Lanpostu edota lantoki berria. Dena eta denak ezezagun, arrotz. Nora etorri naiz? Non sartu ote naiz? Galdera ohikoak bezain aztoragarriak hainbatentzat, inongo ezbairik gabe. Inondik inora, lehen lanegunak ez dira izan inoren plazerekoak, dena itsu-itsuan egin behar izaten baita askotan, hanka sartzeko beldur galantarekin, eta okerrena, itzelezko bakardade sentsazioarekin.
Enpresek funtsezko papera dute langile hasi-berri baten lehen egunetan, eta nola ez, jakitun izan behar dute enpresaren ohitura, kultura edota funtzionamenduaren gaineko ezagutza falta izan dezaketela. Gainera, aipaturiko informazio falta ez da profesionaltasun ezaren isla, ezta gutxiago ere. Erakundearen eta bere partaideen zeregina izan beharko luke kide berriaren egokitze-aldiko bidelagun izatea.
Onboarding prozesua behar den moduan egiteak abantaila itzelak izan ditzake, bai behargin berriarentzat, bai enpresarentzat. Erakundearekiko konpromisoa areagotu, produktibitatea handitu, enpresaren helburuekin bat egin edota harreman-sarea sendotzen laguntzen baitu, besteen artean. People Fluent Researchek egindako ikerketa baten arabera, lanpostua uztea erabakitzen duen %25ek lehen 45 egunetan egiten du, eta hasiberrien %70ak lehen sei hilabetetan erabakitzen du aurrera egin ala ez. Beraz, argi dago etorri berriak behar den moduan artatzea garrantzitsua dela, bi alderdientzat baita onuragarria.
Egoera ezin hoberenean, honakoa jasotzeko aukera izan beharko genuke: harrera pertsonalizatua, harrera gidaliburua, lankide guztien aurkezpena, tutorea esleitu edota hamabostean behin lehen egunen inguruko feedbacka ezagutu, baita arduradunekin egokitzapenaren inguruko bilerak egin ere. Hori, ordea, zenbaitetan utopiaren isla besterik ez da. Idilikoa, horixe. Izan ere, gehienetan lana ateratzean zentratzen gara, zenbakietan, eta ez dugu begiratzen nola dagoen lana aurrera ateratzen ari den pertsona. Pertsona delako, eta nola ez, beharrak dituelako.
Datuek nahiz testigantza pertsonalek argi diote; lehen lanegunek aho zapore gazi-gozoa utzi ohi dute, hainbatetan gazitik gehiago gozotik baino. 2025eko apirilean, Michael Pagek argitaraturiko ikerketa baten arabera, behargin berrien %49k, lehen eguna eta gero enpresa uztea birplanteatu du, eta horietako askok hastapenean bizitako oroitzapen desatseginak dituzte. Zenbakiek ez dute inongo zalantza izpirik uzten, eta berresten dute oraindik ere bide luzea dugula egiteko. Izan ere, %37k ez zuen onboarding prozesuaren egutegirik jaso, %74k ez zuen inongo ongi etorri jarduerarik izan, eta laurden batek sentitu zuen lantaldearengandik jasotako babesa ez zela nahikoa izan. Tristea da, baina, zoritxarrez errealitate gordina.
Hainbatetan zenbaki hutsak garelakoan nago; produktua, merkantzia... Izena dugu, beharrak ditugu, eta hori ez dadila ahanzturan erori. Ez diogu edonori salduko gure denbora, benetan merezi duenari baizik, zaintzen gaituenari, haintzakotzat hartzen gaituenari.