• IRITZIA
  • Beharginen duintasuna, enpresaren etorkizuna
Pertsonen saileko kidea eta irakaslea

Beharginen duintasuna, enpresaren etorkizuna

2025eko irailaren 26a
Unai Oñederra Lasa

Politikariek, enpresariek eta buruzagi rola duten gehienek bat egiten dute gure herrialdeko ekonomia edota enplegua izaten ari den bilakaeraz aritzerakoan. Hazten ari omen gara, hazkunde bete-betean omen gaude, inoizko langabezia-tasarik baxuena dugu… Zalantzaz beteriko adierazpenak, ezbairik gabe. Hala, esandakoak sinetsi beste erremediorik ez dugula dirudi, bai egunkari, bai irrati, bai sare sozialetan, etengabe gure mandatariek herrialdea zoragarri daramatela entzun baitaiteke. Askotan neure artean pentsatzen geratzen naiz; dena hain ongi badoa, zergatik dira kexu gure gazteak lan-baldintzez? Behin ikasketak amaituta, askok eta askok zer dela eta hartzen dute jaioterritik ospa egiteko hautua? Zerbait bide onetik ez doan seinale.

 

Agintariak baino, etorkizuneko belaunaldiak entzun beharko genituzke; beraien beharrak, nahiak, ahotsa edota ezinegonak aztertu beharko genituzke, eta nola ez, ezinegon orori konponbidea topatu. Horren harira, Gazteriaren Nazioarteko Eguna aintzat hartuz, aurtengo uztailean Eusko Jaurlaritzak Gazteen Euskal Behatokiarekin elkarlanean egindako ikerketa bat aurkeztu zuen. Bertan, kontuak kontu, gazteen %70k egungo beren lan egoera “positiboki” baloratzen dute. “Positiboki” baloratu, edo dagoenarekin konformatu behar akaso. Izan ere, txanponaren beste aldean, enpleguaren egonkortasun falta edota kontziliaziorako zailtasunaren inguruan arrangura agertu da, eta zerrendaren buztanean, berriz, soldatarekiko desadostasuna.

Jar gaitezen une batez gaur egungo gazte langile hasiberrien azalean. Langileen Egunaren harira, Gazteen Euskal Behatokiak argitaratutako txostenaren arabera, 18-29 urte arteko gazteen batez besteko soldata garbia (ordainketen hainbanaketa eginda) 1.368 eurokoa izan zen 2023. urtean. Aldi berean, 900 edo 1.000 euroko alokairuak, elikagaien prezioak gora eta gora, hornidurek ere beherantz egiteko joerarik ez… Beraz, hilabetearen bukaeran zer? Ezer ere ez. Hori da nire inguruko hainbat eta hainbaten artean entzuten dudan ihardespen nagusia. Aurrezteko ahalmenik ez, eta hori gutxi balitz, horietako frankok gorriak ikusi behar eta hilaren bukaera hamargarren egunerako heltzen baitzaie —eta gero beste 20 edo 21 egunez biziraun behar—.

 

Bizitza etengabe garestitzen ari da, eta ez, noski, gure soldatek gorantz egin duten erritmo berean. Are okerrago, urtez urte gure erosahalmena murriztuz doa. Etorkizuna beltz ikusten omen dute belaunaldi berriek, eguzki printza txikiena ere ikusteko esperantzarik gabe.

Aterabidea, orduan? Ezbairik gabe, atzerrira alde egiteko hautua. Gehienen kasuan ez behintzat desio dutelako, duintasun apur bat bilatzeko ilusioz baizik. Gure enpresek eskainiko ez dizkieten lan-baldintzak topatuko dituztelakoan, gaztetasunak pizten duen sugarrari tinko eutsiz. Guk hezi eta trebatu, ikasi, eta alde egin. Bitartean, eskuak gurutzatuta egon eta talentuari alde egiten utzi, hau da hau panorama!