Nonahi entzuten da jendearen ondoezaz hitz egiten, ondoez psikikoaz. Ume eta gazteetan lehen ez bezala aipatzen da. Helduetan ere bai. Askotariko kausak dauzka ondoezak. Nire lanbide eta praktikagatik, lanaren munduarekin erlazionatutakoa interesatzen zait batik bat.
Ausartzen naiz esatera hiru bloke handitan sailka ditzakegula lanari loturiko ondoezaren iturburuak: ziurgabetasuna, zentzurik eza eta lan-zama eramanezina. Hirurak oso presente ditugu egungo gizartean, modu askotan.
Ziurgabetasunak deserosotasuna sortzen du. Bihar (edo hurrengo hilabetean edo urtean) lana izango ote dut? Soldata edo diru-sarrera nahikoak izango ote ditut dauzkadan gastuei erantzuteko? Lana bizitzako beste esparruekin uztartu ahal izango dut? Lanean zein aldaketa gertatuko dira? Zer egitera behartua egongo naiz? Lanak eskatuko duena egiteko gai izango ote naiz? Modu horretako galderen aurrean lasai bagaude, ez dugu ziurgabetasunez bizitzen gure lanarekin loturikoa. Aldiz, galdera horiek ondoeza ere sor diezagukete.
Joera indibidualistetan, kolektiboak pisurik ez duenean, eta dena banakoaren ardura denean, ziurgabetasun horiek guztiak lauza pisutsua izan daitezke. Bakarka harturik, arinak izanagatik, metatu egiten baitira eta gure erresilientzia zartatzen dute.
Beste ondoez iturri bat zentzurik eza da. Moduetan, edukietan nahiz testuinguruari dagokionez, egiten dugunari zentzurik ez aurkitzea. Askok bere lana maite dute, baina ezarritako eskakizunek ezinegon handia sortzen diete. Maiz lana egiteko moduarekin ez gara gustura sentitzen. Irakasleei ezartzen zaizkien eginbide burokratikoak otutzen zaizkit, adibidez. Beren lana ardura gutxirekin hartzen duten lankideek pertsona konprometituagoengan ezintasuna sortzen dute, batez ere emaitza endekatzen denean edota jokabide horrek bigarrenengan lan-zama areagotzen duenean. Beste kontu batzuek ere badute zentzurik ezarekin lotura: nola sentituko ginateke jakingo bagenu lan egiten dugun enpresak arma industriako bezeroak dituela? Edo marketin iruzurtia eta manipulazioa erabiltzen dituela berariaz? Are gehiago haurrei edo nerabeei zuzendua bada? Edo enpresan kolpe zorririk jotzen ez duen norbait balego, baina inork txintik esaten ez diola eta ez ikusia egiten dela? Gutako askorentzat egoera horiek bizitzeak gure lanarekiko atxikimendua eta zentzua ahuldu dezakete. Kasu batzuetan, eta denboran mantenduz gero, ondoez eramanezina sorturik. Aitortza falta, ekitate falta, modu guztietako indarkeriak, asmo txarreko jokabideak, arduragabekeriak, gauzak hobeto egin litezkeela usterik ezintasuna sentitzeak… Horiek guztiek zentzua galarazten digute.
Eta hirugarrenez, lan-zama handiegia. Harrigarria da, aholkularitzan duela hogei urte hasi nintzenetik, antolakundeak geroz eta gainezkago ikusten ditut. Ursula K. Le Guinek badu testu zoragarri bat non aipatzen baitu historiaurreko garaietan gizaki batek astean hamabost ordu lan eginez ateratzen zuela bizibidea. Ez naiz sartuko hori aztertzen, baina zer pentsatu ematen du.
Hiru faktore horiek aldi berean ere ematen dira, jakina, ondoeza modu esponentzialean handituz. Lan-karga eramanezina beste batzuenarekin erabat desorekatua, lankide batzuek lanari ihes egiten diotela edota axolagabekeriaz egiten dutela ikusten dugun bitartean eta eskakizun burokratikoak gehitzen doazenean. Gehi diezaiokegu egiten dugunak benetan inoren bizitza hobetzeko edo arazo erreal bati soluzioa emateko balio ez duela sentitzea, are gehiago, batzuetan, alderantziz izaten dela… Nola ez dugu bada erreta bukatuko?
Ez da nire asmoa ikuspegi ezkor batean hondoa jo eta hantxe geratzea, baizik eta antolakundeetan ondoez horiek denak gertatzen direla mahai gainean jartzea, eta egoera horiek iraultzeko ardura indibidualari eta kolektiboari dei egitea.
Bere kabuz aritzen diren profesionalez ari garenean bestelakoa da, baina antolakundeez ari garenean, hainbat ziurgabetasun informazioa partekatuz eta komunikazio formak garatuz lausotu daitezke. Honen adibideak egunero ikusten ditut antolakundeetan.
Denen ekarpenez aberasten den lan-dinamikak sortzeak asko hobetzen du antolakundea. Askotan entzuten dut: “horretan saiatu gara, baina ez du funtzionatzen”. Ez naiz ari, ordea, modu teoriko horretaz, bururatzen zaigun lehen ideiarekin aurrera egin eta saiakera antzua gertatzeaz, baizik eta lan fin eta jarraitu baten ondorioz praktikan benetan lortzeaz. Antolakunde bakoitzak bere bidea egin behar du, dagoen lekutik hasita, daukan testuingurua, baliabideak eta sarea kontuan izanda, burutzen duen jarduera erdigunean jarririk, eta osatzen duten pertsonei protagonismoa emanik. Nire esperientzian beti funtzionatzen du.
“Beti gehiago” agindu produktibistatik ihes egiteko ausardia edukitzea eta lehentasunak jartzeko gai izatea ere garrantzitsua da.
Lan gutxiago egin, hobe lan egin, norbere balioekin konektatuta eta talde sentitzen, informazio maila handiarekin eta modu kolektiboan eraikitzen… Ba al da modu hoberik lan egiteko?