Komunikazio eta lidergo aholkularia

Atea zabaldu. Ala itxi

2026ko apirilaren 22a - 05:30
Aran Erasun 1

“Ehiztari bat zen, eta eskola bere elizbarrutia”. Horrela izendatu du biktimetako batek Patxi Ezkiaga irakaslearen aldetik jasotako sexu abusuen bizipena. Lau hamarkadetan zehar modu errepikatu eta sistematikoan gertatu zen La Salle eskolan, gutxienez 26 emakumeren kontra, hauek egindako salaketen arabera. Azken asteotan min berrietarako gertaeratzat hartu dute entitate horretako agintarien erabakia, erreparazio ekintza publikoa ez egitearena, alegia. 

 

40 urteotan bortxakeria matxistaren kontrako legeria sortu da, euskarri instituzional, juridiko eta normatiboak mugak jartzeko. Jarraibideak soilik ez, betebeharrak. 2007tik hona sortu diren lege eta arauek “gertatzen bada protokoloak izatea” eredutik “biolentziarik gabeko ingurune seguruak bermatuko dituzten” hezurduretara bidea egin dute, edo horretan ari dira. Baina aldatu ez diren alde gehiegi topatzen ditugu oraindik gure antolakundeen errealitateetan. 

Izan ere, gertakariok ispilu ditugu. Hezkuntza, enpresa edota instituzio antolakunde askok beren burua begiratu dezaten ispilu. Galdera ez baita kasu gehiago egongo ote diren, baizik eta zer egingo dugun gertatzen badira. Eta bereziki, zer ari garen egiten agertu ez daitezen. 

 

Gure segurtasun espazio pertsonala baimenik gabe zeharkatzen eta inbaditzen denean, neurri batean gure botere pertsonala lapurtzen digute. Eta “babes eta erreparazio espazio kolektiboak aktibatzen direnean”, Ana Rhodes Giza Gatazkaren Eraldaketarako Zentroko zuzendariari entzun nion bezala, “lapurtutakoa itzultzen diogu pertsona erasotuari”. Nola itzuli, antolakundearen aldetik? Zerbait aldatzeko konpromisoak hartuz, esaterako: jarrerak, jarduerarako baldintzak, egin daitekeenaren eta ezin daitekeenaren arteko mugak. “Hemendik aurrera hau eta hau ezberdin egingo dut eta dugu” argiak, alegia. 

Marra gorriak marrazten dira horrela, esplizitu egiten dira. Isiltasun batzuk ez baitira hitzen ausentzia, erabakiak baizik. Antolakundean izendatzen denak eta ez denak ere antolatzen dute, aitortzen dena edota pribatutasunaren eremura bideratzen dena. Eta erreparazioaren gako asko ertz horretan egosten dira. 

Kultura organizatiboak protokolo agerikoetan ikusarazten dira, baina baita indarrean dauden mugetan ere, ezerosotasuna sortzen denean sostengatzeko prest dauden horretan. Eta botere harremanak hor kudeatzen dira. Nork, nola eta zeren arabera erabakitzen duen zein erreparazio den baliogarri, ze baldintzetan, ze formatutan. Banaka eta pribatuan. Kolektiboki eta publikoan. Alde baterako ala besterako erabakiak. Marra gorrien alde banatara. 

Biolentzia matxisten biktimak ez dira sortzen ezerezetik, sistemen baitan sortzen dira. Botere desoreka eta erabilpen jakinen baitan, segurtasun eskaseko baldintzak sorrarazi dituzten egoeretan. Kulturaren parte baitira autoritate zalantza-ezinean oinarritu diren lidergoak ere. Lidergo indibidualak, erdigunean kokatzen direnak, eta maiz eragin eta prestigio geruza anitz pilatzen dituztenak: kultur erreferente, figura publiko eta ezagun, maisuaren eta jakinduriaren rola, gizona, aipatu dugun kasu honetan. 

Beldurra ematen du, eta isiltasuna biziraupen estrategia bilakatzen da, eguneroko keinu txikietan gorpuzten dena (dela eskua ez altxatzen bilkura edota klasean, dela erabaki baten inguruan iritzia edo zalantza ez erakusten…) eta baita gertakari hedatuagoetan ere, historiara pasatzen diren narratibetan, adibidez. 

Eredu horiek indarrean daudenean, edozein iritzi edota ikuspegi ezberdin zalantzan jartzearen gisa uler daiteke, eta ikuspegia hedatzea ospe gatazka. Mehatxua. Baina gaur egun badakigu ingurune eta antolamendu osasuntsuek boterea errebisatzeko baliabideekin eta erantzukizunarekin dutela lotura. Entzutea, gertakari isolatu baino, praktika iraunkor bilakatua. Begirada horretatik, aitortza eta erreparazioa ez dira ahulgunea, sistema eta antolakundea indartzen duten zerbait baizik. 

Erreparazio kolektiboari uko egitea ez baita erabaki komunikatiboa soilik, boterearen erabileraren inguruko erabakia da. Zer eraldatzeko borondatea dagoen agerian uzten duen adierazpena. Izan ere, aitortza publikoak betetzen duen papera ezin du bete banakako errekonozimenduak: biktimen errelatoari legitimazioa eskaintzen dio, eragindako minaren dimentsio estrukturala onartzen du, komunitateari dei egiten dio. Eta aldaketa kulturalei atea zabaltzen die. 

Beldurrean ala segurtasunean aldatu kulturak? Atearen bestaldeko aukerak. 

Atea zabaldu
Atea zabaldu | Argazkia: Aran Erasun