• IRITZIA
  • Baserritarra naiz, eta harro nago
Gipuzkoako ENBAko presidentea

Baserritarra naiz, eta harro nago

2022eko maiatzaren 16a
Eg. 2022eko maiatzaren 16a
inaki goenaga enba

Ixidro deunaren jaia ospatu genuen atzokoan eta aitzaki honetaz baliatu nahiko nuke, baserritarrok eta baserriak, egungo gizartean betetzen dugun eta duten funtzioa aldarrikatzeko eta balioan jartzeko.

 

Aspalditik gabiltza esanaz gure ogibidearen funtzio nagusia dela elikagaiak ekoiztea, eta horretan dihardugu buru-belarri gure egunerokoan, elikagaiak ekoiztu eta elikagaiak merkaturatzen, hala zirkuitu laburrean, nola distribuzioaren bitartez, ahaztu gabe baserritarrok basoak kudeatuz ekoizten dugun egurra.

Aspaldi dakigu gure ogibidea ez dela besteena bezalakoa; ez hobea, ez okerragoa, ezberdina eta berezia, besterik gabe, elikagaiak eta egurra ekoiztean, herriaren elikadura osasuntsurako produktuak eta altzariak edo etxegintzarako egurra ekoiztearekin batera, natura zaindu eta lurraldea kudeatzen dugulako. Banaezinak dira. Gure mahaietara iristen diren esnea, eztia, fruta, barazkiak, okela, arraultzak, gazta, sagardoa eta txakolina ekoiztean, lurra zaindu eta elikatzen dugu, lurra emankorra eta eskuzabala izan dadin; belardiak eta basoak kudeatzean, gure herriak hainbeste maite duen paisaiari forma ematen diogu; berezkoak diren arrazak eta elikagaiak ekoiztean, biodibertsitateaz gain, Euskal Herriaren ezaugarri nagusienetarikoa den gastronomia bermatzen dugu eta eguneroko jardunean natur baliabideekin elkarbizituta, gure herriarentzat hain beharrezko diren ura, airea eta lurra zaintzen ditugu, gizarte osoaren onurarako.

 

Hau horrela izanik ere, baserritarrok elikagaien salmentetatik bizi nahi dugu, eta hortik aurrera, datozen dirulaguntzak ondo etorriko dira, betiere elikagaiak eta egurra ekoizteaz gain, egiten ditugun gizarte osorako onura publikoagatik. Ez, ordea, elikagaien prezioa merketzeko edo beren balorea gutxiesteko. Egiari zor, horretarako behar-beharrezkoa dugu gizarte guztiaren babesa, eta elikagaien katea berrantolatzea, gardenagoa, justuagoa eta orekatuagoa izan dadin.

Gizarte osoaren babesa aldarrikatzean ez gara ari limosna bila. Gizarte osoaren onerako egiten ditugun gainontzeko lanak balioan jarri nahi ditugu eta bide batez, gure bizilagunei eta kontsumitzaileei ohartarazi nahi diegu baserritarrak babestuz baserritarrek egindako onura publikoak babesten ari direla; hau da, beren onerako ari direla.

Baserritarrok, umiltasun osoz baina ozen diogu, oso harro gaudela baserritarrak izateaz eta egiten dugun lanaz. Baina aldi berean ere diogu, berandu baino lehen, garai konplikatuak eta nahasiak bizitzen ari garenez, gizarte osoaren babesa behar dugula.