Gure kultura komunikatibo sozialean maiz ikusi dugu eredu hau indarrean: komunikabideetan titular deigarri eta astintzaileen bitartez agenda markatu, arduradun politiko publikoak interpelatu eta erabaki politikoak eragin. Asteotan USaP euskarazko azterketetan ateratako 0 horiek komunikabideen bitartez gatazka publiko bilakatzeak azkar bilakatu du hezkuntza-sistemaren, euskararen estatusaren eta unibertsitate publikoaren sinesgarritasunaren inguruko afera.
Gatazkak agerian utzi du, batetik, autoritatea ez dela nahikoa formala izatearekin. Alegia, nork duen ebaluatzeko, prozedura bermatzeko eta erabakitzeko ahalmen akademiko, juridiko eta administratiboa. Autoritatea legitimoa izateko, prozedura zuzenak ez ezik, fidagarritasun publikoa, azalpen eta adierazpen koherenteak, erantzukizun partekatua eta gatazkaren kudeaketa fina behar ditu.
Eremu familiar, enpresarial edota politikoetan erantzukizun postuak ditugunok autoritatean dugu arreta jarrita zeharka ala zuzenean, badakigu kargu “formala”rekin soilik ez dela nahiko. Erromatar tradizioak potestas bezala izendatzen zuen alde hau, agintzeko ahalmena. Baina bereizi egiten zuen auctoritasetik, alegia, besteek eskaintzen dizuten sinesgarritasun, prestigio eta irizpidetik. Senatari batek auctoritas handia izan zezakeen, nahiz eta potestas txikia izan. Eta magistratu batek potestas handia izan zezakeen, auctoritas handirik gabe.
Horregatik, auctoritas ez da inposatzen, aitortu egiten da. Eta dimentsio anitz ditu, kasu honetan autoritate arrakala ezberdinak ikus ditzakegu erpin akademiko, linguistiko, juridiko eta sozialetik.
Autoritate akademikoa galtzen du Euskal Herriko Unibertsitateak, Jaurlaritzak berak konfiantza galera aipatzen duenean eta elkarrekin kudeatzen duten ebaluaketa sistema babesten ez duenean, anonimotasunaren parean gardentasuna jartzen duenean, eta sistema publiko horretako langile dituzten zuzentzaileengan arduraren fokua jartzen denean. Edota epaitegietatik prozedura akademikoa bertan behera utzi eta euskarazko notak aintzat hartu gabe sarbidea onartzea agintzen diotenean.
Nork dauka ba hizkuntza maila ebaluatzeko ahalmena, akademiak ala ikasle batzuek?
Eta, era berean, sistemaren berme diren irakasle zuzentzaile horiek babestean, autoritate akademiko (eta tekniko) hori indartu dute EHUtik bertatik, errektoretzatik eta 12.000tik gorako babes-manifestuaren bitartez. Komunitate profesional osoa babesteko adierazpenak izan dira, eta neurri batean hezkuntza publikoaren zilegitasuna indartu dutenak.
Autoritate krisiak euskararen orubea ere astindu du, batetik hizkuntza-ereduen porrot gisa azaldu direlako emaitzak, baina bereziki ofizialtasunaren aulkitik praktikan erorrarazi duten aurrekariak sortu direlako, EAEko administrazioarekiko auzien epaitegiak erabakitako kautelazko neurriek azterketen emaitzak zaborrontzian kokatuta.
Zenbat balio dute euskarazko azterketan ateratako 0 horiek, eta zenbat gaztelerazkoan ateratakoek?
Eta gatazka honen dimentsio politiko eta sozialak ere esangura handia ekarri digu, komunikabide eta mobilizazioen autoritate sinboliko eta interpretatiboaren eragina ikusi baitugu. Pierre Bordieuk hizkuntza ez dela komunikazio-tresna hutsa zioen, hala ikasi genuen unibertsitate horretan. Hizkuntza botere-harremanetan txertatuta dagoela, eta hiztun guztiek ez dutela autoritate bera beren hitza legitimo bihurtzeko.
Alegia, nork erabakitzen ditu unibertsitatera sartzeko sistema eta baldintzak? Eta zein da euskararen kokapena hezurdura horretan?
Eta erpin guztiak lotuta ditugu, elikatzen, sustatzen, eta koherentziaz lantzen den autoritatea ahultzeak baldintzak kaskartzen dituelako. Euskararen prestigio sozialari begira, euskalduntze prozesuaren egitura eta bermeei begira, zein hezkuntzaren arkitektura nagusi diren entitate akademiko eta administratiboei begira ere.
Titular batek botere sozial handia du, egunero ikusten dugu.
Baina botere formala eta erabaki ahalmena, norbere erakunde, langile eta irakasleak babesteko erabiltzeak ere, autoritatea indartzen du. Ez bi asteko agenda logikan. Bai arnas luzeko erritmoan.

Gehitu EnpresaBIDEA Google-ren iturri hobetsi gisa doan
Egon zaitez azken berriekin informatuta