Desagertuta ibili naizen azken hilabete hauetan Pelloren egia bat berresten ikusi dut behin eta berriro nire begien aurrean: bakoitzari gauza ezberdin batek kentzen digu loa. Adinarekin itxura hartzen duten kontuak ere badira. Ni neu ere, behatzaile gisa hitz egiten ari naizen arren, zeharkatzen naute dagoeneko loaren lapur horiek.
Gabonetan jingleak eta Aste Santuan Ben Hur bezala, tarteka absentismoaren mamua astintzen aditzen da. Produktibitateari eta emaitza ekonomikoei egiten dien kaltearen begietatik haizatzen da maizen, eurotan neurtuta. Igotzen ari omen da urtez urte, gainera, eta patronalek haien agerraldi ziklikoetan alarma guztiak pizten dituzte enpresei dakarkien lehiakortasun galeraren inguruan.
Ausentzia horiek gehienak kontingentzia komunetako aldi baterako inkapazitateei dagozkie. Beste era batera esanda: gaixotasun edo osasun bajak. Beste asko, berriz, lan hitzarmenetan kontenplatutako baimenei: zaintza baimenak bereziki.
Absentismoaren arazoa denona dela eta denon artean konpondu beharrekoa dela irakurri diot patronalari udaberri honetan. Datuetan oinarrituta, jarraipen zehatzak eginez, kasuak aztertuz, estatistikak ateraz… hazten ari den arazoari aurre egiteko: zergatik ez daude langileak lantokian?
Lupa non jarri nahi dugun, ordea, zerk kentzen digun loa, horra afera honen muina. Izan ere, ni ere kezkatzen naute absentziek, baina ez hainbeste aldi baterakoek. Ni biziki larritzen nau Euskal Herrian lanean pertsona bat hil ez den azken hilabetea ez oroitzeak. Langile horiek ez direlako itzuliko, eurotan neurtu ezin den hitzaren dimentsioetan. Hori bai dagoeneko jaitsi ezin den absentismoa, absolutua. Baina ez dira honi buruz ari absentismoaz ari direnean.
Hori dela eta, absentismoarekin kezkatutako eragile orori korapiloa askatzen laguntze aldera, nik baditut tesi proposamen batzuk, lupa jarri ohi ez den bazterretara zuzenduta kontrastatzekoak.
Baliteke erretiro urteak atzeratzeak eta osasuna gainbehera datorren urteetan presio handiagoa jartzeak era guztietako gaixoaldiak ugaritzea. Baina arazo hori abordatzeak horretarako pentsio sistema eutsarazteko bestelako neurri batzuk hartzea lekarke: pentsioen eta Segurantza Sozialaren finantzazio sistemaren erreforma oso bat, zerga sistema progresiboago bat, kapitalaren errenten gaineko presio fiskala errebisatzea…
Edo, zergatik ez, senitartekoen heriotzagatik bi eguneko baimena, luzatze bidean dagoen arren, nahikoa izan ez eta gainera lanera itzuli behar izateak osasun fisiko eta psikologikoan gaixoaldiak eragitea.
Edota osasun sistema publikoen gabeziak direla eta, besteak beste atzerapenengatik okertzen diren gaixoaldi eta lesio kasuak…
Zaintza eta babes zerbitzu publikoen faltak ere joka dezake paper bat hemen. Izan ere, zentzuzkoa dirudi pentsatzeak dependentzia egoeran dauden pertsonen zaintza beharrek eraginda pertsonen lan kargak bikoizteagatik osasun arazoak sortzea langileengan… Bururatzen zaizkidan batzuk besterik ez dira.
Baina baliteke, era berean, irabazi nahi den lehiakortasunaren izenean lan karga handiagoak eta azkarrago lan egin behar izateak istripuak, gainezka egiteak edota gorputzaren plantoak eragitea. Azken horien garrantzia azpimarratu nahi nuke, deigarria baita zein punturaino diren ordu estrak egiturazkoak enpresek haien ohiko jarduerak aurrera ateratzeko, horrek pertsonen lan kargetan eta, beraz, egoera fisiko eta psikologikoan duen eraginarekin. Are gehiago, kontuan hartzen badugu estatu mailan egiten diren ordu estren %40aren buelta ordaindu gabekoak izan direla azken urtean. Baina “soldata absentismoaren arazo” hau ez da denona, dirudienez.