Autonomiarako bidexkak

Gazteek beren ekinaz eta baliabideak erabiliz aurrera egiteko gai izan beharko lukete konfiantzaz eta segurtasunez. Gaur egungo errealitate ekonomiko eta sozialak, ordea, ez die bidea bakarrik eta autonomia osoarekin jorratzen uzten, eta hau ez genuke normaltzat hartu behar. Gazte garenean gurasoen laguntza behar dugu etxebizitza izateko, hezkuntza ordaintzeko edota eguneroko gastuetarako. Baina, mendekotasun-maila hori zenbateraino da onuragarri epe luzera? Zein aukera daude segurtasun-sare hori ez dutenentzat? Orain gutxi mahai-inguru bat partekatu nuen beste bi gazterekin —gutxi barru ikusiko du argia elkarrizketak—, eta hau izan zen hizketagaia: guraso edo familiaren laguntza. Hona hemen gerora egindako hausnarketa batzuk.

Gurasoen laguntzarekiko mendekotasuna nabaria da euskal gazteen bizitzetan. Egun, asko daude menpe ikasketak finantzatzeko, etxebizitza izateko edo beste finantza-egoera batzuetan laguntzeko. Laguntza hori, zalantzarik gabe, baliotsua izan da beti eta oso eskertuak bizi izan gara gazte garenean. Aldiz, horrek ez al du gazteek familiarekiko duen mendekotasuna betikotzen?

Gurasoen finantza-laguntzak presio ekonomikoa arindu dezakeen bitartean, bizi-gaitasunen garapena ere muga dezake nolabait: norberaren diruaren kudeaketa, erabaki independenteak hartzerako orduan edota arazoak konpontzean. Askotan entzun izan den “etxe honetan bizi zaren bitartean hemengo arauetara moldatu beharko zara” esaldi sinple eta errukarria gupidagabekeritzat hartu dezake egun autonomia osoa nahi eta izan ezin dezakeen gazte batek, frustrazio maila nabarmen areagotuz.

Baina badira beste agertoki eta errealitate gordinago batzuk: gurasoen laguntzarik izan ezin dutenentzat, edota beren kabuz lortzen duten soldata etxera eraman behar dutenentzat, esaterako. Gazte horiek, askotan, lana eta ikasketak orekatu behar izaten dituzte, eta txikitatik ikasi beren finantzak eta erabaki zailak autonomia osoz hartzen. Errealitate hori ere bada Euskal Herrian, nahiz eta askotan horrelako egoerak ez diren argitara ateratzen. Ezagutzen al duzu horrelakorik zure inguruan? Eta horrelako egoeran bizi denik badago, hitz egiten al duzue norberaren egoera ekonomikoaz? Eskaintzen al diogu babesa?

Udako oporraldia ordaintzeko laguntza eskatuko badugu, tira! Baina normalean laguntza eskaini eta onartzen diren kontzeptuak hezkuntza, etxebizitza eta lana izaten dira. Lehenengo biak aipatu ditugu aurretik ere, baina lanaren munduan ez dugu apenas sakondu. Gurasoen laguntza ekonomikoaz jardun gara orain arte, baina familiak lan-munduan izan ditzakeen kontaktuak lan-postu bat edo beste lortzeko baliatzea ere laguntza ederra izan da. Ez du zerikusirik zuzenbidea ikasi duten gazte bat abokatu-familia batean biziz gero izango dituen aukerak, ala sektorean kontakturik ez duen gazte batek egin beharreko bidea. Lehenengoa gradua amaitu eta lanean has daitekeen bitartean, bigarrenak curriculumak bota, lan-alternatiboren bat bilatu eta ausaz gerta daitezkeen egoera onuragarriak sortzen jardun beharko du, sektoreko ekitaldi batera joan eta jendea ezagutzeko, edota lana eskaini diezaioken abokaturen batekin topo egin arte.

Gurasoen laguntza, zalantzarik gabe, baliagarria da helduarorako trantsizioan, baina ez luke autonomiarako bide bakarra izan beharko. Ezinbestekoa da laguntza-sistema alternatiboak eta guztientzat irisgarriak diren aukerak sustatzea, familiaren egoera edozein dela ere. Konfiantzaz eta gaitasunez bizitzeko behar diren tresnak eskaini behar zaizkie gazteei, familiaren laguntza ekonomikoa eta materiala izan beharrik ez dezaten.

Gaurko nabarmenduak
irakurrienaK