Kazetaria eta komunikazio-aholkularia

Berandu eta garaiz

2025eko abenduaren 16a
Pilar Kaltzada Gonzalez

Urte amaierako egun hauek aztoratu samar bizi ditut. Agendak itxi behar dira, balantzeak onartu, proiektuak biribildu eta hitzorduak jarri. Non, ordea? Erlojua begiratzen dut eta badakit ez naizela iritsiko berehala itxiko duen dendara eta damutu zait jada maite dudan horrekin hartuko ez dudan kafea. Dena da premiazkoa, hil ala bizikoa. Hala dirudi, behintzat. Itxuraz urgente eta benetan urgentea dena bereizteko gaitasuna galtzeari beldurra diot.

 

Aldaketa klimatikoak ez du ordutegi komertzialik. Ez du zortzietan ixten. Ez du Gabonak direlako atzerapenik edo luzapenik emango. Eta hala dela jakin arren, urruti dakusagun etorkizunean traba egingo digun zerbait bezala kudeatzen (edo ez kudeatzen) jarraitzen dugu, urtarrilerako utz daitekeen zeregina karpeta bat balitz bezala. Arazoa ez da denbora agortzen ari zaigula: arazoa da ez zaigula axola.

Parisko Akordioa sinatu zenetik hamar urte igaro dira, eta emisio globalek gora egiten jarraitzen dute. Ez dira lehertu, baina ez dugu behar adina biratzea lortu. Ikaratuta gaude? Ez. Lasai? Ezta ere. Trantsizioa baino gehiago, inertzia nagusitu da. Hamar urte igaro dira ordura arteko konpromisorik zorrotzena hartu genuenetik, baina izan gaitezen zintzoak: bagenekien ez ginela betetzera iritsiko. Paris ez zen helburu errealista bat, partekatutako horizonte bat baizik. Eduardo Galeanok esan zuen moduan, utopiak ibiltzeko balio du. Arazoa ez da ez iritsi izana, behar beste ez ibili izana, horizontea kartel apaingarri batekin nahastu izana baizik. Paris aurrera egiteko zen, ez lasaitzeko.

 

Paradoxa honetan bizi gara: trantsizio berdeaz hitz egiten dugun bitartean, atzerapenak, salbuespenak eta “aldi baterako” luzamenduak irristatzen dira. Beti dago apur bat moteltzeko arrazoiren bat: lehiakortasuna, testuinguru geopolitikoa, gizartearen nekea, hauteskundeak. Trantsizioa errealismoaren izenean atzeratzen da, atmosferaren fisika Bruselan negoziatuko balitz bezala. Dilema ez da urgentzia ala itxaropenaren artekoa, kontraesanak dituen bidean aurrera egitea ala paralisi dotorearen artekoa baizik.

Premia klimatikoak ez du alarma ozenik pizten, isuri geldo baten modukoa da. Ez du irudi ikusgarririk sortzen eguneroko titularrak idazteko, baina ongi dakigu ekoizpen-sistemetan, hornikuntza-kateetan, elikagaien prezioan, aseguruetan, uraren eskuragarritasunean eta abar luzean sartu dela barru-barruraino. Aldaketa klimatikoa etorkizuneko hondamendia ez ezik, egungo arrisku operatiboa ere bada. Eta hori beren erabakiak irizpide ekonomikoen gainean hartzen dituztenentzat hizkuntza ulergarria izan beharko litzateke.

Enpresak ez dira ikusle hutsak, ezta albo-kalteak ere: trantsizioa azkartzeko edo geldotzeko gaitasun erreala duten eragileak dira. Askok jadanik aktibatu dute gaitasun hori, dela konpromisoagatik, dela logika estrategiko hutsagatik. Nola uler daiteke bere bideragarritasuna serio hartzen duen erakunde batek ez kudeatzea klima-larrialdia, bere kostuak, merkatuak, araudiak eta gizarte-itxaropenak zeharo aldatuko dituen joera estrukturala dela jakinda? Klima oraindik ere sarri irudi-kontu gisa tratatzen da, baina dagoeneko gobernantza-, inbertsio- eta epe ertaineko biziraupen-auzia da.

Albiste txarra ezaguna da: denbora galdu dugu. Asko, eta denbora hori ez da berreskuratuko diskurtsoekin edo tipografia ederraz idatziko ditugun 2050erako helburuekin. Albiste ona ez da hain agerikoa, baina hor badago: oraindik aukera dugu erabakiak hartzeko. Ez inpaktu guztiak saihesteko, baina kolapso desordenatua ekiditeko garaiz gaude. Ez irabazteko, baizik eta gutxiago galtzeko eta hobeto banatzeko aukera dugu.

Aldi honek lidergoa eskatzen du, politikoa (noski), eta baita enpresariala ere. Kostu gehigarriak ulertzeko, erabaki deserosoak azaltzeko eta txalo azkarraren bermerik gabe inbertitzeko kuraia duen lidergoa. Etorkizuneko abantaila lehiakorra ez da trantsizioari ihes egitea, bide malkartsu horretan lehenago, hobeto eta adimen kolektibo handiagoz zeharkatzeko gaitasunean baizik.

Europa berandu iristen ari da, bai. Baina industria, ezagutza, arautzeko gaitasuna eta nekatuta egon arren inozoak ez diren herritarrak hor daude. Kontraesana dirudi, baina ez da: denbora galtzea ez dugu penalizatzen, baina badakigu hau ez dela eztabaida berde, ideologiko edo abstraktua: ezinbesteko urrats ukigarri eta materiala da.

Urteko azken aste hauek kontuak ixteko baino gehiagorako balio dezakete, besteak beste, egia deserosoa onartzeko: berandu gabiltza. Aldaketa klimatikoak ez ditu ordutegiak ulertzen, baina gurea berriz pentsatzera behartzen gaitu. Denbora urria denean —bizitzan, enpresan, politikan— erabaki txiki guztiek pisu handia dute.

Garaiz gaude, ez den-dena egiteko, baina bai garrantzitsua ziurtatzeko. Ez dugu erlojua begiratu behar noiz iritsiko garen ikusteko, geratzen zaigun denborarekin zer egingo dugun erabakitzeko baizik.