Beste behin ikusi dugu auzolana, zorionez

Astea hasi dugu hondamendiaren muinean edertasuna sortzeko ahalmenaren lekukotza jasoz: Bera eta Lesakako kaleak, txikituta, lokatzez lepo, eta herritarrak kaleetan, lanean. Erran.eus hedabidean argitaratu diren argazkietan ikusi ditugu adin guztietako gizon-emakumeak, erratzak, eskuareak, orgak, sardeak eskuetan, auzolanean, kaltetutako espazio publikoak zein pribatuak garbitzen. Argazkietako batean mahai bat ere azaltzen da, kalean, etxe bateko eskaratzaren ondoan, lanean dabilen jendez inguratuta, guztiak txorizo eta patata tortilla pintxoak prestatzen. Lanean dabilen auzokoari jaten emateko, auzokoak lanean. Hondamendiaren gainetik, herritarrak protagonistatzat dituen irudi indartsu eta eredugarria transmititu dute Bortzirietako bizilagunek. Alkateek aitortza egin diote herritarren auzolanari eta emozioz eskertu dute herritarren autoantolaketa.

Ez da hau, baina, maiatzeko euri jasa bat-batekoak Euskal Herrian ekarri digun auzolaneko adibide bakarra. Hilaren 14ean Senperen ospatu behar zuen Herri Urrats jaia guztiz zapuztuta geratu zen bezperako euriek sortutako egoerarengatik. Iparraldeko ikastolek jai honetatik ateratako diruaz duten premiaz jakitun, milaka herritarrek, ipar eta hego, erantzun diote antolaketaren deiari, auzolanean, diru ekarpenak eginez eta bertako materiala erosiz.

Auzolana gurean kontzeptu zaharra eta aski errotua da, sarritan, esan beharra dago, guztiz desitxuratu dena bere aterkipean bizikideen arteko lanaz besteko esanahiak sartu nahi izan direnean. Baina gatozen auzolan jatorrizkora, inguruan lan bat elkarrekin egiteko beren burua antolatzen duten herritarren ahaleginera. Gaur egungo gizartera iritsi arte, auzolanak modu asko eta desberdinak hartu dituen arren, funtsean herritarrak saretuta lan egitea du oinarri. Izango da langintza jakin bat eginez, izango da diru kopuru bat ekarriz, betiere komunitate barruko elkartasunerako eta berdinen arteko antolaketaren bitartez. Ehunka dira auzolanean eraikitakoak: hasi euskararen munduan, ikastolak, gau eskolak, euskara elkarteak, egunkariak, hedabideak; jite desberdineko herri mugimenduetan; ingurumenaren zaintzan, erreka garbiketak, baso zaintzak, zuhaitz landaketak; jai eta aisialdian, auzoetako festak, udalekuak, jaialdi desberdinak… Horiek adibide gutxi batzuk baino ez ematearren.

Komunitate eraikitzailea da auzolana, konfiantzazko harremanak sorraraztekoa, herritarra proiektu handiago baten parte sentiarazten duena. Gizarte kohesionatua sortzen du zeinetan herritarra parte sentituko den, ahaldudunta sentitutko den bere indarra, ahalegina eta parte hartzeak gizarteari mesede egingo diotela guztiz sinestun. Kontuz, baina: auzolana ez da bakar-bakarrik herritarrei dagokien lan bat, baizik eta ondo saretuta, eragile desberdinekin jorratu beharko dena, gaurko ekonomian, maiz merkatuarekin ere. Zeren Gizarte Segurantzatik eta Ogasunetik pasatzen ez den ekonomia solidario honek ezin du erakundeei bizkar emanda iraun. Erakunde publikoak, neurri handi batean behetik gora eta jatorrian auzolanean sortutakoak, auzolana bideratzeko baldintza egokiak landu behar dituzte, parte hartzeko bideak ireki, eta baliabideak eman auzolanean diharduenari. Eta jakina erakundeei dagokie auzoalanaren esku bakarrik ez uztea erakunde publikoetatik diruz hornitu beharrekoa, eta, funtsean, auzolaneko lana eta enplegua desberdintzea. Zergak ere, ez ahaztu, herritarrok auzolanean ordaintzen ditugulako.

Gaurko nabarmenduak
irakurrienaK