Aurkia eta binperra

Hiriko bizimodua egiten dut herri inguru batean. Autoarekin etxeko garajeraino iristen naiz eta atzealdea inguruko baserritarrek beren aziendarekin bizirik mantentzen dituzten zelaietarantz irekitzen da. Gure bizilagun baserritarrentzat pintoreskoa da gure etxeko baratze txikia. Gurean nekazaritza-ustiapenak txikiak direla esan izan da, baina ez dakit dimentsioa ote den aintzat hartu beharko genukeen adierazlea. Txikia ala handia den baino, nire buruari galdetzen diot bizitzari eusteko neurrikoa ote den eredu hau.

XX. mendearen bigarren erdiko industrializazioak eta modernizazioak nekazaritzaren produktibitatea handitu zuten eta Europa bere soberakinak esportatzen zituen nekazaritza-potentzia bihurtu zuten. Produktibitatea gurtu egiten duen gure mundu honetan, arrakasta handia izan zen hori, baina berehala ikusi da horren binperra. Eredua krisian sartu da arrazoi askorengatik, baina honek ez du batere leuntzen nekazari askoren kaltea: ekoizpen-logika horretan harrapatuta, inpaktu ekologikoa gutxitu egin behar izan dute nahitaez, baina egokitzapenak ez du produktibitatean irabazirik ekarri, alderantziz baizik: inbertsioak egin dituzte eta zorrak dira nabarmen handitu diren bakarrak.

Lurretik bizitzea gutxi batzuek egiten duten hautua da gaur egun, baina hautu hori gabe, besteok ez ginateke biziko. Nekazaritza-sektorea Europako BPGaren %1,4 baino ez da, baina  ehuneko txiki hori elikadura-segurtasunaren giltza izateaz gain, etorkizun-bermea ere bada. Elikagaien produkzioa eta ekosistemen oreka, biak ala biak, lehen sektorearen ekarpen osagarriak direla uste izan da luzaroan, baina ikusi da argi banaezinak direla: ezin izango dugu neurri gabe ekoiztu planeta mugaraino eraman gabe.

Europak ez du orain arte asmatu soluzio argi, erraz eta erabat asebetegarririk ez duen auzian. Adibide bat baino ez da, baina adibide aski argia: pestiziden erabilerak produktibitatea handitzen du, baina landaren etorkizuneko gaitasuna hipotekatzen du eta nekazarien presioen aurrean, Europako agintariek debekua etetea erabaki dute. Sentikor jokatu dute protesten aurrean,  baina dagokien erantzukizunari izkina eginez.

Oreka zaila da, noski, eta horregatik, hain zuzen, zuhurtziaz jokatzea da botere publikoei eska dakiekeen minimoa: ezinbestekoa da belaunaldi honekiko eta hurrengo belaunaldiekiko erantzukizun-zentzua duten erabakiak hartzea. Txanponak bi alde ditu, orainaren aurkia, etorkizunaren binperra. Eta biak dira ezinbesteko.

Gaurko nabarmenduak
irakurrienaK