Beste bideren bat

Gazan gertatzen ari denaz idatzi nahiko nuke, baina hau ekonomiaz eta enpresa-munduaz diharduen egunkari bat da. Nola uztartu? Erraza zatekeen konfliktoen negozio irudikaezinez idaztea, adibidez, edota gerrak iraunaraztea helburu duten enpresez, edota gerraren inguru-marian, profesionalak izan gabe, egundoko dirutzak egiten dituztenak hilotzak non pilatuko dituzten bi aldiz pentsatu gabe. Erraza zatekeen, eta Gazan gertatzen ari den basakeriak ertz horiek eta beste hamaikatxo ukitzeko egokiera ematen du. Baina berrikuntzaz idatziko dut, enpresa-hiztegian gailendu den hitz horretaz, politika ekonomiko orotan behin eta berriro, nekatu gabe, azpimarratzen den berrikuntzaz.

Gaza setiatuta dago. Goseak eta egarriak akabatuko dituzte bertakoak bonbek, dronek edo metrailak egiten ez badute. Edo hotzak eta euriak hil egingo ditu, edo sendabidea duen gaitzen batek, nork edo non sendaturik ez delako bertan. Edo dena batera gertatuko da.

Setioa ezarri den bezala altxa zitekeen, huraxe zatekeen, gaur gaurkoz, drama arintzeko modu bakarra, eta horregatik, su-eten erabatekoa eta giza-laguntzaren lurreko sarbide seguru eta jarraia eskatzen ari da munduaren erdia —beste erdiak, egitez edo ez-egitez, piperrik ez diola axola erakusten duen bitartean—. Mugako pasabideak harresi bihurtu dira eta atari-atarian zain daude, sarbidea noiz irekiko, laguntza humanitarioa helaraziko duten erakundeak, noizbait gertatuko delakoan behintzat. Eta itxaronaldia noiz amaituko elkarri galdetzen dioten bitartean, Open Arms eta World Central Kitchen erakundeek 200 tona elikagai lurrera eramatea lortu dute kostaldetik. Itsasontzia bertaraino gerturatzea baztertuta (Israelek aspaldi suntsitu baitzuen neurri horretako ontzi bat har lezakeen portu bakarra),  erdi bideko garraio-katea sortu behar izan dute, puzgarri moduko euskarrien bidez.

2005etik Gazara laguntza humanitarioa iristen den lehen aldia izan da.

Garaipen pirrikoa da, eta ongi dakigu ez dela irtenbidea, baina ikaspen handia da, erakusten digulako gaindiezinak diruditen ateak ireki egin daitezkeela “business as usual” edo “betiko moduak” baztertzen ditugunean, arazoari kanpotik begiratzen zaionean arriskatzeari beldurrik izan gabe.

Aldaketaren teorikoek dioten bezala, beharra edo desesperazioa dira aldaketaren gurasoak. Gauzak betidanik egin izan ditugun bezala egiteari utzi behar dugula esan eta entzuten dugu etengabe arlo guztietan, baina gure berezkotasunaren kontra dago. Aldaketa nahi dugula esaten dugu, baina aldatzea kosta egiten zaigu.

Berrikuntza ez da gauzak beste modu batez egitetik harago doa: gauzak desberdinak modu desberdin batez egiteko ausardia izan eta arriskua hartzea da.

Ezinezkoa ez bada, zerbait egiteko moduren bat egongo dela pentsatzea lehen urratsa izan daiteke. Gazan atzerabiderik eta beste biderik ez dagoen unera aspaldi iritsi ziren. Logistika eta planifikazio ariketa ausarta egin duten bi erakundeek ez dute soluzio erabatekorik lortu, ezta irtenbiderik zentzuzkoena ere, baina zerbait desberdin egin daitekeela erakutsi dute.

Gaurko nabarmenduak
irakurrienaK