Azken hiruhileko kontuak

Zer moduz doakizu 2022ko azken hiruhilekoa? Ez dakit zuri ere gertatuko zaizun, baina badirudi urte osoan egindako lanak gutxirako balio duela azken hiruhilekoan sartu zarenean. Urte hasieran zehaztu ziren helburuak betetzeko unea da, orain arte bete ez diren betebehar, proiektu eta aurrekontuak burutzeko azken aukera. Hori gutxi ez balitz, datorren urteko helburu eta plangintza egiteko atera behar dugu denbora nola edo hala. Erotu beharrean zarela? “Azken momenturako utzi ez bazenu…”

Sentimendu kontrajarriak ditut garai honetan. Atzera begiratzen dudan bakoitzean, urte hasieran zehaztu genituen helburuak betetzen ari garela ikustean, proiektuak atera eta burutzen ditugun heinean… asebetetze sentimendu batek besarkatzen nau. “Bai ondo, zenbat gauza egin dugun aurten!”, entzuten dut nire barnean, zerbait ondo egin dugula sinetsita. Bezeroak ere kontent daude, hilabeteetan zehar jaso duten zerbitzua eskertu eta elkarrekin abentura berrietan murgiltzeko gogoa azaldu dute. Zer gehiago behar dugu bada?

Aitzitik, garondoaren bestaldean deabrua izaten da zalapartaka eta oraindik dena egiteke dagoela esanez. “Lan asko egin deken arren, oraindik helburuak kunplitzeke dazkak, bezeroak lortzeke, proiektuak entregatzeke, urte amaierako kontuak egiteke… ez ezak lo hartu, lagun”. Urte amaiera da eta ondo bukatu beharra dago, “hurrengo urte hasiera aurrekoaren amaieraren isla izan dadin”. Hala esaten zidan niri amak. Presa eta urduritasuna areagotu egiten da. Asko dago jokoan.

Baina ez dago atzera begiratzeko denbora askorik, berehala baitugu gainean 2023a. Zein dira datorren urteko helburuak? Plan estrategikoa? Negozio-ereduaren hazkunderik izango da? Zenbatekoa? Zein izango da hori lortzeko bidea? Bide hori jorratzeko taldea indartu behar al duzu? Zenbat diru behar duzu hori guztia egiteko? Nondik lortuko duzu? Kutxan nahikoa diru izango dugu aurreikusitako gastuei aurre egiteko? Amaigabeko zerrenda bat egin genezake urte osoko negozio-plangintza bat diseinatzeko erantzun beharreko galderekin. Eta bai, guztiei erantzun, erredaktatu eta excel batean irudikatzeko egun batzuk besterik ez. Eguneroko lanarekin nahikoa ez, eta datozen urteetan egingo dudanaz jardun behar al gara orain? Zoratu egin al gara?

Niri unibertsitatean erakutsi izan didatena egiten ari naizenaren guztiz kontrakoa da: “Hartu denbora eta sustatu lan-taldeko elkarrizketa”, “eman espazioa sormenari eta ideia berriei”, “exekuzioak baino denbora gehiago behar du planifikazioak”, “ospatzen ez dena ez da existitzen”, etab. Ospatu? Noiz ospatzen dira halakoak? Udako opor-aurreko egunetan edo gabonetako enpresako afarietan? Nik ez dut horretarako denborarik. Estresatuta bizi naiz.

Bueno, egon. Akaso ez da hainbesterako, perspektiban jar dezagun esandakoa. Urtero gertatzen zaizkigun buruhausteak dira, eta beti ateratzen ditugu aurrera. Aurten ez gara gutxiago izango, ezta? Nirekin enpatia pixka bat sentitu baduzu, ezer gutxi bada ere, nire animorik beroenak bidaltzen dizkizut. Eutsi azken hiruhilekoari, bete aurtengo helburuak eta marraztu datorreneko ametsak.

Gaurko nabarmenduak
irakurrienaK