Auzitegi gorenaren (eta Europaren) zain

COVID-19 pandemiari aurre egiteko hartu ziren neurrien artean, beharbada ezagunena Martxoaren 27ko 09/2020 Errege Lege Dekretuaren 2. artikuluan agertzen zena izango da: hizkera arruntean Kaleratzeko debekua deiturikoa, eta hainbat luzapen bitarte, 2022ko otsailaren 28rarte indarrean egon dena.

Arau horren arabera, asko laburbilduz, ez zen zilegi COVID-19aren egoeran oinarritutako kaleratzeak egitea, ez ETAP kausengatik (ekonomikoak, teknikoak, antolamenduzkoak edo produktiboak), ez ezinbesteko kausengatik.

Kausetan sartu gabe (luzea izango litzateke kasu guztiak zehaztea), zeintzuk dira arau hori haustearen ondorioak? Bi urte baino gehiago igaro ostean, operadore juridikook ezin dugu erantzun egoki eta irmorik eman.

Izan ere, arauak ez zuen argitzen kaleratze horiek bidegabekoak ala deusezak ziren —hurrengo baterako legegileei argitasun ahalegin handiagoa eskatu beharko zaie—. Bi kategoria horien arteko ezberdintasunak nabarmenak dira, bakoitzak dakarren ondorioei begira: kaleratze bidegabekoaren kasuan, enpresak hautatu dezake langilea berriz hartu edo indemnizazioa ordaindu; deusezaren kasuan, aldiz, derrigorrez berriz hartu behar duelako langilea, izapidetze aldiko soldatak ordainduta. Ekonomikoki alde oso handia dago beraz bien artean.

Jarrera bakoitzaren aldeko argudioak daude. Dena den esan beharra dago doktrinaren gehiengoak kaleratzeen bidegabekotasunaren aldeko iritzia daukala.

Aldiz, zein izan da epaitegien erantzuna? Mundu juridikoan askotan gertatzen den bezala, anitza: Elkarte Autonomoetako Auzitegi Nagusi gehienek bidegabekotzat jo dituzte kaleratzeak —batzuek legeak adierazten duen indemnizazioa igo badute ere—; bik, Asturiasekoak eta Euskadikoak, aldiz, deusezak jo dituzte.

Abokatuak ohituta gaude horrelako erantzun ezberdinetara, azken finean legea interpretatzeko modu ezberdinak baitaude. Baina enpresa zein langileentzako beharrezkoa zen (eta da) gutxieneko ziurtasun juridikoa edukitzea. Horretarako dago, hain zuzen ere, Auzitegi Gorena: doktrina bateratzeko kasazio errekurtsoaren bitartez, erantzun bateratu bat emateko. Tamalez, orain arte ez da aipaturiko gai zehatzean sartu, gutxienez hiru aukera ezberdin dituen arren: 2021eko abenduaren 15eko eta 16ko sententziak, eta 2022ko otsailak 22koa.

Azken hau, Bizkaiko PCB enpresan —ITP taldekoa— egindako 83 langileen kaleratzeei buruzkoa, komunikabideetan agertu zen Auzitegi Gorenak baliogabetzat jo zituelako kaleratzeak, lehen aipatutako 2. artikulua aplikatu zuelakoan. Sententzia osoa irakurrita, aldiz, argi ikusten da baliogabetzearen oinarria ez zegoela “kaleratzeko debekuan”, baizik eta ukigabetasun bermearen urraketan.

Pentsa daiteke gaiak gaurkotasuna galdu duela, aipatutako araua aurtengo otsailaren 28arte bakarrik iraun zuelako. Baina oraindik geratzen dira bi urte hauetan egindako kaleratze asko erantzunaren zain. Eta nola edo hala, Auzitegi Gorenak dioena etorkizunean eman daitezkeen antzerako egoerei buruzko aurrekari garrantzitsua izango da. Bestalde, luzapen honek argi erakusten du askotan —gehienetan— justiziak ez diela erantzun azkarra ematen gizarteak planteatutako gaiei, horrek ekar ditzakeen ondorio latzekin.

Kasu honetan, beraz, Auzitegi Gorenaren zain jarraitu behar dugu, baina segur aski urrats hori azkena izango ez dela ahaztu gabe, balitekeelako Europako Batasuneko Justizia Auzitegiak gaiari buruzko bere aldarria ematea.

Bitartean, zain jarraituko beharko dugu, abestiak esaten duen moduan: "Itxoiten, itxoiten..."

Gaurko nabarmenduak
irakurrienaK