Benetako jasangarritasuna

Azken urtetan bezala, neguko hilabete hauetan Donostiako International Physics Centerrek (DIPC), Euskadiko Filmategiak eta Donostiako Zinemaldiak Zinema eta Zientzia zikloa antolatu dute, zineman zientziarekin zerikusia duten hainbat gai nola jorratu diren bistaratzeko eta, filmaren proiekzioaren ostean, ikuslegoaren eta aditu baten arteko elkarrizketarako tarte bat emanez. Maitasuna ardatz bezala edukiko duen ziklo batean, Coppolaren Dracula, Annauden Arrosaren Izena edo Demmeren Philadelphia ikusteko aukera dugu. Maitasuna, noski, zentzu zabal batean hartuta: zientziarekiko, egiarekiko, familiarekiko, besteekiko. Maitasun espiritualak eta obsesiboak ere jorratuko dira. Eta nostalgia, noski: iraganean galdutakoarekiko den maitasun samin eta mingarri hori.

Orain dela pare bat aste, nostalgia hori sinbolizatu nahi zuen filma ikusteko aukera eduki nuen: 1973ko Fleischerren Soylent Green pelikula. Bertan, 2022ean 40.000 milioi biztanle bizi dira gure planetan pilaturik, eta guztiak elikatzeko Soylent enpresak elikagai sintetikoak ekoizten ditu. Barazkiak, fruituak eta haragia adineko pertsonek bakarrik gogoratzen dituzten luxuzko salgaiak dira, —aberats— gutxi batzuentzat eskuragarri. Errealitate distopiko horrek aukera eman zuen, proiekzioaren osteko elkarrizketan, gure etxeko sukaldeetatik geroz eta gertuago dauden eta laborategietan ekoiztuko diren elikagai berri horien inguruan hitz egiteko haragi sintetikoaren ekoizpenean jarduten duen start-up bateko arduradun batekin. Berak gaur egungo elikadura sistemak —eta bereziki, abeltzaintza intentsiboak— sortutako ingurumen arazoak —negutegi efektua sortzen duten gasen isurketa, basoen deusezpena, eta ur eta zoruen kutsadura, kasu— azaldu zituen, eta, horren aurrean, bioteknologia aurkeztu zuen elikadura jasangarri bat bermatzeko alternatiba nagusi bezala. Bere esanetan, laster edukiko ditugu gure supermerkatuko linealetan kilometro zeroko (Donostian kokatuko baita bere lantegia) aminoazidoetako kultiboetan hazitako xerrak eta hanburgesak, denontzat eskuragarriak, merkeak, osasuntsuak eta… jasangarriak.

Jasangarritasunaren aurkako liburua atera berri du Andreu Escriva aktibista eta dibulgatzaile valentziarrak. Hitz hutsa eta gaiztotua bihurtu dela dio. Ez nago ados. Inoiz baino beharrezkoagoa dela uste dut nik. Beharrezkoa da ekimenen benetako jasangarritasuna aztertzea, ahaztu gabe beti jasangarritasunak ez duela dimentsio bakarra. Bideragarritasun ekonomikoaren logika beti daukagu aurrez aurre, eta hori kontuan hartuz, jasangarritasuna ingurumenarekiko arduraren baliokide bezala hartu dugu. Aitzitik, jasangarritasunaren dimentsio soziala askotan ahaztu egiten da. Jasangarritzat jo genezake modu estentsiboan (eta natura errespetatuz) lan egiten duten hainbat abeltzain txikiren desagerpena ekarriko lukeen haragi sintetikoaren hedapena? Jasangarria al da enpresa gutxiren artean ekoizpena kontzentratuko lukeen eredu baten nagusitasuna?

Naturak gure jarduera ekonomikoei finkatzen dizkien mugak geroz eta nabarmenagoak ditugun arren, gizadien etorkizunak ere eskatuko du gure jardueren inpaktu soziala kontuan hartzea. Horretan datza benetako jasangarritasuna.

Gaurko nabarmenduak
irakurrienaK