Autoaren kolorea

 

Aurreko batean, ekonomiako ikastaro batera joan nintzen, eta hizlariak, ikastaroko lehenengo egunean, galdera hau bota zigun: “zuetako zenbatek uzten diezue zuen seme-alabei familiaren erabaki ekonomikoetan parte hartzen?". Zer pentsatu eman zigun.

Nire etxean, txikitatik, familiaren ekonomian parte hartu izan dut; dirua baloratzen eta ekonomiak familiari zertan eragin diezaiokeen ezagutzen irakatsi zidaten. Gogoan dut etxeko ekonomiaren inguruan hartutako lehen erabakietako bat: garai hartan erosi genuen kotxearen kolorea anaiarekin batera erabakitzea izan zen. Aitak anaia eta biok kontzesionariora eraman gintuen, eta han azaldu zigun autoaren prezioa zein zen, eta nola ordainduko genuen, beste hainbat gaien artean. Egia esan, ez genion jaramon handirik egin, kolorea aukeratzeko irrikan geunden eta. Baina erabaki horren atzean bazegoen alderdi ekonomikoa, aukeratzen genuen kolorearen arabera adostutako aurrekontua moldatu zezakeelako. Beraz, erabakia hartzeko unea iristean, aitak ohar bakarra eman zigun: "aurrekontutik kanpoko kolore bat aukeratzen baduzue, ez da ezer gertatuko, baina aukera hori justifikatzen duen argudio bat eman beharko didazue. Aldiz, kolore merkeagoa aukeratzen baduzue, aurrezten dugun dirua oporretarako edo behar dugun zerbait erosteko erabili ahal izango dugu". A zer nolako dilema izan genuen egun pare batez! Edozein kasutan, zoragarria izan zen entzunda sentitzea, eta oraindik gordetzen dugun auto hura gure altxor preziatu gisa sentitzea.

Beste batean berriz, barraketara joan nintzen lagunekin, eta amak 3 euro eman zizkidan arratsaldea pasatzeko. Berak ez zekien barraketako sarrerak 1,5 euroko kostua zuela garai horietan, eta nik, berriz, ez nuen gehiago eskatu. Hantxe joan nintzen nire 3 euro preziatuekin. Ez dakit zer nolako tratuak egingo nituen nire lagunekin, baina autotxokeetan eta igelan ibilita, goxoki batzuekin eta nire anaiarentzako tiro pitxonean irabazitako panpin txiki batekin buelatu nintzen etxera. Hori ikusirik, ama harrituta geratu zen. Orduan kontatu nion berak emandako aurrekontua ez zela egokia, baina oso ondo pasatu nuela eta hurrengoan, agian, diru pixkat gehiago emateko.

Halako mila istorio ditut kontatzeko, neskato bat izanik ekonomiaren balioa nola ikasi nuen jasotzen dutenak. Gurasoei horregatik eskerrak eman behar dizkiet, ekonomia ulertzearen garrantzia txiki-txikitatik irakatsi didatelako. Izan ere, familia baten ekonomia erraz konpara daiteke enpresa baten ekonomiarekin (eskalan, noski). Ederra izango litzateke umeek familiaren ekonomia bertatik bertara ulertzeko eta ezagutzeko aukera izango balute; heldutasunean ekonomiari aurre egiteko modua naturalagoa eta erosoagoa izango litzateke.

Gaurko nabarmenduak
irakurrienaK