Ekintzailea eta Osoigo plataformaren fundatzailea

Aurrezki azkarraren mitoa

2025eko azaroaren 17a
xabi murua 2022

Euskal gizartean —eta gainontzeko herrialdeetan— ekonomiaren ulermen sakonik ez dugu inoiz izan. Aldiz, cryptobro kulturaren eta finantza-fantasia digitalen hedapen bizkorrak ez du etenik izan, batez ere gazteenen artean. YouTube eta Instagram dira egungo gazteen telebista, eta horietan bideoak egiten dituzten batzuk erreferente bilakatu dira —askotan inolako titulurik, esperientziarik edo erantzukizunik gabe—. Milaka gaztek jarraitzen dituzte beren inbertsio magikoen, askatasun finantzario azkarren eta “sistema bankario tradizionalaren aurkako iraultza digitalaren” promesak. Bien bitartean, ez gara gai nomina bat irakurtzeko, ez dakigu PFEZ zer den, ezta aurrezteko egin beharreko oinarrizko pausoak zeintzuk diren ere.

 

Gora doan fenomeno horrek badu azalpen logiko bat: gazte askok ez dute beren etorkizun ekonomikoan konfiantzarik, eta epe luzerako formuletan ez dute pentsatu ere egin nahi. Etxebizitza garestiegia, soldaten igoeran geldialdiak, lan-ezegonkortasuna eta ongizatearen ziurgabetasuna dira oinarrian dituzten frustrazioak. Testuinguru horretan, “kriptoen bidez askatuko gara” diskurtsoa harrapari ederra bihurtzen ari da; izan ere, ekonomiaren galdera handiei erantzunik topatzen ez diegunean, konspirazio narratibek arrakala guztiak betetzen dituzte: bankuak gu kontrolatzeko sortuak omen dira, gobernuek ezkutuko agenda daukate, eta kriptoak omen dira askatasun berriaren giltza. Baina zer gertatzen da gazte batek bere diru gutxi hori “proiektu miresgarri” baten alde jartzen duenean? Zer esaten diogu bere lehen 1000 euroak galdu dituenean, hori guztia “etorkizuneko ekonomia” zela sinetsita?

Gazteei buruz ari naiz, baina gizarteko adin-tarte guztietan gertatzen dira halakoak. Formakuntza eta hezkuntza finantziarioz oso justu gabiltza, eta ez da informazioa falta delako —inoiz baino eduki gehiago dugu orain—, irizpide falta dugulako baizik. Kriptoetan inbertitzen ari denarentzat ez luke nahikoa izan behar blockchaina, kartera digitala edo tokenak zer diren jakitea; aurrezkiak nola eratzen diren ulertu, interes konposatua zer den jakin eta aktiboen hegazkortasuna ere kontuan izan beharko lituzke inbertitu aurretik. Epe motzeko boom efektu bilaketa alde batera utzi eta epe luzerako helburuetan kokatu behar gara, testuingurua eta kanpo-faktoreak oso kontran baditugu ere. 

 

Egia da kriptoteknologiak potentzial izugarria duela, ez dut ukatzen, eta garai batean Internetek bezala eraldaketak ekarriko dituela, baina hori ez da eraikitzen ari diren kontakizuna eraikitzeko adina arrazoi. Teknologia serioa izan daitekeen arren, haren gainean eraikitzen ari diren ideologia sinplistak eta aberastasunaren promesa azkarrak akatu egin gaitzake, eta hortxe dago arriskua: gure gazte —eta helduek— ez dute ezagutza ekonomikorik, baina badute akaso konfiantza gehiegi pantailaren bestaldean esertzen den edozein influencerrek esaten dion kriptodiruan bere aurrezki guztiak inbertitzeko.

Europar Batasunean, unibertsitatean, ikastetxeetan eta hezkuntza zirkuituetan ez gara iritsi oraindik finantza-alfabetizazio sistematiko bat eratzera. Ezin dugu “sareetan kontuz” bakarrik ibili, eta listo. Ez da haien errua; hutsune bat betetzen saiatzen ari dira. Gizarteak ez badizkigu arrisku eta aukeren arteko desberdintasunak, aurrezki-ereduak edo pentsio-sistema esplikatzen, bestelako ahotsak sartzen dira tartean, eta errealitate ez diren sinesmenak sorrarazten dizkigute. Egiari zor, kriptoak gure ekonomiaren parte izango dira, baina gainontzeko teknologiekin egiten dugun adopzio kaskarra ere egin behar al dugu kriptoekin ere? Guk erabaki behar dugu, orain. Heziketa ekonomikoa edo marketin kriptozaleen kolonizazioa. Ez dago erdiko tarte eremurik.