Bartzelona ere mihiluze

FC Bartzelonak Rolling Stonesen mihi mitikoa estanpatuko du urriaren 28ko Real Madrilen aurkako partidan. Hirugarren aldia da klub katalanak bere elastikoetan artista baten logoa jartzen duena —Drake eta Rosaliaren ondoren—, eta jada ez gaitu harritu. Spotify musika eta podkast plataformarekin, aldi berean Camp Nouri izena ematen dioena, sinatutako babes-akordioaren ondotik etorri diren babesletza ideiak dira. Azken mugimendu hau ez da kasualitatea izan: banda britainiarraren Hackney Diamonds disko berriaren jaurtiketa-kanpainaren parte da mihi mitikoaren ikurra Bartzelonako kamisetetan jartzearen arrazoia. Eta berri hori zutabera ekarri? Berrikuntza eta sektore arteko elkarlan garbi bat uztartzen duelako.

FC Barcelona Spotifyrekin babes akordio batera iritsi zen joan den martxoan: Suediako konpainia babesle nagusi bihurtu, Camp Nouri lau denboraldiz izena eman eta jokalarien elastikoen aurrealdeko aldaketak barnebiltzen zituen 64 milioi euroko akordio galaktiko batean. Horrek ekarri ditu gerora Rosaliarekin eta Drakerekin egin zituzten akordioak, eta azkena, aipatutakoa, aste honetan bertan.

 

Aitortu behar dut horrelako akordio bat egiteak magia dirudiela, eta irudimen asko behar dela asmatzeko. Ekitaldi bakar batean bi marka ikonikoek bat eginez, indarra biderkatzen lortzen dute. Bartzelonarentzat talde britainiarraren edota bestelako musika entzuten duen publiko zabalagoa erakartzeko aukera da; eta era berean, Rolling Stones taldea kirolaren zale sutsuengana hurbiltzen da, agian beren musikaren jarraitzaile ez direnengana. Jakina da, era berean, Mick Jagger, Keith Richards eta Ronnie Wood futbolzale porrokatuak direla, eta etekin komertzialetik haratago doala akordio hau.

Dagoeneko aurkeztu dute elastiko honen edizio mugatua, eta urriaren 23tik aurrera 1.899 ale jarriko dira salgai publikoak eros ditzan. Akordioaren jakinarazkenak timingarekin ere badu zerikusi zuzena. Zergatik orain? Sinkronizazioaren garrantzia ere erakusten du. Hain zuzen, Rolling Stones taldearen Hackney Diamonds album berria eta Real Madrilen aurkako lehia bezalako kirol-ekitaldi esanguratsu bat batera aurkezteko antolatu dute lankidetza, eta bi aldeek ziurtatu dute erakusleiho bikaina izango dela.

Hortik guztitik hainbat irakurketa eta ikasketa atera nahi nituzke. Ziur ez dugula horrelako irisgarritasunik lortuko —mundu mailan ezagunak diren markak baitira—, baina nola eraiki industrien arteko lankidetza? Lehenik eta behin, interes komunak identifikatuz: merkatu edo publiko objektiboarekin bat datozen markak edo entitateak bilatzea. Bestetik, timinga. Ez dago une perfekturik, baina bi aldeen egutegiek bat egiten duten gertaera edo jaurtiketa garrantzitsuekin lerrokatu daiteke lankidetza. Eta azkenik, balio erantsia: ziurtatu lankidetzak proposamen balio bakarra eta diferentziala eskaintzen duela, zuk eta zure bazkideak bakarka ezin dezakezuena eskaini.

FC Barcelona eta Rolling Stones taldeen arteko akordioa babes hutsa baino gehiago da; kasu-azterketa bat da, sektorez gaindiko aliantza onuragarriak planteatzen dituena eta gure unibertsitateetako marketin, enpresagintza eta marka graduetan lantzekoa. Arlo teknologikoan, akademikoan edo mediatikoan bazaude, zure lankidetza- eta babes-estrategian atera eta aplika daitezkeen ikasgai baliotsuak daude. Aprobetxatu!

Gaurko nabarmenduak
irakurrienaK