Belaunaldi-aldaketa

Alderdi politikoak egiten hasi dira, eta baita enpresak, gizarte-mugimenduak, langile publikoak eta kultura-eragileak ere: belaunaldi-ordezkapenaren garaian gaude arlo guztietan. Askotariko eraldaketen albo-ondorioa da lidergoak eskuz aldatzea eta kosta egingo zaigun arren, baina pauso bat albora egin behar dute (egin behar dugu) mundua hona ekarri dutenak (dugunak), zerbait egiazki berria sortuko bada. Erresistentziak handiak izango dira, pribilegioei uko egitea naturaren kontrakoa izateaz gain, zintzotasuna ere eskatzen duelako.

Belaunaldi guztiek harrokeriaz begiratu izan diete bere aurrekoei eta eszeptizismoz gerokoei. Handikien gisan kokatzen gara denbora-lerroan, izan zenari eta izango denari esangura propio bat eman dion kate-begia garelako uste ustelez. Pentsalari klasikoak irakurtzea besterik ez dago ikusteko gaur egun erabili ohi ditugun hitz ia berberak erabili izan zituztela beraiek, adibidez, gazteen balizko utzikeria eta konpromiso falta salatzeko. Denborak berak erakutsi digu okerra dela pentsamolde hori, baina behin eta berriro estropezu egiten dugu harri beraren kontra. Boterean dagoen belaunaldia berez da larderiatzailea, bere mundu-ikuskerarekiko harroa.

Z belaunaldiaren garaia da hau, 90.eko eta 2000.eko hamarkaden erdian jaio eta teknologiaren eraldaketaren zurrunbiloan hazi direna. Gure seme-alabak diren arren, ez ditugula ezagutzen esanda adierazten dugu sortzen diguten mesfidantza.

Esne-mamitan hazi direla esaten dugu, kontuan hartu gabe berealdiko krisi eta kalapitek sekulako eragina izan dutela berengan. Oso indibidualistak omen dira, erantzukizun kolektiboei izkina egiten trebeak, hedonistak bizitza antolatzeko orduan, eta berehalako plazer eta lorpenen zaleak. Hiper-aurrerakoiak omen dira gai batzuetan, baina beste askotan kontserbadoreegiak direla uste izaten dugu. Beren garaia omen da, biologikoki tokatzen zaie ardurak hartzea, baina duda egiten dugu kapaz izango ote diren. Duda bera izan zuen gurekiko aurreko belaunaldiak.

Belaunaldiek pentsamolde, jarrera eta ideologia komuna partekatzen dutela uste izaten dugu eta horren arabera antolatzen dugu gure pentsamendua. Azken finean, urte-tarte bertsuan jaio dira, garai berean bizi izan dira eta beraz, prestakuntza, mundu-ikuskera eta balore bertsuak omen dauzkate. Oker gaude, beste behin ere. Stanford Unibertsitatetik ikerketa baten berri eman dute zeinak erakutsi duen Z belaunaldi bat baino gehiago dagoela, gutxienez bi, gizon eta emakumeen artean dibergentzia gero eta handiagoa dagoelako.

Arrakala ideologikoa mundu osoan gertatzen ari da: gizon gazteak gero eta kontserbadoreagoak dira, emakume gazteak nabarmen aurrerakoiagoak diren bitartean. Ikertzaileek jazarpenarekiko erreakzio masiboa kokatu dute arrakala horren jatorri gisa,  baina datuek erakusten dute arlo ia guztietara zabaldu dela. Herrialde gehienetan joeran bertsua izan da: emakume gazteak balore eta konpromiso aurrerakoietara mugitu dira immigrazioa, justizia soziala, feminismoa edo krisi klimatikoaren arloetan, beren gizon adinkideek batere mugitu ez edo eskuinera egin duten bitartean.

Lidergoak berritu behar ditugu, baina auzia ez da soilik biologikoa. Gizon eta emakume gazteek mundu konplexu bat kudeatzeko erantzukizuna partekatzen dute, baina batzuen eta besteen ikuskera ez da berbera. Emakume gazte liderrek erakutsiko digute beste behin oker ginela gazteekiko mesfidati agertzean. Aukera ematen  badiegu, noski.

Gaurko nabarmenduak
irakurrienaK