Autonomo eta enpresarien zoru-klausulak

Hasiera 2013 urtean izan zen. Espainiako Auzitegi Gorenak, 2013ko maiatzaren 9ko epai batean, lehen aldiz, deusezak deklaratu zituen banku batzuek hipoteka-maileguetan ezarritako klausulak kontsumitzaileei informazio argia eman ez zitzaielako. Gorenak ulertu zuen klausula horiek gardenak zirela eta beraz, kontratuan sartzerik bazegoela, baina kontratu baten baldintza orokorrei eska dakieken argitasun betekizuna ez zutela betetzen, maileguak kontratatzerakoan ez zelako ematen kontratuaren elementu definitzailea den elementu baten inguruko informaziorik.

Milaka kontsumitzailek jo zuen orduan epaitegietara, zoru-klausulak deusez deklaratu, eta bankuek, klausula horiek tarteko, ordaindutakoa itzul ziezaieten. Sortutako auzi-demanda oldeak lau epaitegi espezializatu sortu beharra ekarri zuen: bat Araban, beste bat Bizkaian, hirugarren bat Gipuzkoan eta azkeneko bat Nafarroan. Oraindik ere, 2021an, 22.000 auzitik gora ebatzi dituzte.

Bigarren mugarri bat ezarri zuen duela bi urte Auzitegi Gorenak. Oraingoan kontsumitzaileei ez ezik, autonomo eta enpresariei ere, atea ireki zien kontratatuta zituzten maileguen zoru-klausulak deuseztatzeko. Urte batzuk lehenago bikote batek taxi-lizentzia bat finantzatzeko hipoteka-mailegu bat sinatu zuen Abanca erakundearekin. Zoru-klausulen inguruko jurisprudentziaren haritik, interesen tipoen aldakortasuna mugatzen zuen klausularen deuseztapena eskatu zuten, nahiz eta kontsumitzaile huts ez izan, jarduera profesionala baitzen maileguaren xedea. Ibilbideak Goreneraino eraman zituen, eta auzitegiak doktrina berria ezarri: nahiz eta legez profesionalak kontsumitzaile ez diren, hipoteka-mailegu bat kontratatzerakoan bankuak kontratazioko baldintza orokorrak ondo azaldu behar ditu, eta argi eta erraz idatzi, ulertzeko moduan, baita enpresari eta autonomoen kasuan ere. Eta horrelakorik ez zenez, deusez deklaratu zuen zoru-klausula.

Duela astebete, hirugarren urrats bat izan da kontsumitzaileek zoru-klausulengatik ordaindutakoa erreklama eta berreskura dezaten: Europar Batasuneko Justizia Auzitegiak ebatzi du 2013 urte aurretik zoru-klausulengatik ordaindutakoa ere eska dezaketela kontsumitzaileek. Beraz, aurretik bankuen kontra auzitan ibilitakoak izan ala ez, kontsumitzaileek 2013ko lehen epai hura baino lehenagotik ordaindutakoa bueltatzeko eskatu ahal izango dute.

Beraz, lehenik kontsumitzaileek zoru-klausulekin egindako bidea eta izandako arrakasta ikusita, badirudi autonomo eta enpresariek ere ildo bat zabalik daukatela auzitan jarraitzeko, eta bukaeraraino iritsita, 2013 urtearen aurretik zoru-klausulengatik ordaindutakoa berreskuratzeko.

Gaurko nabarmenduak
irakurrienaK