Kazetaria eta komunikazio-aholkularia

Baldin badago…

2025eko urriaren 14a
Pilar Kaltzada Gonzalez

Ezagutzen nautenek dudarik gabe esango dute oso-oso txarra naizela txisteak kontatzen. Hala da. Eta hala izanik ere, umoreak liluratu egiten nau, batez ere elkarrizketa txinpartatsuak eta bizkortasuna harilkatzen dituen ironia zorrotz horrek. Ondokoa horren adibide ezin hobea da.

 

Bere obra baten estreinaldia zela eta, Bernard Shawek gonbidapena bidali zion Winston Churchilli ohar batekin: "Bi eserleku gorde dizkizut lehen emanaldirako; lagun batekin etor zaitezke, lagunik baldin baduzu, noski". Churchillen erantzuna berehalakoa izan zen: "Eskertzen dizut gonbidapena, baina ezin izango naiz lehenengo emanaldira joan. Bigarrenera joango naiz, bigarrenik baldin badago, behintzat". Bikaina.

Hartu-eman laburra eta bizkorra, adimenaren eta umorearen harribitxia da, eta edozein tratatuk baino argiago islatzen ditu hitz zorrotzen indarra eta buru azkarraren ahalmena. Elkarrizketa-molde horrek ideia-trukea beste dimentsio batera eramaten du, eta, harekin, pertsonen arteko harremana bera aberastu egiten da. Umore erraza eta zatarrarekin zerikusirik ez du. Izan ere, umorea horrela aplikatzen denean, ez du inor barregarri uztea bilatzen eta zatitu beharrean, konektatu egiten du. Aldea handia da, nola etxean hala politikan.

 

Eta bai, politika aipatu dut, azken aldian umore dotore horren antipodetan dagoen arren, atzera itzuli delako, beste behin ere, ahots komikoak zelatatzen. Zenbat eta makurragokoa izan boterea, orduan eta zorrotzagoa umorearen kontrako bere jarduna. Historia adibidez beteta dago. Voltairek esan zuen: "Jainkoa, dohain bakar bat emango badidazu, hauxe izan dadila: egin barregarri nire etsaiak". Umorea boterearen figurak bere eskala errealera itzultzen dituen ispilua da. Eta ispilu hori apurtzen denean, denok galtzen dugu adimen kolektiboko mekanismorik finenetako bat.

Estatu Batuetako adibidea dabil bolo-bolo, baina ez gara batere urruti ibili Europan, ez da? Kontua da berriro altxatu dela (inoiz baretu bada) komikoen kontrako oldarraldia eta nire buruari galdetu diot zerk egiten du umorea horren arriskutsua eta, ondorioz, horren indartsua.

Gero eta zorrotzagoa den enpresa-munduan, umorea lidergo eta talde-kohesiorako tresna bihurtu da. Harvard unibertsitatean egindako ikerketaren arabera, umorearen bidez produktibitatea %30eraino handitu daiteke. Ez da soilik umorearengatik izango, noski, baina ikerketak argi erakusten du pisu bereizgarria duela, besteak beste, estresa murrizten, sormena estimulatzen eta konfiantza sortzen. Gallupen beste ikerketa batek datu horiek baieztatzen ditu: laneko gogobetetze-maila altua duten enpresek aitortzen dute "umore osasungarria" beren kulturaren parte dela, %21 errentagarritasun handiagoa eta %17 produktibitate handiagoa erregistratzen dutelarik.

Centre for Economic Policy Research (CEPR) ikerketa-taldeak egindako lanak erakutsi du ongizatearen eta produktibitatearen arteko erlazioak modu zirkularrean funtzionatzen duela: arrakastak zoriontasuna sortzen du, eta aurretiko zoriontasunak produktibitatea %12 inguru handitzen du. Emozio positiboek (eta umorea horien artean garrantzitsuenetakoa da) gaitasun kognitiboa hedatu egiten dute, lankidetza hobetzen dute eta sormena areagotzen dute. Bestela esanda, zoriontasuna —eta horrekin batera umorea— ez da ondo egindako lanaren ondorio bat, horren arrazoietako bat baizik.

Umorea konfiantzaren hizkuntza da. Bestela isilduko genituzkeen gauza asko azalera ekartzeko aukera ematen du, horretarako baldintzak sortzen dituelako. Gatazkak lehertu baino lehen kudeatzen laguntzen du eta pertsonen arteko loturak sendotu egiten ditu. Stanfordeko unibertsitateak egiaztatu zuen umorea modu positiboan erabiltzen den inguruneetan lankidetza %30 handitzen dela eta pertsonen arteko krisiak erdira murrizten dela. Kontua ez da lana hutsaltzea, lan egiteko modua gizakion neurrikoa egitea baizik.

Horregatik, agian, umorea gure erakunde eta lan-taldeen osasunaren adierazle bikaina da. Txantxarik txikiena egitera ausartzen ez zaren tokietan, desadostasunak agertzen ausartuko zinateke? Ni neu ez. Etengabeko solemnitatea zurruntasun kulturalaren lehen sintoma da eta malgutasunik gabe ez dago berrikuntzarik.

Neurriz, tonuz eta garaiz egindako komentario bizkor batek edo txantxa batek bilera bat salba dezake, talde bat adiskidetu edo ideia bat desblokeatu.
Umorea, adimena bezala, berdinen arteko elkarrizketa da eta berdintasun horretan datza, hain zuzen ere, lan-taldearen berezko indarra.

Hurrengo astearteko artikuluan ikusiko dugu elkar (baldin badago, noski).