Berriro idatzi? Berriro pentsatu

Roald Dahl idazlearen inguruan sortu den hika-mikaz zer iritzi dudan galdetu zidan aurrekoan adiskide batek. Ez zidan haren lanaz galdetu, haren lana eguneratzen ari direla jakin denean sortu den iritzi-andari buruz baizik. Dahl zein zen ere ez nuen une horretan gogoratu, ahalik eta Charlie eta txokolate-lantegia edo Charlie eta txokolate fabrika (euskaraz bietara emanda dugu) gogoangarriaren egilea zela esan zidan arte. Haur eta gazte-literaturaren harribitxia da, dudarik gabe, baina aitortu behar dut hura irakurri nuenerako jadanik ez nintzela ez haur ezta gaztea ere. Augustus Gloop ez da potoloa izango handikotea baizik, eta Afrikako hizkuntza arraroa aipatzen den tokian, arraro (weird) hitza ezabatu dute. Berdin eroa berba ere, osasun mentalaren estigmatizazioa saihesteko. Dahlen editoreek eduki iraingarria berridatzi nahi zuten, baina hainbestekoa izan da polemika ezen atzera egin duten eta orrazketa minimo bat baino ez dutela egingo iragarri dute.

Garai bateko literatura-lana gaur egungo kulturara egokitu behar da? Beti? Eta beti ez bada, zein kasu zehatzetan? Nola erabakiko dugu (edo nork erabakiko du?) zer den onargarri edo zer den irakurle berrien begietara iristea merezi duen dena delakoa? Beste ikuspegi batetik begiratuta, ordea, bestelakoa izan zitezkeen galderak; adibidez: iraingarriak diren ideiak bere horretan pasa behar dira, belaunez belaun, soilik garai baten usu eta normal zirelako? Nola jokatu behar dugu iraganarekin?

Deserosoa zaigun elkarrizketa bat da, “alde edo kontra” erantzun binarioak lehenetsi dituen giro zoro honek zirrikituak itxi dizkiolako eztabaidari.

Deseroso sentiarazten zaituen egoera baten zer egin asmatzea da, nire uste apalean, eskuratzen zailen den gaitasun soziala. Askok atzera egiten dute (egiten dugu) iritzi batek edo jarrera batek marruskadurak sor ditzaketela uste dugunean, armonia lehenetsiz zuzentasunaren aurrean. Beste askok azken muturreraino eramaten dute (eramaten dugu) delako jarrera edo iritzia hala behar dela uste dutenean, eta ia beti armonia edo erosotasunaren kaltetan. Hirugarren kategorian, berriz, deserosoa denari bizkar ematearekin erantzuten dutenak (dugunak) daude. Denok egon gara, gaude edo egongo gara noizbait hiru aukeretako batean, edo hiruetan aldi berean.

Ez dakit testu zaharrak berriro idatzi behar diren, baina ideia zaharrak berriro pentsatu behar ditugula argi ikusten dut. Testu guztiek, izan ere, ingurune bikoitza dute ulertuak izateko, gozatuak izateko, zerbaiterako tresna izateko: sortu zutenekoa batetik, eta testua irakurtzen denekoa, bestetik. Lehena zen bezalakoa izan zen, bere argi-eta itzal guztiekin, baina oraingo hau guk nahi dugun bezalakoa izan daitekeela ahaztu edo egin dugula ematen du.

Aurreko belaunaldiek ez bezala, aukera dugu den-dena eztabaian jartzeko, baina ez gara ausartzen. Historia osoan ez da hau bezalako unerik izan. Inoizko herritar jantzienak gara (batezbestekoez ari naiz, noski), informazioaren pribilegioak gutxiagotu dituen teknologiari esker. Paradoxikoki, informazioa demokratizatu egin dugun garaian, iritziaren diktadura ezarri diogu gure buruari.

Gaurko nabarmenduak
irakurrienaK