Aseguruak, arriskuari aurre egiteko tresna eta arriskupean

Klima aldaketaren ondorioz muturreko gertakariak areagotzen ari dira, kalte ekonomiko eta pertsonal larriak sortuz. 1980 eta 2021 urte artean, muturreko fenomeno klimatikoek 560.000 milioi euroko galera ekonomikoa eragin zuten Europar Batasunean. Horietatik %10 inguru, 2021etik aurrera gertatu dira. Estatu Batuetan 2022an 18 gertakari izan ziren, 474 hildako eta 175.000 dolarreko kalteak eraginez. Munduan, Pakistanen iaz jazotako uholdeek 30.000 milioi dolarreko kalteak eragin zituzten, eta 7 milioi desplazatu. 2022ko hamar gertakari garestienek 3.000 milioi dolar edo gehiagoko eragina izan zuten. Litekeena da, gainera, benetako kostuak are handiagoak izatea, estimazio gehienak aseguratutako galeretan oinarritzen baitira.

Izan ere, aseguruak arriskua banatu eta transferitzeko tresna eraginkorra dira zenbait kasutan. Europan, esaterako, klimarekin lotutako gertakariek eragindako guztizko galera ekonomikoen laurden batek bakarrik dauka asegurua. Klima aldaketaren inpaktuei aurre egiteko, aseguruek paper garrantzitsua bete dezakete arlo desberdinetan, nekazaritzatik industriara, landa eremuetan zein hirietan. Arrisku klimatikoen aurkako aseguruek hondamendien eragin katastrofikoa murriztu dezakete, suspertze egokia ahalbidetuz.

Baina klima arriskuen areagotzeak aseguru enpresetan ere eragina izango du. Arriskuaren hazkundeak, eta honekin batera aseguru-erreklamazioenak, primen mailak handituko ditu denborarekin. Horrek kalte egin diezaioke klimarekin lotutako arriskuen aurrean estaldura duten aseguru-produktuen eskuragarritasunari. Honen ebidentziak badaude, esaterako Kalifornian bertan gertatutako sute handien ondorioz. Estatu hartako gobernuak egoera horri erantzun zion izendatutako hondamendi-eremuetan aseguruen ez-berritzea debekatuz.

Bestalde, primak garestitzeak aseguruen eskaria murriztea ekarriko du, eta horrek, kalte eta konpentsazioak beste iturri batzuen bidez finantzatzearen beharra, hala nola aurrezki pribatu edo gobernuaren konpentsazio funtsen bidez. Horretaz gain, primak handitzeak desberdintasun sozialak areagotu ditzake, diru-sarrera txikiak dituzten familiek aseguruak eskuratzeko arazoak okerrera egingo baitu.

Aseguruak tresna garrantzitsua izanda ere, klima aldaketaren ondorioz arriskupean izan daitezke.

Gaurko nabarmenduak
irakurrienaK