Frantziak aurkeztu berri duen PPE3 energia plan berriak sei erreaktore berri aurreikusten ditu, eta aldi berean, AEBetan, Googlek Duane Arnold zentral zaharra berpiztu nahi duela adierazi du, bere datu-zentroak hornitu beharrean direla justifikatuz. Hau dena azken asteotan. Zer ari da gertatzen? Badirudi adimen artifizialaren etorkizuna atomo berrien ekoizpenaren beharrean dela, eta herrialde eta erraldoi teknologikoak jada beren karta-jokoekin hasi dira.
Adimen artifizialaren paradigma berri honetan, aspaldi ohartu ginen elektroiak petrolio berria bihurtu direla, eta diskurtso horretan gero eta gehiago ari dira “AA izango bada, nuklearra izango dela” aurreratzen. Badirudi ahaztu egin zaigula gure inguruan aldaketa klimatikoak eragindako hondamendiak gertatu direla, eta orain, energia nuklearraren prozesu arriskutsuak eta hondakin erradioaktiboen kudeaketa konplexua gehitu nahi ditugu koktelean.
Duane Arnold bezalako erreaktoreek 70eko hamarkadako diseinua dute, eta batzuk nuklearra erabiltzearekin oso temati badaude ere, zentral bat berreraikitzea edo berrirekitzea ez da botoi bat sakatzea; segurtasun, lizentzia eta modernizazio prozesuak urteak eta milaka milioi euroko inbertsioa eskatuko ditu. Frantzia edo Estatu Batuak berdin zaizkigula esango luke edonork, baina horrelako apustuak nazioarte mailan eragiten duten proiektuak dira, ingurumenarentzako eta gizartearentzako mehatxu bilakatzen direlako. AAren aurrerapen teknologikoa justifikazio nahikoa al da zentralak berriztatzeko? AAren eskaera energetikoa benetan hain presazkoa bada, zentzuzkoa al da hamarkadak eskatzen dituen azpiegitura baten alde egitea?
Eztabaida horrek lehentasunak lausotzen ditu. Adimen artifizialaren sektoreak milaka megawatt —OpenAIren hitzetan— behar dituela dio, baina prest al gaude kontsumo-eredu hori sustatzeko? Datu-zentro erraldoiak eraikitzea eta eredu gero eta handiagoak entrenatzea naturaren baliabideen kontra egitea da, negozio-eredu jakin baten ondorioa; izan ere, efizientzia energetikoa, optimizazio algoritmikoa eta kontsumo-murrizketa ez dira lehen aukera —ezta bigarren— bezala agertzen, nahiz eta askoz azkarrago eta merkeago inplementa daitezkeen. Gainera, nuklearraren aldeko apustuak berriztagarrien garapena motelduko du: esaterako, Frantziako PPE3 planak eolikoaren eta fotovoltaikoaren anbizioa apaldu du, elektrifikazioa uste baino motelagoa dela argudiatuta. Orain arteko berriztagarrien aldeko argudiaketa ezerezean gelditzen da? Zentral handiak eta zentralizatuak indartzea ez da trantsizio demokratiko eta banatu baten sinonimoa, energia alorrean ere gerra betean sartu behar garenaren seinalea da.
Berriro ere boterearen banaketa auzitan dago. Energia nuklearrak kapital intentsiboa eskatzen du, estatu edo korporazio erraldoien —Google, Oracle, OpenIA, Microsoft…— esku geratzen dena. Aldiz, berriztagarriak lurraldean errotzeko eta komunitateen parte-hartzea ahalbidetzeko aukera eskaini dezake, eredu banatuago baten alde egiten duen ekonomia sustatuz. Gure energiaren ekoizpen eta kudeaketa ezin da soilik Big techen eta zentral erraldoien arteko itun batean oinarritu; adimen artifizialak etorkizuna irudikatu nahi badu, ezin du iraganeko energia-ereduetan kateatuta egon. Teknologia horren iraultzak efizientzia, sormena eta adimena predikatzen ditu, bada horiek aplikatzen hasiko bagina energia-ereduan bertan, agian ez genuke atomo zaharrik berpiztu beharrik izango.