Kazetaria eta komunikazio-aholkularia

Azterketako galdera

2026eko martxoaren 31a
pilar kaltzada gonzalez 106438(2)

Gurean aspaldi izan zen, baina esan didatenez, bere horretan segitzen du udaberriko “ondare immaterial” bihurtu den eszenak: mahai bat, gehiegitxo azpimarratutako apunteak nonahi eta airean galdera bat: zer egingo duzu selektibitatearen ondoren? (barkatu, ez dakit zein izen duen azterketa horrek gaur egun). 

 

Garrantzia kenduz bezala bota ohi da, bat-batean otu zaizula iradokiz, baina oso bestelakoa da, esaldi horren arantzek azalean arrastoa uzten dute eta. Erantzun behar duen gazteari teorian bizitza ordenatuko dion erabaki bat eskatzen zaio, zeren eta, karrerez, ebakidura-notaz edo irteera profesionalez hitz egiten bazaio ere, funtsean erabaki zuzena hartzeaz itaun egiten zaio. 

Bada, etxean egoera horretan dagoen norbait baduzu, irakurle, agian nahikoa da kafea eskaintzearekin, alboan isilik egotearekin. Izan ere, mihi-puntan erre egiten dizun galdera horretarako erantzun zuzenik ez dago, ezta erantzun okerrik ere.

 

Lasai, ez da zure errua: horrela hezi gaituzte, etorkizuna mendean har zitekeela sinis genezan. Niri erantzuna unibertsitatera joatea zela esan zidaten; ondokoek hori eta, gainera, programatzen ere ikasi behar zutela edo STEAM esaten diogun horretan —zientzia, teknologia, ingeniaritza eta matematika— trebatu behar zutela. Etorkizun-arrakastaren iturritik edanda, nahikoa. Eta jakina, beste bideren bat aukeratzen dutenek —giza-zientzietako anabasan kokatu ohi ditugunak— bigarren mailako ligetan jokatzea onartu omen dute: jende interesgarria dira, apur bat hippyak aukeran, bizibidea nekez emango dien zaletasun sinpatikoa aukeratuta.

Besteak beste PayPalen sortzailetako bat izan zen Peter Thieli (probokazioa maite duenik ezin uka) irakurri diot elkarrizketa batean adimen artifizialaren garaian ezagutza teknikoa, garrantzitsua izanik ere, ez dela jada bereizgarria (osorik Fortune aldizkarian). Eta bere baieztapen hori sendotzeko-edo, hona beste datu bat: Anthropic etxeak COBOL programazioak automatizatuko zituela iragarri zuen egunean IBMek berealdiko astindua pairatu zuen burtsan; milaka milioi desagertu zitzaizkion ordu gutxitan.

Honezkero “letrak ala zientziak” eztabaida antzu hori gaindituta behar genuen, baina itxuraz, berpiztuta dator.

Aurreko astean ISEAKen lan bat irakurri nuen —etxe horretan benetan merezi duten asko ekoitzi ohi dituzte—. Milioika lan-eskaintza aztertuta, ondorio argi bat atera dute: mugimendu sor bat dago enpresek eskatzen dizuten gaitasun eta trebezietan, eta gehien baloratzen dituztenen artean gero eta pisu handiagoa dute komunikazioak, egokitzeko gaitasunak, testuinguru irekietan arazoak konpontzeko ahalmenak edo taldean lan egiteko gaitasunak.

Ildo beretik doa LinkedIn Skills on the Rise 2026 txostena: lidergoa, pentsamendu sortzailea edo storytellinga ageri dira hazkunde handiena duten gaitasunen artean. Kontatzen jakiteak gero eta gehiago balio omen du.

Hau ez da “letretakoen” mendeku erromantiko bat, errealitatea islatzen ez zuen sinplifikazioaren porrotaren froga baizik. 

Urte askotan etorkizuna aukera bitar moduan planteatu dugu: teknikoa ala humanista. Mundua horrela antola zitekeela sinisteraino iritsi ginen, eta eredu horren porrotei “kontraesan” esaten genien. Adimen artifizialak fikzio hori eraitsi du, nahikoa modu eraginkorrean gainera. Izan ere, automatizatzen duena ez da soilik kodea edo datuen analisia; arauetan zatitu, errepikatu eta eskalatu daitekeen guztia automatizatu dezake. eta hor sartzen dira “kualifikazio handitzat” jotzen genituen ezaugarri ia guztiak.

Beraz, lubakiak ez dira ireki diziplinen artean, automatizatu daitekeenaren eta ezin denaren artean baizik. 

Jakitea ezinbestekoa da, baina ez da nahikoa. Kontua da zer egiten duzun dakizun horrekin jarraibide argirik ez dagoenean: arazo bat ondo definitzen ote dakizun, edota testuinguru anbiguo bat interpretatzen; inongo garantiarik ez dagoenean erabakiak hartzera ausartzen zaren ihes egin gabe, edo erantzun argirik ez duten galderak egitearen artean trebatuta zauden.

Hemen, gurean, hamarkadak daramatzagu prestakuntzaren ikuspegi integral hori ehun produktiboari lotzen eta beraz, orain hitzetik hortzera dabilen “intuizio” hori ez zaigu arrotza egiten, zorionez. 

Beraz, hori guztia kontuan hartuta, zer esango zenioke estresatuta dagoen zure etxeko nerabeari?

STEAMek ez dute tokia galdu, baina onar genezake orain arteko monopolioa zartatzen hasia dela. Berdin-berdin onar genezake giza- eta gizarte-zientziak ez direla sekula apaingarri soila izan eta orain, gainera, ezinbesteko bihurtu direla. Ez dute teknologia ordezkatzen, baina ulertzeko, eztabaidatzeko eta erabiltzeko aukerak zabaldu egiten dituzte. Galdera berriak egiten dizkigute erantzun azkarrek soilik betetzen zuten espazio batean, eta hori, automatizatutako ingurune batean, abantaila lehiakorra da, eta ez nolanahikoa gainera. Ez da soilik zer ikasi, nola pentsatu baizik; nola erabaki eta nola jokatu ziurtasunik gabeko mundu batekin.

Mahai bat, apunte batzuk, etorkizuna aurreikusten saiatzen den elkarrizketa bat. Galdera bera egin behar da: zer egingo duzu gero?

(PS: hau bai sartzen da azterketan)