Hotz egiten du. Barrura naramaten egunak dira hauek, erritmoa jaistera gonbidatzen naute, sutondoan —benetakoa edo sinbolikoa— esertzera eta patxadaz bizitzera. Etxean, aurten, Olentzerok manta bat oparitu digu, sofarako manta goxo eta handia, elkarrekin erabiltzekoa. Gertu eseri behar dugu etxekook, batera, eta mugimenduak sinkronizatu behar ditugu inor kanpoan ez uzteko. Ez da sekulako oparia izan, ez du halakorik izan nahi. Elkarrekin egoteko baino ez du balio, baina nahitaezkoa zaidan sentsazioz gozatzea lortu du: babestuta, aterpean nagoela gogoratzen dit.
Mantatik kanpora oso bestelakoa da kontua. Kaleak opari-paper puskez beteta daude, eta muntatu gabeko jostailuak nonahi pilatzen dira, poltsikoan zukutu ditugun banku-txartelak daramatzagun bitartean. Amaitu da kontsumo masibo normalizatuaren simulakroa. Amaitu dira urte amaierako jaiak (ospatzen badituzu, Gabonak eta egin ahal dituenarentzat, opariak eta gastu neurrigabeak egiteko sasoia ere bai). Biharamuna da: kontsumoak agortu gaitu eta erositakoa ez da jadanik promesa bat, arrasto ikusgarria baizik.
Damutu zara jadanik? Ni bai, baina ez da arraroa, urtarrilean nagusitzen den sentipena baita hori. Berandu bada ere, gogoetari lotu natzaio mantapean, eta egunotako zoramenarekin zer elikatu dudan galdetu diot nire buruari. Ez da hainbeste zer ez nukeen erosiko edo egingo, baizik eta zerk eraman nauen horra, tokatzen zelako, “normala delako”, egutegiak uste duguna baino gehiago agintzen duelako zer egin dudan eta zer egiteari utzi diodan.
Merkatua deitzen dugun hori ez dela entitate morala, ez du bereizten zer den bidezkoa eta zer bidegabe. Merkatuak ez du aukeratzen zer zaintzen duen eta zer higatzen duen. Hori guk egiten dugu, geu gara merkatu. Ekonomiak begiratu, ikasi eta erreproduzitu egiten du guk erakutsitakotik. Gure erabakietatik kopiatzen ditu balioak, eta elikatu egiten gaitu bide horretan jarrai dezagun etenik gabe, beharrik gabe, kupirarik gabe. Irizpide propiorik ez duen ikasle aplikatua da merkatua eta kontsumo-keinu bakoitza, ohikoena ere, ikasgai kolektiboa da, hautu propio hutsa baino gehiago.
Ideia hori indarrez itzuli zait The Economist aldizkarian argitaratutako analisi baten eskutik. Fenomeno deigarria deskribatzen du agerkariak: luxuzko ondasun handiak —ardoak, erlojuak, arte-lanak, jauregiak— balioa galtzen hasi dira, baina esperientzia esklusiboen prezioek gora egiten jarraitzen dute. Eta ez da milioidunen bitxikeria edo apeta soila: esango nuke sintoma bat ere badela.
Artikuluak argi azaltzen ditu joera horren atzean dauden printzak. Objektuak ugaldu, birsaldu eta kopiatu egiten dira, baina esperientziak kontsumitu eta desagertu egiten dira. Edonork erosi ditzakeen objektuak ez dira esklusiboak; bizipenak, ordea, bai. Ezin dira biltegiratu, ez dago bigarren eskuko esperientzia-merkaturik. Ez da inor joango zuk disfrutatu duzun egonaldi horretara, ez du beste inork gozatuko zuk bizi izan duzun uharte paradisiako horretako egunsenti gorrizta hura. Gutxi batzuek soilik bizi —eta erakutsi— ahal izango duten hori bilatzen dugu, bai benetan gozatzeko, bai denok parte garen erakusleiho globalean erakusteko.
Thorstein Veblen ekonomialariak XX. mendearen hasieran ohartarazi zuen luxua ez dela prezioarekin bakarrik definitzen, eskasiaren eta lehiaren irizpideak ere gaineratu egin behar zaizkiola dena delakoari luxuzkotzat hartzeko. Zuk bakarrik kontsumitu edo egin badezakezu, printzipioz, besteek ezin dutelako da. Horra logika gaiztoa, horra desira.
Beti izan omen da horrela, baina orain joera hori beherantz iragazi da. Luxuak lupa gisa funtzionatzen du: kontsumo garaikide osoa zeharkatzen duen mekanismo bat handitzen du. Gero eta jende gehiago bazter uztea errentagarria dela ikasi duen ekonomian bizi gara. Batzuetan kontzienteki aukeratzen dugu hori horrela izatea eta beste askotan, ohartu ere ez gara egiten.
Eskuraezinak diren prezioak onartzen ditugunean, epe gizagabeetan erosten dugunean, edo lan ikusezinetan oinarritutako zerbitzuak normalizatzen ditugunean gu ere logika bihurri eta gaizto horren parte bilakatzen gara: kostuak kanporatzen ari gara, beste pertsona, lurralde eta denbora batzuen kontura. Baliabideak birbanatzen ditugu erosten dugunean, bai, baina baita beste aldera begiratzen dugunean ere.
Neutraltasuna ez da existitzen. “Behin bakarrik izango da” pentsatzen dudanean, kasu bakar baten bada ere, merkatua hezten ari naiz, zer egiteko kapaz naizen esaten ari naiz eta.
Balioa diseinatutako eskasian kontzentratzen da, sarbide mugatuan, esklusibotasun itxian eta ekonomia desberdintasunak sortzera zuzentzen da, atzerabiderik ez duen eredura. Lurralde eta giza-talde batzuek kontsumo-eredu hori bultzatzen dugu, eta beti dekoratuari eutsi baina argazkian agertzen ez diren beste lurralde eta giza-taldeen kontura izaten da.
Mantaren goxotasuna sakrifizio indibidualaren epika aldarrikatzeko toki erosoa da, baina ez naiz horretaz ari: irizpideaz ari naiz.
Birbanatzea ez da beti uko egitea, askotan hobeto diseinatzearekin emendatu daiteke. Gau bakarrean erre egiten den plazeraren ordez, gozamena partekatzea ahalbidetzen duten jarduera aukeratzea izan daiteke, aberastasuna lurraldean errotzen duen kontsumoa hautatzea, souvenir gisa erauzi beharrean.
Eguneroko hautu bakoitzak —non erosten dugun, nor kontratatzen dugun, gure denborarekin eta diruarekin zer eredu sostengatzen dugun— lerro bat gehiago gehitzen dio kontakizun ekonomiko kolektiboari. Ekonomia ez da soilik erabaki politiko handietatik eraldatzen (horiek ezinbestekoak izanik ere): behetik ere zuzentzen da, keinu txiki askoren metaketaz.
Mantapetik ari naiz idazten, beroa eta denbora partekatua besterik eskaintzen ez duen opariaz. Baliteke hor ere pista bat egotea. Azken finean, merkatua errepikatzen ditugun hautu txiki guztiekin hezten ari bagara, hor badago zer ikasia.
Agian horixe da luxua: babesten gaituena aukeratzea, keinu bakoitzak zerbait irakasten duela jakinda hautua egitea. Inor begira ez dagoenean ere, zer mundu klase nahi dugun esaten ari gara, askoren kontrako gehiegikeria edo asko barruan har dezakeen aterpea.