• IRITZIA
  • Begiratu ispilura: ingeniari itxura duzu?
Deustuko Unibertsitateko Ingeniaritza fakultateko irakaslea eta ikerlaria

Begiratu ispilura: ingeniari itxura duzu?

2026ko azaroaren 24a - 05:30
mari luz guenaga

RAEk honela definitzen du ingeniaritza: "Baliabide naturalak aprobetxatzeko edo industria-jarduerarako teknikak asmatzera eta erabiltzera bideratutako ezagutzen multzoa". Horrela esanda, zaila da imajinatzea zertan lan egiten duen ingeniaritzan aritzen den pertsona batek eta non, norekin edo zertarako balio duen egiten duenak. Lanbide hauetan aritzen garenontzat zaila da gure lana azaltzea, sarritan gure ekarpena ikusezina delako. Gainera, ez dago ingeniaritza bakarra; dauden ingeniaritza ugarietatik abiatuta garatzen diren milaka lanbide daude: EAEn bakarrik, horrekin lotutako 26 unibertsitate-gradu inguru daude.

Are gehiago korapilatzeko, ez daramagu identifikatzen gaituen inolako bereizgarririk: ez daramagu bata zuririk, gutako batzuek baino ez ditugu betaurrekoak erabiltzen; ez gara une oro zenbakiez hitz egiten ari edo kalkulu-orriak betetzen ibiltzen; eta "gure artean emakumeak ere badaude". Azken finean, kalean gurutzatzen duzun edonor aritu liteke ingeniaritzan, eta zuk ez zenuke jakingo.

 

Baina zergatik axola beharko liguke ingeniari batek egiten duena ezagutzeak ala ez? Egunero erabiltzen ditugun produktuak, zerbitzuak eta azpiegiturak diseinatzen dituztelako, eta horrek gure bizitza baldintzatzen duelako; egungo eta etorkizuneko erronka txiki eta handiei aurre egiteko funtsezkoak direlako; eta ezagutza demokratizatzen eta pentsamendu kritikoa sustatzen dutelako. Herritarrok horretara guztira hurbildu behar dugu, eta ate horiek gazteenei ere ireki behar dizkiegu, arlo horiek ezagutu ditzaten, horienganako interesa piztu dakien eta erakarrita sentitzen direnek gizartean eragin handia duen lanbide bat garatu ahal izan dezaten.

Teknologian, ingeniaritzan edo zientzian aritzen garenok ikusarazi behar dugu geure burua, estereotipo asko baitaude nolakoak garen, zer egiten dugun edo denbora librea zertan ematen dugun ("a qué dedicamos el tiempo libre", Peralesek esango lukeen bezala). Nekatuta nago "zelan igartzen den ingeniaria zarela" edo "ingeniari-burua duzu" bezalako esaldiak entzuteaz. Zer esanik ez gure alderdi artistiko edo humanistaz! Definizioz, ez dugu halakorik, eta ez da gugandik espero ere. Horregatik, STEM (Zientzia, Teknologia, Ingeniaritza eta Matematikak, ingelesezko sigletan) esaten zaien arlo horiez hitz egiten denean, arteen A hizkia gehitzen zaio (eta STEAM bihurtzen da), "gure gabeziak osatzeko".

 

Horregatik gustatzen zaizkit hainbeste 2015ean Isis Anchaleek abian jarritako #ILookLikeAnEngineer bezalako kanpainak; horietan, ingeniaritzan aritzen ziren benetako pertsonek erakusten zuten euren burua. Nolakoak dira pertsona horiek? Askotarikoak. Adin, arraza, kultura, genero, estetika eta izaera guztietakoak (nahiz eta azken hori argazkietan ez ikusi). Gure estetikan edo izaeran ez dago modu uniformean definitzen gaituen ezer.

Guzti horrengatik, gure ingurune hurbilenean, gure egunerokoan, lagunekin eta familian, zertan gabiltzan kontatu behar dugu: zer proiektutan gauden, zer erronkei heltzen diegun, zertarako balio duten, nola lan egiten dugun eta egiten dugunak norengan duen eragina. Badago nahikoa prentsa txar teknologiaren inguruan, Interneteko arriskuen inguruan edo adimen artifizialak dakartzan mehatxu guztien inguruan. Baina zer gertatzen da medikuntzan, nekazaritzan, zaintzan, garraioan, etxebizitzan, komunikazioetan, musikan edo antzerkian —beste askoren artean— sarbide hobea eta zabalagoa izatea ahalbidetzen duten milaka eta milioika aurrerapenekin?

Animatzen zaituztet, ingeniariok, teknologook, zientzialariok, munduari zeuen burua erakustera, mundu trebatuagoa, kritikoagoa eta arlo horiek ezagutzen dituena lortzeko, eta dagokion neurrian baloratu ditzan, dagokigun neurrian baloratu gaitzan.

Gehitu EnpresaBIDEA Google-ren iturri hobetsi gisa doan  

Egon zaitez azken berriekin informatuta  

 
Aktibatu orain