• IRITZIA
  • Berrogei urteko itxaronaldia

Berrogei urteko itxaronaldia

2025eko maiatzaren 14a
Eg. 2025eko maiatzaren 14a
josu uriguen

Espainiako Auzitegi Gorenak aurtengo martxoko epai batetan, elkartasun grebei buruzko doktrina berretsi du. Aztertutako kasuan langile baten diziplinazko kaleratzearen ondoren, langileen batzordeak langile guztien enplegua defendatzeko eta enpresa zuzendaritzaren erasoen aurkako mobilizazioak sustatzeko greba deia egin zuen.

 

Enpresak helegitea aurkeztu eta greba legez kanpokotzat jotzeko eskatu zuen, "elkartasun-greba" bat zelako, greba mota hau debekatuta egonik.

Auzitegi Gorenak gogorarazi du beste baten interesekiko elkartasunak ez dakarrela, berez, greba legez kanpokoa denik, deialdia egin duen kolektiboaren beste interesik badago. Kasu horretan, langilearen kaleratzea gatazka-testuinguru zabalago batean kokatzen delarik, hala nola aldi baterako ezintasun-egoeran edo oporretan dauden langileen ordezkapenetan. Baina, gaineratu du kaleratutako langileari elkartasuna adierazteko edo babesa emateko greba izango balitz ere, ezin izango litzatekeela greba legez kanpokoa dela ondorioztatu, langilearen kaleratzeak lanpostuen defentsarako interes kolektiboa dakarrelako.

 

Epai guztien moduan, araua interpretatu ostean, epaileek euren erabakia hartzen dute. Baina greben kasuan, bitxiki, araua Konstituzioa baino lehenagokoa da. Hain zuzen ere, 17/1977 Legegintza Errege Dekretua. Eta horrekin batera, Konstituzio Auzitegiak 1981eko Apirilak 8ko epaia (Naranjito baino lehenagokoa!) arauaren zein agindu ez diren Konstituzioarekin bateragarriak zehazten dituena.

Behin behineko erregulaziotzat hartu bazen ere, ordutik hona ez da inolako lege aldaketarik egon eta auzitegiak izan dira greba eskubide horren erabilera kasu zehatz bakoitzaren beharretara egokitzeko interpretazio-irizpideak hainbat ebazpenetan zehaztuz joan direnak.

Operadore juridiko askoren ustetan guztiz beharrezkoa da grebaren lege organiko bat, greba legalak eta legearen kontrakoak ondo bereizteko. Bereizgarri hori ez da txantxetakoa, kontutan hartzen bada zeintzuk izan daitezkeen ondorioak bigarrenaren kasuan: bidezko kaleratzeak, kalteordainak ordaindu beharra...

Era berean, gutxiengo zerbitzuen erregulazio zehatzago bat beharko litzateke, segurtasun juridikoa lortzeko.

Dena den, ia berrogei urtetan ez da egon gaiari ekiteko gogoa izan duen legegilerik. Antza, ikuspuntu politiko batetik, erreforma horri ekiteak benetako Pandora kutxa bat irekitzea ekarriko luke, eta hortik interes handiak sortuko lirateke, dagoena mantentzeko edo aldatzeko eta horrek gatazka sozial berri baten hasiera ekar lezake.

Bitartean, lan zuzenbidean aritzen garenak, betiko moduan, itxaroten.