugari hasten ditugu arlo profesional eta pertsonalean ere, baina heldutasunera iristeko zailtasun eta gabezi asko dugu. Askotan, ez da gaitasun faltagatik, arreta faltagatik baizik. Berrikuntza eta ideia baino, arreta bihurtu da azken urteotako funtsezko trebetasuna. Berrikuntzaren izenean azkar saiatzen gara, baina emaitzak heltzeko behar den pazientzia galtzen dugu bidean, eta ez gara gai “berrikuntza” deitzen dugun hori benetan materializatzeko. Esperimentatu egiten dugu, baina oso bestelakoa da esperimentuak elikatu, sostengatu eta ernatzea.
Lan-munduko datuek ere hori erakusten dute. Insightfulen arabera, langileriaren %92k uste du arreta galtzea dela gaur egungo laneko arazo nagusia. Kalkuluen arabera, distrakzioek urtean 700 ordu inguru galdarazten dizkigute, eta Economist Impacten arabera, langileen %42k ez dute ordu bat baino gehiago pasatzen etenik gabe lanean. Datu kuriosoak izan daitezke, baina berrikuntzaren aurkako oztopo isilena delakoan nago. Mikro-arreta gabezia izan daiteke bai, baina mikroan gertatzen den tendentzia ikuspegi makrora mugitzeko ohitura dugu.
Berrikuntza arreta gabean zarata bihurtzen da. Ideia berriak sortzen dira, baina ez dira gauzatzen. Prototipoak jaio eta hiltzen dira bulegoetan, eta prozesuak eten egiten dira lehen emaitzak ikusi aurretik. Arreta eta fokua dira baliabide estrategikoenak berrikuntzaz ari garenean gaur egun, ez dirua. Dirua topatzen da; arreta eta pertseberantzia, ez hain erraz.
Gauzak azkar doazen garaiotan, arreta jartzea da berrikuntza erradikala. Berrikuntzak prozesuaren jarraipena eta zaintza eskatzen du, ez euforia eta berehalako bulkada. Adimen artifizialaren gorakadak bigarren berrikuntza honen eredu ugari erakusten ari zaizkigu. Booma bilatzen duten enpresa asko dago, baina benetan epe luzera lan egin eta berrikuntza errealitate berri bilakatzekoak, ez hainbeste.