Berlingo Harresia pitzatu zen gauean bertan hasi omen zen horretaz pentsatzen, baina 1992. urtera arte ez zen argitaratu Francis Fukuyamaren Historiaren amaiera eta azken gizona. Sobietar Batasunaren erorikoa erabatekoa eta betirakoa zela defenditu zuen, eta horrekin, komunismoaren mamua behin eta betirako uxatuta, partida irabazita omen zuen demokraziak, edo zehatzago esanda, eredu kapitalista malgu samarrean oinarritutako demokrazia liberalak. "Bukatu da Historia" esan zuen, atzerabiderik ez zuen ordeka lasai eta atsegina irudikatzen zuen bitartean.
Gaur egun, ia topikoa da iragarpen hura zein okerra zen aldarrikatzea. Donald Trumpen itzulerarekin eta bere MAGA mugimenduarekin, Historiako liburuetan kapitulu gehigarri bat erantsi beharko dugu, aurrekoetakoen antz handi-handia duena, lehendik ikusitako joera asko muturrera eramatean oinarritzen den "aroa" iragarri baitute Etxe Zuriko maizter berriek. Bukatu da, orain bai, Historia?
Joseph Stiglitz ekonomialari eta analista ospetsuak galderari beste galdera batez erantzun dio, Historiarena baino, "garapenaren amaiera" ez ote den itaunduta, Historian zehar aurrerabide zabala eta sendoa ahalbidetu duten balioak jokoan eta arriskuan ikusten ditu eta.
Mendez mende aurrera egin du denborak, baina ez beti progresoa edo garapena. XIV. mendeko eta XVI. mendeko bizi-baldintzak (gaitasunak, ondasunak, itxaropenak) erabat antzekoak izan ziren. Stiglitzen arabera, gehienok ziurtzat eta ia bermatutzat jotzen dugu aurrerapena balio zehatz batzuetan oinarritutako gizarte- eta garapen-eredu baten gainean baino ez zen gertatu, eta ez Historiak pilaturiko inertziaz. Ilustrazioa eta Industria Iraultza jazo arte, garapena ez zegoen bermatuta eta beraz, garai horren ezaugarrien oinordekoa da. Garapena gerta dadin, zientziaren metodoa —hots, iluntasunaren gainean ebidentzia zientifikoa jartzen duena—, lankidetza eta ezagutza partekatuko sareak izatea ezinbestekoa da. Zimendu horiek dira MAGA mugimenduko idearioaren eraispen-bolaren penduluak arriskuan jar ditzakeenak, besteak beste.
Herrialdeek aurrera egiteko behar dituzten pizgarriak zerrendatzeko orduan ez gara, agian, ados jarriko, baina garapen integrala bermatzen duten faktoreak zerrendatzeko adostasuna handiagoa izango dela uste dut. Herritarren zati handi batek hezkuntza, osasun eta elikadura gabeziak baditu, nekez egingo du aurrera delako herrialdeak eta hori, hain zuzen ere, inbertsio-publikoaren bidez baino ezin da bermatu. Interes partikularrek lukurreriaren alde egin ohi dutelako eta giza-eskubideak bermatu egin behar direlako, apetaren esku utzi gabe. Trumpek eta oligarken taldeak beren aurrekontua ahalik eta gehien murrizteko konpromisoa hartu dute.
Geure garaian, geuri gertatzen zaiguna aparta, originala eta errepikaezina dela pentsatu ohi dugu. Hala ere, definizioz aurreikusi ezin ditugun salbuespenetan izan ezik, historian zehar gertatu diren beste aurrerapen, krisi, apustu edota zorigaitz batzuen produktu eboluzionatu bat baino ez da bizi dugun errealitatea. Agian hortik Apokalipsia iragartzen digun enegarren profeziaren aurrean erreakzionatzen saia gaitezke.
Lehendik ere, teknologiaren aurrerapenek geure burua suntsitzeko bidea eman digute eta hori saihestu ahal izan dugu (neurriren baten, bederen) aldeanitzeko nazioarteko joko-arauak ezarrita. Historia ez da amaitu, baina ez dakigu nola jarraitzen duen kontakizunak.