• IRITZIA
  • Beldurrak mikroa hartzen duenean
Komunikazio eta lidergo aholkularia

Beldurrak mikroa hartzen duenean

2025eko abenduaren 11a
Aran Erasun Urtzelaieta

Antzoki-areto bat, eszenatokira igotzean oinak dardarka, buelta eman, publikoari begira jarri eta… dena iluna, eta gainean zeuden fokuek itsutzen ninduten. Jendaurrean hitz egiteko izu horren hazia nire oroimenean bilatzen hasita, egoera hartara joaten zait burua. Ikasturte amaierako ekitaldia izango zen, badakit gurasoak publiko horren parte zirela, eta txiste hura kontatzera gonbidatu ninduen andereñoaren aurpegia ere ez dut inoiz ahaztuko. Hara gora igota zerbait esatea lortu nuela badakit, baina bereziki nire oroitzapenean dagoena gorputza hartu zidan izu hotz hori da. Barne tximista bat bezala, hitz batekin zetorrena: “erridikulua”.

 

Hamar urte inguru nituen, litekeena da gertakari hori nire oroitzapenean erabat distortsionatua egotea, baina horixe dute emozioek, forma ematen dietela gure pentsamoldeei ere, oroitzapen batzuk desagerrarazi eta beste batzuk indartzeaz gain. Kolore ilun batekin gorde da nire bizipenen liburutegian, eta hamarkadetan uste bati lotu izan zaio: “Nik ez dut jendaurrean hitz egiten, ezin dut”. Eta bai, niri gertatzen zitzaidan zerbait zela uste nuen.

Emakume gisa sozializatu garenon artean ohiko joera zela ikusi nuen, ebaluaketa iraunkorrean bizitakoaren arrasto, besteak beste. Ikusi besterik ez zegoen zenbatetan ginen lehenak hitza hartzen batzarretan, azalpenak ematen lehen lanetan, aurkezpenetarako boluntario. Eta konfiantza arrakala izendapenak halako patxada eman zidan. “A, honek izena dauka! Existitzen da, nitaz harago”. Izenak izana eskaintzen ei du, eta dimentsio kolektibo eta sozialak, zentzua. Hortik, beldurrekin ibiltzeko lurzorua.

 

Glosofobia deitzen zaio publikoan hitz egiteko beldurrari. Populazioaren herenari eragiten ziola ondorioztatu zuen Omid Ebrahimi norvegiar irakaslearen ikerketak, eta antsietate sozialaren nahasmenduaren atal gisa sailkatu. Eragin baldintzatzaileak ditu jardun akademiko, sozial eta profesionalean, eta gure lan jardueraren eraginkortasun eta garapen aukeren langa esanguratsu dugu.

Ez, ez da soilik “lasai, ondo egingo duzu” batekin pasatzen den urduritasuna, hiru dimentsiotan hartzen du gorputza beldur honek. Batetik, kognitiboan, aukerarik katastrofikoenak irudikatzen dituzten burutazioetan, alegia. Mamurtze pentsamenduek gogoa hartzen digute, eta oso urrutira iritsi daitezke. “Zurian geratuko naiz”, “ezer ez dakidala konturatuko dira”… ezagunak zaizkizue? Gure egia bilakatzen dira begiratuak eta entzunak izateko egoerak hurbiltzen direnean, eta gure etsai nagusi.

Dimentsio fisiologikoan adierazleak oso anitzak izan daitezkeela topatu dut urteotako jardueran. Batetik, abiadura eta emozionalitate bizi eta urduriarekin lotzen diren adierazleak aipatzen dituzte komunikazio garapen bidean murgilduta daudenek: oso azkar hitz egitea, bihotz-taupaden abiadura azkarra, izerdia… Bestetik, izozte sentsazioak aipatu izan dira, ahotsean ere aldaketa ekartzen dutenak. Eta, hain zuzen ere, jarreraren dimentsioan blokeoak topatzen ditugu. Bai, dakiguna, esateko duguna, buruan dugun ordena iristezin bilakatu eta ezin iritsi ahotsa hartzera. Eta ihesa, jarrera bezala. Zenbatetan egin diogu izkin zerbait aurkezteari edo bozeramaile lana egiteari, jendaurreko egoera hori saihesteko?

Zerbait baretzen da aretoan beldurrez hitz egiten dugunean, lekua eta izena ematen diogunean, izendatzen dugunean. Ez ditu desagerrarazten, baina “beldurrekin egiten dugu bidea”, nire lehen coacha izan zen Juanfe Garciari entzun nion gisan. Gorputzetik emozioak aldatuz, gure pentsamendu mugatzaileekin lan eginez, eta praktikarekin jarrerak egokituz. Bidelagun ditugula, eta ahotsa eta plaza hartuz, gurea da mikroa, eta ez beldurrena.

Beldurra
Beldurra | Argazkia: Aran Erasun