Benetako curriculuma pertsonez osatuta dago

Nire ibilbidea benetan azaltzen duena ez da nire bizitzan zehar bete ditudan kargu profesionalen zerrenda, are gutxiago enkarguak egin dizkidan enpresa eta erakundearen izena edota lanpetuta izan nauen proiektuen zerrenda. Nire benetako curriculuma ekintza ezberdinak egin ditudan pertsonekin dudan harremanak osatzen du; zerbait irakatsi didan jendearen izena dago bertan, egiaz bizitzeko zortea izan dudan topaketa bakoitzarekin batera.

Baliteke bi pertsonak gradu bera unibertsitate berean ikasi izana, baina aldea dago irakasle batek edo besteak, bietako nork hunkitu duen bakoitza. Baliteke enpresa berean lan egin izana, baina hemen ere aldea bakoitzak izan dituen lankideen eta nagusien araberakoa da. Etapa probetxugarri baten eta etapa beldurgarri baten arteko aldeak lotura handiagoa du norbere inguruko pertsonekin, enpresaren erronkarekin edo logotipoarekin baino. Bizitza osoan enpresa bakar batean lan egin duen jendea dago, baina, aldiz, bospasei pertsonek markatu dute bere ibilbide hori. Aitzitik, bada beti pertsona berarekin lan egin eta bizpahiru enpresatan pertsona berak lagundu duenik ere.

Harreman pertsonal askok lagundu digute dugun maila profesionala lortzen, eta alderantziz, harreman profesional askok bultzatu gaituzte garen bezalakoak izatera. Baina, hori horrela izanda ere, curriculum profesional bat idazterako unean ez zaigu burutik pasatzen maiteminduta ote gauden jartzerik, etxean norekin bizi garen aipatzerik, gurasoengandik ikasi ditugunak zerrendatzerik edota liburuak gomendatzen dizkigun osabaren izena esaterik. Harrigarria bada ere, gai gara horri guztiari muzin egiten dion dokumentu bat osatu eta karguen eta enpresen izenez betetzeko, pertsonez ezer aipatu gabe.

Jende askok ikasi du historia, baina nik Anna Maria Garcia, Josep Maria Nolla eta Narcis Solerrekin ikasi nuen. Jende asko joan da indusketa arkeologikoetara, baina nik Enriqueta Ponsen eta Javier Nietoren konfiantzari esker ekin nion jarduerari, Eudald Carbonell eta Rafael Morarekin zerua ukitzeko. Montserrat Balaguerok eta Iñaki Nuñezek irakatsitako guztiari esker igaro nintzen arkeologo izatetik informatikari izatera. Eta unibertsitate bat asmatzeko ordua iritsi zenean, dena posible izan zen, han baitzegoen Gabriel Ferrate, Xavier Aragay eta Francesc Noguerarekin batera. Alfons Cornellak oinak lurrean izaten irakatsi zidan, eta Josep Salvatellak enpresa egiten eta enpresari izateak atzean duen guztia ulertzen. Eta orain Jordi Herreruela, Enric Jove, Josep Maria Martorell dauzkat... eta beste plano batean, Josep Maria Esquirol.

Kontua da nire curriculum formalak enpresen eta erakundeen zerrenda bat duela, baina ariketa hau eginez jakin dut nire benetako curriculuma pertsona kopuru askoz ere luzeago eta interesgarriago batek osatzen duela. Batzuk oso ezagunak eta beste batzuk ez hain ezagunak, baina denak garrantzitsuak eta nire garapenerako erabakigarriak. Inoiz egin gabeko ariketa da, uste baino gehiago kosta zaidana. Hemen izen batzuk idatzi ditut, baina gero eta izen gehiago gehitzen dihardut, eta orain zerrenda luzeegia daukat hemen idazteko. Lotsa ematen dit izen batzuk ahaztuak nituela onartzeak, eta beste batzuk, berriz, uste baino gehiago markatu nindutela ohartzen naiz orain. Uste baino zerrenda luzeagoa osatu dut, eta errespetuz eta esker onez irakurtzen ari naiz. Irakurri eta gauza asko azaltzen dizkit. Irakurri eta askoz gehiago identifikatzen naiz horrekin, aurkezten nautenean errezitatzeko ohitura duten logotipo eta karguen segidarekin baino. Naizen bezalakoa naiz pertsona horiengatik guztiengatik. Ni beraiengatik naiz, eta ez topo egin dugun enpresengatik.

Zer da curriculum bat? Izan ditudan topaketen multzoa.

Zer da biografia bat? Izan ditudan topaketa horien narrazioa.

Artikulu hau VIA Empresa hedabiderako idatzi da originalki El veritable currículum de les persones són les persones izenburupean, eta bertatik itzuli eta egokitu da.

 
 

 

 

Gaurko nabarmenduak
irakurrienaK