Etxebizitzaren inguruko eztabaidan badago ia inoiz lehen lerroan jartzen ez den kontzeptu bat: belaunaldi-justizia. Gaur egungo krisiaren muinean dago, baina asko kosta zaigu horren inguruan hitz egin eta neurriak hartzea. Eustaten arabera, azken hamarkadan EAE eta Nafarroako etxebizitzen prezioak %40tik gora igo dira batez beste, soldaten bilakaeraren oso gainetik. Honen aurrean, politikariei “zerbait” egiteko eskatzen diegu, eskaintza falta dela edota pisu turistikoak debekatzea eskatuz, baina egun dugun egoeraren atzean bada iraultzaileagoa litzaken beste neurri bat: boomerrek Z diren belaunaldiei etxebizitza erraztea.
Ez gara egoera beretik abiatzen ari diren belaunaldiez ari; arauak, baldintzak eta aukerak errotik aldatu dira belaunaldi batetik bestera, eta egun gazteek duten egoera ez da lehenago inoiz eman. Gaur egungo jabe askok etxebizitza beste testuinguru ekonomiko oso bestelako batean eskuratu zuten: prezioak soldatekiko askoz ere apalagoak ziren, hipoteka-kuotek ez zuren errentaren %20–25 gainditzen, eta egonkortasun laboralak bizitza-proiektuak planifikatzea ahalbidetzen zuten. Gaur, ordea, gazte askok —eta ez hain gazteek ere— beren diru-sarreren %40 edo %50 alokairura bideratzen dute, aurrezteko gaitasunik gabe, eta etorkizuneko jabetza-aukera sistematikoki atzeratuz joan da azken urteotan-
Datuak argiak dira. Eustat eta Eurostat bezalako iturriek diote gazteen emantzipazio-adina etengabe atzeratzen ari dela, eta etxebizitza-kostuak errentaren gero eta zati handiagoa hartzen duela. Hau ez da bizi-eredu berrien —askok, gehienetan boomerrak arrazoitzen duten bezala— ondorio hutsa, ezta “malgutasunaren” edo “lehentasun pertsonalen” emaitza ere. Ezarrita dagoen merkatu eta sistema baten dinamikaren ondorio zuzena da.
Sarritan diskurtso moralizatzaile bat erabiltzen da: gazteek ez omen dute aurrezten, ez omen dute sakrifiziorik egiten, edo ez omen dute konpromisorik hartzen. Baina nola aurreztu, sarreraren erdia oinarrizko behar batera bideratzen denean? Nola pentsatu epe luzera, segurtasun ekonomikorik ez dagoenean? Arazoa ez da belaunaldi baten jarrera, belaunaldiari denon artean ezarritako baldintzak dira. Etxebizitza jabetza-iturri nagusi —garai frankistan ezarritako mentalitatea— bihurtu denean, ezberdintasuna denboran metatzen da. Jabe izatea ez da soilik etxebizitza norberaren izenean izatea: ondare-sorkuntza da, segurtasun sentsazioa, eta askotan errenta osagarri bat. Jabe diren belaunaldiek abantaila estrukturalak pilatzen dituzte, eta kanpoan geratzen direnek atzerapen kronikoa jasaten ari dira; ezberdintasuna ez baita sortzen bakarrik, oinordetzan ere jasotzen da.
Horregatik, politikariek garbi esan eta eskatzen ez duten —botoak galtzearen beldur, noski— arren, belaunaldi arteko kontratu sozial baten beharrean gaude. Batzuen diru-iturri izan ari dena, besteen eskubide da, eta bien arteko orekarik lortzen ez dugun artean, alperrik izango dugu etxebizitza eraiki behar dela esan edota merkatuan interbentzio bat egin behar dela exijitzea. Soluzioak herritarrak du, esku artean.
Belaunaldi-justiziari buruz hitz egitea ez da erabakien errua banatzea. Ez da inoren errua etxebizitzaren krisia, baina etorkizuneko erabakien ardura hartzea bada guztiona. Etxebizitza-politika ausartagoak ezean, birbanaketaren hausnarketa eta eskuzabaltasuna —alokairuan edota saltzera doazen jabegoek batez ere— aktibatu beharrean gara: merkatuaren logika hutsetik harago doazen erabaki pertsonak eta sozialak hartu beharrean gara, gure buruari autoinposatu diezaiokegun politika sozial bat bailitzan. Hori gertatu ezean, 2027ko hauteskundeak arte ez dugu proposamen ausartik entzun eta disfrutatuko.