EnpresaBIDEAko egunkariko zuzendaria

Azken ordurako

2025eko urriaren 27a
Maite Reizabal Arregi

Inoiz pasa al zaizu gustuko ez duzun lan bat azkeneko unerako uztea? Zerrendan izan da duela aste batzuetatik hona, baina etengabe beste zenbait kontu egitea lehenetsi duzu. Kontua da: prokrastinazioaren biktima izan al zara? Denbora falta erreala da, edo beste zerbait dago atzetik?

 

Gaian aditua izan gabe ere, informazio bila aritu eta hainbat elementurekin egin dut topo. Batetik, prokrastinazioa ez dela besterik gabe hamabi egiteko izatea zerrenda baten, eta azkeneko hiruak ez egitea; aipaturiko fenomenoa gertatzen da zerrenda horretako bi egiteko egiten direnean, egunero edota astero, etengabe egitekoen zerrenda hori berridazten ari garelarik.

Bestetik, prokrastinatzea ez da ez osasuntsua, ez eraginkorra. 1997. urtean Psichology Science aldizkarian argitaratutako lan batek unibertsitateko ikasleen jarrera aztertu zuen prokrastinazio eskala abiapuntu. Hala emaitza akademikoak, estresa eta ikasleen osasuna hartu zituen aintzat. Antza, hasiera baten prokrastinazioak lagundu egiten ziela zirudien, estres maila txikiagoa baitzuten —segur aski, plazera lehenesten zutelako—. Amaierarako, ordea, horren aldeko hautua egin zutenentzat kostua nabarmen handiagoa zen: nota okerragoak lortzeaz harago, estresa handiagoa eta gaixotasun gehiago zituzten. Zerbait egiteke duzula jakiteak buruko errekurtsoak kontsumitzen ditu, eta horrek tentsio gehiago izatera eraman ohi gaitu: autokritikoagoak izatera, segurtasun falta sentitzera...

 

Hemen, parentesi txiki bat egin nahiko nuke: geroz eta sarriago entzun ohi dut prokrastinatzeko joera izatea egungo gizartearen eta belaunaldi berrien ezaugarri bihurtu dela. Sare sozialak direla horren errudun, baita deserosotasunarekiko tolerantziak izan duen beherakada ere. Aitzitik, ezin liteke esan aurreko belaunaldiek egiten zuten horrekiko elementu —negatiboki— bereizgarria dela; gizartean betidanik gertatu den zerbait da. 1997ko azterketa baten dagoeneko azterturiko zerbait; edo antzinako Greziako testuetan agertzen den zerbait.

Prokrastinazioaren gorabeheretara itzulita, aintzat hartzeko beste elementu bat: joera hori lan jakin bati loturikoa izan daiteke, baina baita kronikoa ere. Eta azken hori are arriskutsuagoa izan daiteke, egiturazko arazoak baitira lanak amaitzerako garaian, horrek osasunean ekar ditzakeen kalteekin. 

Gauzak hala, argi dago prokrastinazioa ez dela, oro har, onuragarria. Are gutxiago, kronikoa bada. Beraz, ezer baino lehen, irakurle, izan zintzoa zure buruarekin eta galdetuiozu: nire ezaugarria da, edo soilik lan jakinekin eragin dit? Erantzuna lehenengoa bada, artikulu honek kontzientzia hartzeko lagundu izana espero dut, lehen pauso bezala besterik ez. Bigarrena bada, helduiozu lanari, batez ere garrantzitsua bada. Kontziente izan edo ez izan, hori uzteak kalte egiten dizu. Garrantzitsua ez bada, pentsa benetan zein puntura arte merezi duen zure zerrendan izateak. Alegia, ziurtatu zereginak balio argia duela. Eta edozein kasutan, lan bat geroratzen ari zarela ikusten duzun oro har, hausnartu atzerapenaren benetako arrazoiei buruz. Arrazoia prokrastinazioa bada, egiozu aurre.