Berrikuntza eta erregulazioa

Esaten da Estatu Batuek berritzen dutela, Txinak fabrikatzen duela, eta Europak arautzen duela. Baina ez nago guztiz ados baieztapen horrekin, erregulazioa, ekoizpena eta berrikuntza ez baitira kontrajarriak. Izan ere, badirudi espero baino puntu partekatu gehiago daudela: guztiek erregulatzen, berritzen eta fabrikatzen dute; baina bakoitzak bere erara egiten du. Eta topikoak sinpleegiak dira askoz konplexuagoa izaten den errealitatea ulertzeko.
Txina: barne-erregulazioaren paradisua

Txina: barne-erregulazioaren paradisua

Txinak besterik gabe fabrikatzen duela esatea azaleko irakurketa besterik ez da, herrialdea ezagutzen duen edonoren analisi serio bati eusten ez diona. Txinari buruz hitz egiterakoan ekoiztu baino egiten ez duen erraldoi gisa definitzea mugikorra soilik argazkiak egiteko ona dela esatea bezala da: erdizkako egia eta aukera galera. Txinak arautu egiten du, eta beste inork ez bezala egiten du. Aldea? Beren buruarekin besterik ez dutela ados jarri behar. Ez dituzte 27 herrialde, 23 hizkuntza ofizial (eta beste batzuk badaude, bost axola zaie), eta Batzorde bat adostasun perfektuaren bila.

Denek erregulatzen, berritzen eta fabrikatzen dute; baina bakoitzak bere erara egiten du

Araudi txinatarraren adibideak amaiezinak dira: arau drakoniarrak dituzte beren herrialdean sartzen diren produktuetarako (liburuak, filmak, kosmetikoak...), gazteen aisialdiko ordutegiak kontrolatzen dituzte BPGa eta eskoletako batez besteko notak konbinatzen dituzten irizpideetan oinarrituta (benetan gai al zarete horrelakorik irudikatzeko Europan edo Euskal Herrian?), Internet zentsuratzen dute Black Mirroreko kapitulu batentzako emango zukeen punturaino, eta aplikazioen mikro-ordainketak zehaztasun kirurgikoarekin arautzen dituzte. Txinak fabrikatzen duela esatea da marrazo batek igari besterik egiten ez duela esatea bezalakoa: arriskutsu bihurtzen duten gainontzeko aldagaiak baztertzen ditu baieztapenak.

Estatu Batuak: neurrira egindako erregulazioaren erresuma

Bitartean, Estatu Batuek ere arautzen dute, baina estilo propio batekin: ez diote "erregulazioa" deitzen; "lehia babestea" edo "askatasuna babestea" deitzen diote. Horren adibide da TikTok taldearen aurkako gurutzada. Txinari espioitza leporatzen dioten bitartean, protekzionismo teknologikoaren bertsio propioa aplikatzen ari dira. Erdieroaleen edo 5Gren aldeko gerrari buruz hitz egin gabe, abertzaletasun ekonomikoz mozorrotutako zigorren eta dirulaguntzen jaialdia baita.

Han, erregulazioa ez da oinarrizko eskubideei buruzko eztabaida filosofiko bat: beren enpresek merkatu globalean pistoirik galtzen ez dutela ziurtatzeko tresna pragmatiko bat da. Datuen kudeaketa da adibiderik onena: enpresa atzerritarra bazara, arauak betetzea eskatzen dizute, eta enpresa teknologikoak, berriz, Isabel Díaz Ayusori inbidia emango liokeen askatasunarekin mugitzen dira.

Europa: bizitza korapilatzeko artea

Eta orain sar gaitezen Europan, non erregulatzea ia kirol nazionala den. Inork ez du ezer ukitzen mundu guztia %100 ados ez badago. Txina arauen diktadura bat bada eta Estatu Batuak marketinaren jenioak badira, Europa betiereko adostasunaren hiriburua da. Aldea? Guk ez dugu soilik zer arau nahi ditugun erabaki behar: 27 herrialde jarri behar ditugu ados, lehentasunak, hizkuntzak, problematikak eta historia desberdinak dituztenak. Miraria da oraindik zerbait ondo egitea.

"Guk ez dugu soilik zer arau nahi ditugun erabaki behar: 27 herrialde ados jarri behar ditugu, lehentasunak, hizkuntzak, arazoak eta historia desberdinak dituztenak"

 

GDPR Datuak Babesteko Erregelamendu Orokorra, adibidez, Europaren arrakasta kasu ona da. Baina hain izan da arrakastatsua, cookien jakinarazpen bakoitza oinaze bat dela. Eta hori arazoaren isla da: Europak arautu egin nahi du babesteko, baina askotan burokrazia bat sortzen du, enpresak eta herritarrak itotzen dituena. Eta zergatik? Izan ere, ez dago irizpideak ezartzen dituen "gobernu zentralik"; dena da motela, astuna eta, askotan, inkongruentea. PowerPoint baten jarrita badirudi funtzionatzen duela, baina praktikan askoz zailagoa egiten zaigu dena.

Erregulazioei buruzko gogoeta

Diskurtso batzuen arazoa da tranpak egiten dituztela. Agian ez dute nahi adierazpen-askatasuna arautzea, produktu kaltegarriak gizakiengan esperimentatzea, deepfakeak edo ugalketa-ustiapena. Edo agian ez dute nahi alokairuak arautzea... eta ez, hori dagoeneko ondo doala! Kasualitatea, interesatzen zaiena ez arautzea besterik ez dute nahi.

"Si queremos regular algo, que sea el inmovilismo burocrático"

Erregulatzea ez da bateraezina berritzearekin; izan ere, funtsezko tresna da herritarrak kolektibo kalteberago baten interes indibidualetatik babesteko. Pentsa ezazue erregulazio aeroespazialean: erregulazio global bat izateak laguntzen du enpresek kontrol zorrotzak igaro ditzaten eta istripuetan heriotza gutxi izan daitezen. Niri iruditzen zait erregulazio horrek ez duela berrikuntza geldiarazten, eta erakusten du berrikuntzak egin daitezkeela eta oinarrizko eskubideak babestu aldi berean.

Ondorioa: mundua ez da hain sinplea

Mundua ez da kontrako blokeetan banatzen. Txinak erregulatu, berritu eta fabrikatu egiten du. Estatu Batuek ere bai. Eta Europak ahal duena egiten du, eta hori ez da gutxi. Agian bada garaia konpartimentu estankoetan pentsatzeari uzteko eta, azkenean, aktore guztiak gauza bera egiten saiatzen ari direla ulertzeko: gero eta lehiakorragoa den agertoki global batean garrantzitsuak izaten. Berritzea eta erregulatzea posible ez ezik, beharrezkoa ere bada. Arazoak adimenez identifikatzen baditugu eta arduraz jokatzen badugu, oreka aurki dezakegu aurrerapen teknologikoaren eta giza eskubideen babesaren artean. Hau da bidea. Hori ez egitea, besterik gabe, debekatuta egon beharko litzateke. Zerbait arautu nahi badugu, izan dadila immobilismo burokratikoa.

Artikulu hau VIA Empresa hedabiderako idatzi da, eta bertatik itzuli eta egokitu da. Hauxe artikulu originala.

Gaurko nabarmenduak
irakurrienaK