Azkenaldian gero eta gehiago entzuten ari naiz, elkarrizketetan, iritzi eta askotariko analisitan, ondoko hau: gurea izan zen gauzak ganoraz egin zituen azken belaunaldia; batzuetan apalago jartzen gara eta aukerak izan zituen azken belaunaldia garela esaten dugu. Aldea dago, baina ez demasekoa. Gu garaiz iritsi omen ginen eta ondoren etorri den guztia gainbehera kudeatzea baino ez omen da.
Mantra horrek esparru guztietan omen du tokia: politikan zein ekonomian (barkatu errepikapena), kulturan zein gizartearen eraikuntzan (barkatu, beste behin ere). Ez da harritzekoa, kontuan hartzen badugu gehien entzuten diren ahotsak belaunaldi berekoak direla ia beti, testuinguru, kultura eta jatorri antzekoak dituztenak, eta sarri, kanpotik datozen ertzetakoak atean bertan uzten dituztenak. Zarata handia dago, bai, aniztasun gutxi.
Behin hau esanda, gatozen mamira.
Batzuetan zaila da bereiztea diagnostikoa eta aitzakia. Ezer egitekorik ez dagoela esaten dugunean, izan ere, kontakizunaren zatirik deserosoena alde batera uzten dugu: geure erantzukizuna. Belaunaldi handinahiaren alborapenak etorkizunari pesimismoz begiratzen dio, eta, bide batez, iraganarekiko kontu-eskeak baztertu egiten ditu. Erosoa bezain tranpatia. Zintzoak izatea ezinbestekoa da, horrek geure teilatua harrika egitea esan nahi badu ere.
Niri eta nire garaikoei oparotasun erlatiboan haztea egokitu zitzaigun, eskubideak zabaltzen ari ziren garai baten, aurrerapena lineala izango zela uste zen garaian. Ongizate-eredu horrek, akatsak akats, horizonteak zabaldu zizkigun eta egonkortasuna eskaini zigun. Izatekotan, hortxe bukatzen da gure meritua, beti ere, meritutzat jo badaiteke leku eta une egokian jaio izana, noski. Hori bezain egia da, baina, eredu hori kontabilitate osatugabe baten gainean eraiki zela: garapen horren kostuak beste batzuei pasa genizkien, planetari, beste lurralde batzuei, zaintza-lan ikusezinak bere gain hartu zituzten emakumeei, eta bereziki gaur faktura ordaintzen ari diren belaunaldi berriei.
Hamarkadetan aurrerapenak pilotu automatikoa zuela sinetsita jokatu genuen. Demokrazia, bakea edo kohesio soziala atzeraezinak zirela uste izan genuen. Instituzioen higadura gutxietsi egin genuen, desberdintasun gero eta handiagoak onartu genituen, eta egonkortasuna immobilismoarekin konfunditu. Bien bitartean, zinismoak aurrera egin zuen, politika teknifikatu egiten ari zen, eta epikak hustu egin ziren. Ez gara hona iritsi ustekabeko istripuen segidaren ondorioz, pilatutako erabaki txiki askoren metaketarengatik baizik. Batzuk asmo onez hartu genituen, eta beste asko pilotu automatikoaren gidatzea askoz erosoagoa delako. Ez dut esango plan maltzurrik egon izan zenik, ezta fede txarrik ere ez, baina atzera begiratzen dugunean, itsutasun estrukturala eta erosotasun dosi handiak ikusten dira. Hori ere gure kontabilitatean jarri behar da.
Testuinguru honetan tentagarria da belaunaldi gazteagoei muturretatik begiratzea: arazo gisa edo mirari gisa. Belaunaldi ahula, desmotibatua, ahaleginaren kulturarik gabekoa dela esan dezakegu, eta, kontrara, etorriko den belaunaldi salbatzailea, guk apurtutakoa konpontzera datorrena dela baieztatu. Diagnostikoek ia beti huts egiten dute sinplifikatzen dutenean, eta errealitatea, zorionez, interesgarriagoa da, baita deserosoagoa ere.
Nire belaunaldiak gauzek hobera egingo zutela pentsatzeko pizgarriak izan zituen. Gaur egun hogei edo hogeita hamar urte dituztenek, aldiz, promesak baino ez zituzten jaso finantzak, klima, osasuna eta geopolitika zartatu zituzten krisi-segida amaiezinean. Hori da euren paisaia. Nostalgian blai gaude gu, eta haiei leporatzen diegu itxaropenari uko egin izana, baina pazientzia da galdu dutena. Instituzioekiko mesfidati dira, eta ez da modagatik: pertsona desberdinak berdin babesteko gauza ez direla konprobatu dute. Lan-merkatua zalantzan jartzen dute eta askotan ez da nagikeria, kalkulu arrazionala baizik, asko eskatzen eta gutxi itzultzen duen sistema ondo ulertu dutelako.
Konpromiso faltaz hitz egiten dugu sarri, baina ez gara gai bere egin dituzten inplikatzeko modu berriak onartu eta esploratzeko. Ez dira lehengo militantzia-zaleak (eskerrak…), ez dira hamarkadetan egitura berean geratzen, baina hor daude: klima-aktibismo hiper-lokalean, memoria duen feminismo intersekzionalean, gazteek bultzatutako ekonomia sozial eta kooperatiboan, zentzua duten proiektu kultural eta digitaletan. Ez dute mundua abstraktuan aldatu nahi, gauza zehatzak lantzen dituzte, neurgarriak, hemen eta orain. Gu identifikatzen gaituen epika espero badugu, ez ditugu iristen ikusiko: antolaketa berri baten prototipoetan ari dira.
Gure belaunaldiak haztea zuen amets; datozenek, berriz, kontsumoari, lanari —etengabeko sakrifizio gisa ulertuta— eta higaduran neurtutako arrakastari mugak jartzen ikasten ari dira. Aurrerapenaren definizio berri batera iritsi dira, beharrak behartuta bada ere —gure ondareak ez duelako beste aukerarik uzten—, baina ez dezagun gutxietsi beren kontzientzia propioa. Mugak jartzen dituen beren etikak sustrai sakonak ditu: planeta eta bizitzak ez direla infinituak ulertu dute. Alferrik da jadanik, baina esango nuke mundua askoz hobea zatekeela bide hori lehenago hartu izan bagenu.
Ikuspegi harroputzaren alborapenak etorkizuna aurrera begira soilik jokatzen dela esaten digu, baina iragana nola kontatzen dugun ere jokoaren parte da. Idealizatzea erosoagoa da, bai, baina horrek kexa etengabera eta paralisira eramaten gaitu.
Gure belaunaldiak, belaunaldi guztiek bezalaxe, ez zuen den-dena ondo egin, ezta den-dena gaizki ere. Gauden tokian gaude, eta orain bai, aukera dugu zerbait erradikala egiteko: tutore izateari utzi, espazioak ireki, ateak zabaldu eta geuk gidatu gabe, belaunaldi berrien zerbitzura jarri. Gu ez gara asmatu zuen azken belaunaldia, baina erantzukizun honetan asmatu dezakeen lehenengoa izan gaitezke.