X, Ixa, ezezaguna sinbolizatzen duen hizkia. Argitu beharreko misterioari X esaten diogu, dela matematikan, dela bizitzan. Ixa, loa eragozten zigun inkognita izendatzeko hizkia eta, aldi berean, piraten mapatan baita altxorra non dagoen erakutsiko diguna. Halaxe izan da orain arte, baina bat-batean, beste hizki batek hartu du bere tokia: Z, ez zenbaki edo leku bat, hitz egiten duenaren arabera gaitz ororen erantzule eta kalapita guztietatik libratuko gaituen belaunaldi salbatzailea.
Z da orain enpresa eta erakunde guztiak deszifratzen saiatzen ari diren faktore ezezaguna: belaunaldi horren esanahia, ekarpena eta logika. Eta ez dirudi lan erraza izango denik, belaunaldi hori ulertzeko elkar ukitu arren elkarrekin nekez adiskidetzen diren bi plano hartu behar direlako kontuan, bietan batera bizi eta mugitzen dira-eta: eraldatzeko gaitasun handia duten bezala, bizitza normalizatu bat aurrera ateratzeko zailtasun izugarriak dituzte.
Mundua aldatu dezakete, baina ezin dute alokairua ordaindu.
Z belaunaldiaren haserrea esaldia barne duten izenburuak mundu osoko prentsan topa daitezke. Begira zer gertatzen ari den Marokon, Nepalen, Perun, Madagaskarren eta beste hainbeste tokitan. Gobernuak ataka gaiztoan jarri dituzte jolas-plataformetako mezularitza-sistemaren bidez koordinatzen den belaunaldi horrek, besteok ezagutu ere egiten ez ditugun manga mugimenduko pertsonaiak gurtzen dituzte eta kapaz dira inoizko manifestaziorik jendetsuenak antolatzeko eta supituan desagertzeko arrastorik utzi gabe, radarretik kanpo hegan egiten baitute.
Ez dira konformatzen, ez dute amore ematen eta koherentzia eskatzen dute, aurrez aurrekoari beldurrik izan gabe. Egia da ziurgabetasunaren seme-alabak direla, baina bizitzan zehar askotariko kontzientzia-esnatzeak bizi izan dituzte eta argi dute egonkortasuna egokitu ez zaien pribilegioa dela. Aldaketa aldatzen egiten dela ikasi dute.
Zantzu horiek argitara ekarri dituzten egunkari global berberek, ekonomiako orrialdeetan, belaunaldi beraren beste alde bat erakusten dute. Goldman Sachsen txostenak dakarren epaia gordina da: Z belaunaldia "hondamendira kondenatuta" dago. Erosteko ahalmenik gabe, etxebizitza lortzeko zailtasun edo ezintasunean murgilduta, lan-prekarietatea da beren horizonterik ziurrena. Nola ez dute bada esango garaiz kanpo eta berandu iritsi direla egin zitzaizkien promesetara? Bere munduan, lanak ez du aurrerabiderik bermatzen, ezta gutxieneko lasaitasunik ere.
EAEn, Gazteen Euskal Behatokiaren datuek itxaropenen eta errealitatearen arteko haustura hori berresten dute. Gazteen %41ek baino ez du lan egiten, %39k ikasten jarraitzen du, eta %10ek biak ala biak konbinatzen ditu. Etxetik atera eta bizitza propioa egiteko batez besteko adina 30 urte ingurukoa da, eta soilik heren bat bizi da familiaren etxetik kanpo, hori bai, soldataren erdia baino gehiago horretara zuzenduta: %55 hipoteka bada eta %50,4 errentaren kasuan. Hezkuntza eta enplegu maila altuak dituen herri baten bizi eta lan egiten dute gazte horiek, eta hortxe dago paradoxa: gazte-belaunaldi horrek sistemari eusten dion bitartean ezin du bere burua mantendu.
Mila modutara aztertu dugu auzi hau, Z belaunaldiari buruz hitz egitea enpresa-analisien kirol gogokoena bihurtu baita, ia kasu gehienetan gazteak eurak entzun gabe. Etxean bertan zeuden, baina ez ditugu aldatzen ikusi etxera bueltan etorri diren arte. Lanaren munduan badira beren ezinegona, leialtasunik eza edo hierarkiarekiko tolerantzia eskasa leporatzen dietenak, edo nola edo hala, belaunaldien arteko liskarrerako edo kapritxorako jarrerak direla iradokitzen dute. Eta ondokoa dira: egokitzapen-mekanismoa da, mundura moldaerazko erantzuna. Ez da lan egitea bazter uzten ari direna, etorkizun-aukerarik ematen ez duen lan-eredua baizik.
Erne, beraz. Kontrakoa uste izaten dugun arren, belaunaldi horrek erakutsi du ez direla konformatzen, eta egoera jasanezina denean, matxinatu egiten direla. Enpresa-ingurura bagatoz, esango nuke ez dutela askoz denbora gehiagoz emango "propositoa" eta “balioak” lelo hutsa direla ikusita, eta kontratu moral berria (eta berritua) borrokatuko dutela: diskurtsoaren eta praktikaren arteko koherentzia, aniztasuna aitortzen duten egiturak eta konfiantza eraikitzeko gauza diren harremanak.
Ondoezik daude eta esaten ari dira, ozen: batzuetan manifestazio jendetsuetan garrasika eta beste batzuetan enpresa-barruan xuxurlatuz, edo batere hitzik egin gabe. Batera edo bestera, esaten ari dira, eta seinale horiek entzuten eta umiltasunez interpretatzen ikasi beharko genuke. Espektatiben eta errealitatearen arteko soka gehiegi luzatu duen sistemaren aurrean piztu diren alarma dira. Noiz ahaztu genuen eraldaketa eta iraultza guztiak amets zoroak egiten zituen belaunaldi batekin hasten direla?
Eraldatzeko gaitasunaren eta eusteko ezintasunaren artean, zer egingo du belaunaldi honek? Masak mugiaraz ditzakete, gobernuak bertan behera utzi edo agenda publikoa alda dezakete, baina ez dira hilaren amaierara iristen.
Botere sinbolikoa dute, baina ez ahalmen materiala eta arrakala hori ez da, ez bidezkoa, ezta jangarria ere.
Ez dute baimenik eskatuko nahi eta behar duten etorkizunean bizi ahal izateko. Z hizkiarekin ez da albabetoa amaitzen; zerbait berria hasten da.