Atzerritarrak atzitzen

2025eko maiatzaren 30a
elena laka

Maiatzaren 20az geroztik indarrean daukagu atzerritarrek Espainian dauzkaten eskubideak eta askatasunak, eta beraien gizarte integrazioa arautzen duen Erregelamendu berri bat. Nazionalitate espainiarra ez daukaten guztiei dagokie? Ez, Europar Batasunekoak ez diren atzerritarrei baino ez dagokie.

 

Erregelamendua bere izenaren jabe da, eta eskubideak, askatasunak eta gizarte integrazioa arautzen ditu? Ez, Europar Batasunekoak ez diren atzerritarrak lan-esku diren neurrian Espainian nola bizi eta lan egin dezaken arautzen du. Lanetik eta enplegutik abiatzen du Espainian bizi izateko eta ikasteko baimena.

Migrazioa errealitate bat den heinean, eta Espainiako gizarte zaharkituak lanerako eskuak behar dituen heinean, Erregelamenduak arauak jartzen ditu Espainiara sartzen diren migranteek lanari lotutako erresidentzia baimenak izan ditzaten eta lanpostu hutsak bete ditzaten.

 

Lanpostu hutsak edo eskari handia duten enpleguaren premiak izan daitezke goi mailako talentudunentzat ala gutxien ordaindutako zaintzaile lanentzat, tartean igeltseroak eta zerbitzariak. Lanpostu guztietarako eskatuko zaizkie paperak eta baimenak migranteei, baina nago, orain arte ikusitakoak ikusita, gehiago baimenak gehiago egongo direla bideratuta bigarren talde horretako langileak atzitzera lehen taldeko goi mailako lanpostuetakoak baino.

Erregelamenduaren berritasunen artean, honako hauek: erraztasunak jartzen zaizkio Espainian eskari handia duten enpleguetarako sartu nahi duen migranteari, eta ondorioz lan bilaketarako bisatua arautzen da, eta lanerako baimena eskuratu ahal du ikasten ari den ikaslea.

Berritasun ikusgarriena: orain arte Espainiako lurraldean ilegal zegoen migranteak, hiru urte eman behar zituen ekonomia beltzean lanean edo lanik egin ahal izan gabe sustraitze bidezko paperak eskatzeko. Hiru urteko epea bi urtera laburtu du Erregelamenduak, hemendik aurrera bi urte baino ez ditu eman beharko ekonomia beltzean migranteak. Bi urte nola pasatzen dituen, gizarte laguntzak jasotzen ote dituen ala ez eta bi urtetan nola biziko den ez da gobernuaren ardura.

Espainiako ekonomiari komeni zaion beste aldaketa bat: jatorrizko herrialdean kontratazioak egin ahal izango dira, nahi izanez gero, taldean. Eta gainera, denboraldiko lanetarako ere lan eta erresidentzia baimenak emango dira.

Alegia, migrazioaren inguruan Erregelamendu berriaren eskutik etorri den aldaketa lan mundutik eta enplegu premiatik etorri da, eta horretan, gutxi-asko, alderdi politiko guztiak bat datoz. Gobernuak ebatzi du lan eskua behar dela, berdin dio zein lan arlotan, goi edo behe, eta hortik dator atzerritarren eskubideak eta askatasunak erregulatzen dituen araudia aldatzeko premia. Aldaketa lanetik eta lanerako pentsatuta dago. Atzerritarrak lanerako atzitu ekonomiaren mesede.