Enpresagintzaren baitan, agerian geratu da azoka profesionalek funtsezko rola izaten jarraitzen dutela. AFEk, Espainiako Azoka Elkarteak, Estatu-mailako balantze positiboa egiten du. Izan ere, B2B modeloan azoka espezializatuek garrantzia handia dute, bertan parte hartzen duten enpresen negozioa sustatu eta lurraldeko ekonomia mugitzen dutelako.
Topagune hauek enpresa erakusketarientzat, babesleentzat eta bisitarientzat aukerak sortzen dituzte: bezero eta bazkide berriekin harremanetan jartzea, euren zerbitzuak ezagutzera ematea, kolaborazioak sustatzea, produktu edo zerbitzuak saldu edo erostea, negozio-lerro berriak planteatzea, sektorearen berrikuntzak ezagutzea, hornitzaile berriak kontratatzea, etab.
Azken urteotan, nitxoetan espezializatutako azokak biderkatu izana oso positiboki baloratzen du sektoreak. Proposamen horiek profesionalen beharrei modu ezin hobean erantzutea bermatzen dute. Horrelako ekitaldiak antolatzeko, xehe-xehe aztertzen da egoera, sektorearen bideragarritasunari eta parte-hartzaileen interesei erreparatuta. Horrela, erakusketarien babesa eta edizio bakoitzaren eraginkortasuna bermatzen dira.
Azokek, era berean, MICE sektoreari mesede egiten diote, zuzenean nahiz zeharka: ostalaritza, garraio, muntaketa, laguntza-langile eta itzulpengintza zerbitzuak behar dituzte, besteak beste. Azokek zerbitzu-sektorean duten eragin positiboa are nabarmenagoa da behe-denboraldian, desestazionalizazioa sustatzen dute-eta. Gainera, jardueraren ondoriozko zergek gizartearen ongizatea sustatzen dute.
Euskal Autonomia Erkidegoa eremu industriala izanik, ekosistema aproposa da halako ekitaldiak hartzeko. Espainiar estatuko industria-pilaketa garrantzitsuenetako bat dauka, baita berrikuntzaren eta garapenaren aldeko kultura sendoa ere. Azoka profesionalek topagune bikaina eskaintzen diete inguruko enpresa nahiz profesionalei elkarri eragiteko eta berezkoa den sarea ehuntzen jarraitzeko.
Mugaz gaindiko azokez ari garenean, sarea harago doa, hainbat eremutako profesionalak bildu eta nork bere ikuspegia partekatzeko aukera ematen baitute. Kulturarteko interakzioak ez du soilik ekitaldia aberasten; lankidetza eta elkar-ulermena ere erraztu egiten ditu. Euskara, hizkuntza komuna izanik, funtsezko elementu integratzaile bihurtzen da. Hala, balio sinbolikoa aitortzeaz gain, komunikaziorako berezko kanala izatea lortzen da, lurraldearen hizkuntza eta kultura babesteko konpromisoa oinarri hartuta.
Amaitzeko, ezin ditugu pertsonak ahaztu. Interakzio birtualak nagusitzen ari diren mundu digitalizatu honetan, zuzeneko tratu pertsonalizatuak are garrantzia handiagoa du. Azokek bitartekaririk gabeko komunikazioa ahalbidetzen dute, non enpresa bakoitzaren mezua argi eta zuzen iristen den hartzaileengana. Harreman birtual hotzak ez bezala, azokek esperientzia fisikoa dakarte eta zentzumenak doitzera garamatzate: eskainitakoa ukitu, ikusi, entzun eta sentitzeko aukera, oraindik ere ordezka ezin daitekeen balio diferentziala dena.