Errepidera sartu berri nintzen autoarekin, eta Arabako lautadako zonalde horretan gertatzen ohi den bezala, auto gutxi zeuden errepide estuan. Zaldi-saldo bat trostan hurbiltzen ari zen errepiderantz, eta abiadura gutxitu nuen. Beren atzetik, landatik zehar, auto bat bozina jotzen. Basorantz hurbiltzen ari zirela, errepidera atera ziren nire aurretik, eta tarte bat egin zuten errei bat hartuta, zaldiak abiadan eta autoa bozinaka atzetik. Une batez artzain-txakur gisa ikusi nuen autoa, komunikazio-kode horrekin. Ez dakit zerk mugiarazten zituen zaldiak, eta zerk eraman zituen berriz ere landarezko norabidera, gure errepidea libre utzita.
Bakoitzak bozina ezberdin ulertuko genuen, baina denoi eragin zigun. Zaldiek beren ingurua beste modu batean hautematen dute. Begiak alboetan izateak ikuseremu zabala ematen die, atzealdearen zati handi bat ere hartzen duena, itsu-guneak badituzten arren. Belarriak mugituz soinuen jatorria kokatzen dute, eta kilometro askora daudenak ere suma ditzakete. Ustekabeko zarata batek erne jarri edo ihes-erantzuna eragin diezaieke. Izan ere, harrapakin-espezie baten biziraupenerako gaitasunak dituzte: inguruan zer gertatzen den jasotzea, aldaketak antzematea, erantzuteko prest egotea.
Bozinak zaldiak aztoratu ote zituen ez dakit, baina galdera buruan geratu zitzaidan: “Norbait korrika ikusten dugunean, nola dakigu helmugarantz doa ala norbaitengandik ihesi?”.
Asko estimatzen dugun lidergo gaitasuna da mugimenduarena. Norabidea markatzen duena, erabakia hartzen duena, zalantza luzatu gabe aurrera egiten duena. Beharrezkoak ditugu, talde lanerako eta edozein misio kolektibo aurrera eramateko. Baina soilik horri begiratzen badiogu, nekez bereiziko ditugu engaiamendua eta beldurra. Talde osoa abian egon baitaiteke, norabidearekin bat egin gabe.
Gertatzen zaigu lanean, hazkunde-helburuak iragartzen ditugunean, bezero bati baietz esaten diogunean, edota entrega-epe bat estutzean. Aukera ikusi duenak erabakia hartzen duela. Zer gertatzen da pilatuta dagoen lana ikusi gabe erabakitzen dugunean? Zeri diogu beldur egin gabe geratuko dena ikusteko? Ze engaiamendu dago lantaldeak hirugarrenez “ez gara iristen” esaten duenean?
Zaldiek gure aurpegietan eta ahotsetan emozio-seinaleak bereiz ditzaketela ikertu zuen Léa Lansadek, eta seinale horiek haiengan ere erantzun emozionala eragin dezaketela, baita taldearekiko joera eta sentikortasuna ez direla berak banako guztietan. Sekulako antenak dituztela, alegia. Talde coaching prozesuak zaldiekin batera egin ditugunean harritu nau honek. Presentzia irakasleak ditugu.
Eta gure lan-prozesuetan haiengandik ikasitakoa balia dezakegu. Baliabideetarako sarbidean nagusi den pertsona ez da nahitaez jarduera-aldaketa adierazten duena. Unearen eta egitekoaren arabera zaldi ezberdinek har dezakete ekimena, eta taldearen mugimendua hainbat kideren ekarpenetik sor daiteke. Gure enpresak antolatzeko errezetarik ez dugu hor, baina lider bakarraren irudiari galdera egiteko aukera bai.
Aurretik doanak zeruertza ikus dezake. Atzetik dagoenak, nor ari den geratzen. Erditik ari denak, elkarren berri ez duten bi sailen arteko korapiloa. Kanpotik begiratzen duenak (hau izaten da maiz gure lekua), barruan ohitura bihurtu den arriskua. Begirada horiek guztiak behar ditu antolakunde batek, eta elkarren eragina izateko bideak. Entzuteak erabakia aldatzeko aukerarik ez badakar, entzuna izatea tramite hutsa bilaka daiteke.
Eta gorputzek ematen dute egoeraren berri. Zaldietan beldurrak jarrera, mugimendua eta bihotz-maiztasuna aldatzen ditu. Gizakien emozioekin loturiko seinaleei ere erantzuten diete, usaimen bidezkoak barne. Ez dugu gaitasun berezirik behar gure bilkuretan ahotsak nola estutzen diren edo galderak nola desagertzen diren sumatzeko. Horiek interpretatu eta arakatzeko tartea behar dugu. Zenbatetan hartu duzu isiltasuna adostasun gisa?
Errepidera itzuli naiz. Zaldiak jada errepidetik kanpo, helmugari begira noa, eskuak bolantean. Atzerako ispiluan agertzen denak gure abiadura aldatzeko adina balio ote du?

Gehitu EnpresaBIDEA Google-ren iturri hobetsi gisa doan
Egon zaitez azken berriekin informatuta