Azken hamarkadetako ibilbideari erreparatuta, ezin uka daiteke eremu sozioekonomikoari bideratutako euskara sustatzeko hizkuntza politiketan aurrerapausoak eman direla; batzuen iritziz, esanguratsuak; beste zenbaiten ustez, azalekoak. Nik esango nuke garatutako neurriak sarritan neurtuegiak edo motelegiak izan direla, eta une erabakigarrietan ausardia falta sumatu dela. Zerbitzu publikoei begira, mugarri garrantzitsuak egon diren arren, legeek ezarritakoa ez da beti osorik bete, zerbitzu guztiak ez dira euskaraz eskaintzen, eta, hala ere, horrek ez du ondoriorik izaten. Euskal Autonomia Erkidegoaren kasuan, esaterako, gaur egun ere, herritarrok euskaraz jarduteko dugun eskubidea eta administrazioan euskaraz artatuak izatekoa ez dira egoera guztietan bermatzen. Horrek agerian uzten du aitortza juridikoa ez dela nahikoa; politikak, lidergoa eta eguneroko praktikak zein baliabideak ere behar dira eskubideak errealitate bihurtzeko. Eremu pribatuan ere, oinarrizko zerbitzuak eskaintzen dituzten enpresek (energia hornitzaileak, Internet eta telefonia, garraioak…) bezeroei arreta eta informazioa euskaraz bermatu gabe jarraitzen dute, nahiz eta EAEn lege betebeharrak dituzten.
Zenbaiten ustez, hamarkada hauetan politika eta konponbide zentratuak eta errealistak aplikatu omen dira, immobilismoaren eta maximalismoaren arteko oreka bilatu nahian. Baina ikuspegi horrek zalantzak sortzen dizkit, izan ere, gizartea bera sakon aldatzen ari da azken urteotan, eta eraldaketa horrek erantzun ausartagoa eta azkarragoa eskatzen du. Hala ere, askotan zuhurtzia politikoa nagusitu izan da, eta horrekin batera, zenbaitetan, babes sozial edo elektoralari eusteko kezka. Horren ondorioz, hizkuntza eskubideen garapena ez da lehentasun politikoetan lehen lerroan egon.
Elebidek, Eusko Jaurlaritzaren Hizkuntza Eskubideak Bermatzeko Zerbitzuak, legedia oinarri, argi dio hizkuntza eskubideak direla euskal administrazioen hizkuntza politikaren oinarri nagusietako bat. Horien artean daude norbanakoen eskubideen errespetua, herri-agintariek eskubide horiek bermatzeko duten betebeharra, euskararen erabileraren normalizazioa eta benetako berdintasun sozial eraginkorra. Azken ideia hori funtsezkoa da, herritar orok berak hautatzen duen hizkuntzan jarduteko aukera erreala izatea, oztoporik gabe.
Hala ere, azkenaldian indarra hartu du hizkuntza eskubideak eta lan eskubideak elkarren kontra jartzen dituen marko diskurtsiboak. Horren arabera, euskara sustatzea helburu duten politikek langileen aukerak murrizten dituzte eta administrazioari zein enpresei kostu gehigarriak eragiten dizkiete. Nire ustez, ikuspegi sinplistegia da, ez baitu kontuan hartzen hizkuntza eskubideak ere pertsonen eskubideak direla, bai langileonak, bai kontsumitzaileonak. Administrazioek eta enpresek etengabe inbertitzen dute kalitatean, prestakuntzan edo berrikuntzan; orduan, zergatik aurkezten da hizkuntzen kudeaketa arazo gaindiezin eta gastu huts gisa, eta ez zerbitzuaren kalitatea bermatzeko ezinbesteko inbertsio gisa?
Bestalde, EAEko eta Nafarroako administrazioetan, baita enpresetako lanpostu gehienetan ere, gaztelania jakitea baldintza unibertsaltzat eta guztiz normaltzat hartzen da. Aitzitik, euskararen eskakizuna planteatzen denean, sarritan mehatxu edo oztopo bezala irudikatzen da. Kontraesan nabarmen horren aurrean, beharrezkoa da ikuspegi integratzaileago bat garatzea. Izan ere, hizkuntza eskubideak eta lan eskubideak ez dira elkar baztertzen duten errealitateak, elkarren osagarriak baizik. Horregatik, politika publikoek herritarren hizkuntza eskubideak benetan bermatzeaz gain, langileei egokitzeko behar dituzten baliabideak eta aukerak eskaini behar dizkiete.
Hizkuntza eskubideak bermatzea ez da, inondik inora, gizartearen sektore jakin baten interes partikularra; elkarbizitza justuago, orekatuago eta demokratikoago baterako oinarria baizik. Argi izan behar dugu, euskararen normalizazioak ez duela inor baztertzen; gizarte osoa aberasten du, kohesioa indartzen du eta aukerak zabaltzen ditu. Orain, erronka handia da: adostasuna jostea, norabidea zehaztasunez marraztea eta neurri eraginkorrak, baliabide egokiak eta lidergo sendoa uztartzea. Eta hori guztia, ezinbestean, ausardiaz eta alde guztien benetako konpromisoarekin gauzatu behar da.