Komunikazio eta lidergo aholkularia

Bai

2026ko ekainaren 3a - 05:30
Aran Erasun 1

Txostena ez zen iristen. Eta nire urduritasuna areagotzen zihoan denborak aurrera egin ahala. Egitasmo baten aurkezpenerako abiapuntu gisa behar genuen zirriborro hori lantaldean, hain zuzen ere, prozesua ezagutzen zuenak soilik idatz zezakeena. Eta nik egun horretarako espero nuen txostena, nire atazarekin segi ahal izateko.

 

Ez zen iritsi, ez egun horretan, ezta hurrengoan ere. Nire aurreikuspenetatik aldendu ziren bi egun horietan barne elkarrizketa asko gertatu ziren. “Berandu dabil”, “zergatik ez daukagu oraindik”, “honi berdin zaio besteon lana”… Eta ez ziren dohainik izan. Neure buruari esaten nizkionak barne giro emozionalak elikatzen zituen, egonezina, urduritasuna.. marmar iluna.

Konfiantzaren orubeetan zulotxoak eragiten dituzte halako aldarteek, saguek bazterrak koskatzen dituzten moduan. Lurra zartatzerainokoak izan daitezke, garaiz heltzen ez badira. Hitzarmen ahulek ez dituzte profesionalen autoritate eta irudi publikoak soilik kaltetzen. Besteek nola ikusten gaituzten, alegia. Talde lanaren eraginkortasunaren zulo beltzak bilaka daitezke. Espero duguna betetzen ez denean gure arreta horra doa, egoerak ulertu eta kokatzeko beharrean.

 

Erreklamazioa garaiz eta modu eraginkorrean egitea zein erraza den badakigu. Eta baita barne aldarteek eragiten diguten lausotzea ere. Rafael Echeverriari ikasi nionean baiezkoek duten balioa, bere soiltasunean zutabe gisa jaso nuen. Coaching ontologikotik hizkuntzaren balio eraikitzaileaz egin zuen ekarpena, besteak beste, eta oinarrizko adierazpenen erabilpenak pertsonon autoritatea eraikitzen duen moduaz. Baiezko argi eta agerikorik gabeko ustezko hitzarmen asko topatu nituen.

Ez, gure baiezkorik gabe ez baitago harremanean edo lantaldean akordiorik. Baiezkoa esaten, jartzen ez badugu ordea, besteak hartu egiten du batzuetan. Eta espero du. Bereziki lan eremuetan epeek, zereginek eta salmentek beren presioa nabarmentzen digutenean. Gure denborak eta baliabideak ez dira mugagabeak. Baina galdu egiten ditugu, hitzarmen ahulen itsasoetan, itxarotean eta ezinegonean xahutzen diren energietan, eta beste lanetara jartzen ez diren arreta denbora eta baldintzetan.

Bai esaten dugun une berean zerbait ixten da. Batzuetan “klik” forma har dezake, eta bestetan komunikazio eta harreman mailan gauzatzen da. Hitzarmena deitzen diogu, eta argia, agerikoa eta egiazkoa izatea talde lanean konfiantza elikatzeko praktika dugu. Hori guztia, eta hori soilik.

Lotuta
Lotuta | Argazkia: Aran Erasun