AFM Clusterreko zuzendari orokorra

Aurrera

2026eko martxoaren 2a
Sin título

Gure mundu borobilak bueltaka jarraitzen badu ere, ibilbidearen abiadurak, ziurgabetasunak nahiz kontraesankortasunak zeharo aztoratu behar gaitu. Ba al dago eraldaketarik jasaten ari ez den arlorik? Geopolitika, komertzioa, jasangarritasuna, mugikortasuna, adimen artifiziala… Industriarentzat guztiek dakartzate ondorioak eta  arriskuak, baina baita aukerak ere.

 

Testuinguru zalapartatsu honetan, ekoizpen aurreratuak eta makina-erremintak aurrera egiten jarraitu behar du. Gure ekarpena beste industria sektoreei lehiakortasuna bermatzean datza, gurea zorrozten dugun aldi berean. Oinarrizko eta ezinbesteko aktibitatea gara gure gizarte industrialean.

Konpetentzia geroz eta handiagoa izanda eta Txinaren itzala nabarmenki zabaltzen ari dela, teknologian, aplikazioetan zein posizionamenduan desberdintzea geroz eta garrantzitsuagoa eta zailagoa da. Gure makina-erreminta industriari ezinezkoa zaio balio gutxi eta kantitate handiko merkatuetan lehiatzea, eta zorionez urteak dira hori aurreikusten eta beste bide batzuk jorratzen asmatu genuela.  Ikerketa, garapen eta berrikuntzan inbertsio sendoak egin ditugu eta horrek gure iraunkortasuna hezurmamitzen du. Gure neurrian, Euskal Herria munduan ezaguna da bere gaitasun industrialei esker.

 

Baina nola mantendu, nola garatu, posizio lehiakor hau? Puntako teknologia daramaten balio erantsi handiko produktuak ekoitziz, aplikazio berezi eta konplexuentzat, gertutasun eta zerbitzu ezin hobeekin. Hori gutxi ez, eta abiadura are azkarragoaren beharra ate joka daukagu, merkaturatze eraginkorrak erdiesteko, zuzen ordaintzeko ahalmena daukaten bezeroentzat. Lan eskerga ezbairik gabe, honaino eraman gaituzten trebezien eskutik: inbertitzea, arriskatzea, eta etengabeko lan ona bultzatzea. Eta bide beretik jarraituko dugu.

Dena ondo irten dadin, gure enpresek beste herrialdetakoek duten eremu berdinean eta baldintza bertsuekin jarduteko aukera izan behar dute. Hartara, ezinbestekoa da administrazioaren lana eta babesa, eraldatze eta inbertsio prozesuetan lagun izatean ez ezik, esandako lehia eremu juxtuak eta konparagarriak defendatzen. Elkarlan publiko- pribatuaren emaitza arrakastatsua ere bagara, eta honen behar are nabarmenagoa sumatzen dugularik, irmoki aldarrikatzen dugu. Honi eutsiz, gurean jarraituz, iritsiko zaizkigu aukera berri ugari. Aurrera!