Bekadunengatik, topa!

Zenbat bekadun izango genituen lankide urte hauetan. Zenbat gazte, gradua amaitu, masterren bat egin eta lehenengo lan esperientzia enpresa eta entitate batean bekadun gisa lan egin dutenak. Zenbat ikasgai, aholku, gomendio eta berrikuntza ekarri dituzten, freskura, ideia eta metodo berriak lantokian. Askotan berria denak ofizioa ikasi beharra duela esaten dugun arren, alderantziz izan ohi da. Unibertsitatetik atera berri diren gazteek, edo bestela esanda “bekadunek”, ekarri ohi dituzten dinamika, ideia eta baliabide berriak ofizioa bera tentsio positibo batean, aldakor eta berrikuntza etengabean mantentzen duten profesional berriak dira. Haiengatik eta haientzako gaurko zutabea.

Aurreko astean Espainiako Gobernuko Lan Ministerioak bekadunaren estatutua aurkeztu zuen, praktiketako ikasleen gehiegikeriak zuzentzeko sindikatuekin eta unibertsitateekin hitzartu duen testua. Hitzarmenaren gako nagusien artean, gradu baten praktika kurrilkularrak 60 kredituetara jaistea adosten da hitzarmenean. Beste modu batera esanda, jardunaldi osoko praktiken ezingo dute 188 egun baino gehiagokoak izan. Eta curriculumetik kanpoko praktikak, aldiz, 480 egun gehienez.

Estatutu berri honen negoziazioen atzean zegoen giltzarria azken hau zen, kurrikulumetik kanpoko praktikak; izan ere, iruzur gehien sortzen dutenak dira. Enpresa askotan gastuak mehetzeko sistematikoki erabiltzen den praktika bat da bekadunak 'kontratatzea'. Eskulana ordezkatzeko erabiltzen dituzte, ikasleek ikasteko duten gogoa eta borondatea behin eta berriz aprobetxatuz. Bekadun bat kontratatzea oso merke ateratzen baita, aizu! Beste lankide askoren artean oso finak izaten dira gehienak, borondatez praktikak egin nahi dituztenak —extrakurrikularren kasuan behinik behin— eta behar diren lan-orduak sartzeko prest dauden profesionalak. 

Praktikak ez dira inoiz lan-harremantzat jo, baina oraingo estatutuan ñabardura bat erantsi dute, enpresa askok kontuan hartu beharko dutena: “Egindako jarduerak langile baten eginkizunak ordezten dituenean lan-harremantzat kontsideratuko da”. Eta horri gaineratzen dio: “baita enpresan garatutako jardueraren eta praktikei lotutako prestakuntza-ibilbideko programa, curriculum edo gaitasunen artean zuzeneko loturarik ez dagoenean”. Hau da, ikasi dutenak eta enpresan egiten ari denak zerikusirik ez duenean.

Ez dut esango ideala denik, beti baitaude gauzak hobetzeko, baina aurrerapauso eta berri ona izan da gazteon baldintza eta segurtasunerako. Aipagarriak diren beste puntu batzuk ere badaude: bekadunek ezingo dute lan-talde osoaren %20 baino gehiago izan, bekadunak izan ditzaketen gastuak ordaindu beharko dituzte enpresek, ezingo dute gauez eta txandaka lan egin, eta legalki lan-harremanik egon ez arren, langileek lantokian dituzten zerbitzu eta baldintza berdinak —aparkalekua, jangela, atsedenerako espazioa…— izango dituzte ere bekadunek.

Hankamotz gelditzen den gaia soldatarena da. Inoiz ez da bekadun batek soldata izatera behartu enpresarik, ezta egingo ere. Enpresa askok borondatez eta behar bezala baloratuz egiten dute soldatarena, baina gutxi batzuen boterearen erabilerarengatik nahi eta nahi ez hartu beharreko neurria da hau. Negozio-eredu berri asko, eta gehienak digitalak, oinarritzen dira eskulan merkean, bezeroari lan zerbitzu berdina eskaini, baina etekina behar lukeena baina handiagoa izan dadin. Egun batean atzera begiratuko dugu eta “garai hartan normal ikusten ziren astakerietako bat” bezala ikusiko dugu egun bekadunekin egiten dena. Denok izan garelako behin edo behin “praktiketakoa”. Bekadunengatik, topa!

Gaurko nabarmenduak
irakurrienaK